«Gurea kasu paradigmatiko bat da; inondik inora ez bakarra»

'Bateragune auzia' behin betiko itxita, «poza» hartu dute auzipetu ohiek, haien hasierako kontakizuna indartzen baitu Espainiako Auzitegi Gorenaren sententziak. Kalteak, ordea, «konpentsaezinak» dira.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Oporren atarian harrapatu ditu Espainiako Auzitegi Gorenaren azken sententziak, baina ez diote uko egin, halere, BERRIArekin elkartzeari. Arkaitz Rodriguezek (Donostia, 1979) eta Miren Zabaletak (Iruñea, 1981) «pozez» hartu dute Bateragune auziaren behin betiko itxiera; izan ere, haien hitzetan, «arrazoia» zutela berretsi die. Ez da dohainik izan, ordea: Sonia Jacintok bezala, seina urte egin zituzten biek espetxean, 2009tik 2015era, eta Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek, seina urte eta erdi. Zabaletak ez du damurik egindako bideaz: «Berriro ere egitea tokatuko balitzaigu egin genuena, gauza bera egingo genuke». Espainiako Estatua «biluztearen satisfazioa» du Rodriguezek: «Jakin badakit ez dizkigutela itzuliko lapurtutako sei urte horiek, baina estatua beste behin ere biluzteak ez dauka preziorik». Burua etorkizunean, gibelera begiratzeko baliatu dute solasaldia.

[Youtube]https://youtu.be/-xVReWeBXIg[/Youtube]

ATXILOKETAK

2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten Rodriguez eta Zabaleta, ezker abertzaleko bertze zortzi kiderekin batera. «Unearen garrantzia» du gogoan Zabaletak: «Ezker abertzalea estrategia aldaketaren eztabaidan murgilduta zegoen, eta saiatu ziren estatu operazio baten bidez estrategia aldaketa hori galarazten, zinez inportantea zen momentu batean». Operazioa «presaz» egin zutela oroitu du Zabaletak; Rodriguezek, ez zutela «lortu» nahi zutena: «Zorionez, berandu egin zuten operazioa, ordurako banatua baitzegoen txosten famatu hura, eztabaidaren oinarria izan zena. Ezin izan zuten galarazi eztabaida hori egin zedin eta eztabaida horren ondorioz erabaki hori har zezan ezker abertzaleak». Rodriguezen hitzetan, funtsean, ez zuten lortu «bakea galaraztea». «Justu guk eztabaidarako oinarria izan nahi zuen txostena sarean jarri, herrietara bideratu, eta ordu erdi eskasera sartu ziren». Haien bila. 

«EGIA ETA GEZURRA»

«Kontakizunen borroka» hasi zen orduan, Zabaletak gogoratu duenez. «Estatuak hasieran mahai gainean jarri zuen estrategia aldaketa gezurra zela zioen kontakizuna: La tregua trampa. Alegia, gezurra zela ezker abertzalea agertoki berri bat irekitzeko lanean ari zela». Haiek kontrakoa adierazi zuten 2011n hasi eta bukatu zen epaiketan. «Egin zuten bataila bat denboraren kontra beren kontakizuna ezartzen saiatzeko eta herri honetan jokaleku berri hori erdiesteko ezintasuna izan genezan». Zortzi eta hamar urte arteko zigorrak jarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionalak 2011ko irailean, Batasunako Mahai Nazionala berreraikitzea eta ETAren esanetara aritzea leporatuta; Otegiri eta Diezi, ETAko buruzagi izatea ere bai. 2012an, Espainiako Auzitegi Gorenak ia osorik berretsi zuen epaia, baina ETAko buruzagi izatearen akusazioa kendu zien Otegiri eta Diezi, eta guztiei «erakunde terroristako» kide izatea leporatu zien: sei urte eta sei urte eta erdiko espetxe zigorrak. Rodriguezen ustez, «erabaki politiko bat» izan zen, «auzi honen oinarrian ez dagoelako arrazoi juridikorik»: «Horrek eraman zituen auzi hori azken ondorioetaraino pausatzera».

Tarte horretan jakinarazi zuen ETAk behin betiko etengo zuela jarduera armatua: 2011ko urriaren 20an. Rodriguezen ustez, euren kontakizuna indartzen zuen adierazpenak: «Denborak aurrera egin ahala oso nabarmen gelditu zen egiten ziguten akusazioa faltsua zela, eta are nabarmenago akusazio horrekin zer bilatzen zuten; gertatu zena izan zelako guk hasieratik esan genuen hori». Horregatik uste dute egin zutela ahalik eta azkarren epaiketa. «2012rako ja sostengagaitza zen fiskalaren eta Espainiaren tesia, baina operazio horren helburua zen, sinpleki, bakea galarazten saiatzea. Eta horrek frogatzen du, zoritxarrez, bakar batzuentzat inportanteena ez zela, esaten zuten bezala, ETAren biolentzia desagertzea eta horren bitartez bakea erdiestea».

Azkenerako euren kontakizuna nagusitzeak «satisfakzio handia» eman die biei: «Inork zalantzarik baldin bazuen, gaur egun jende guztiak dauka argi guk egia esan genuela hasieratik, eta estatuak gezurra». Espainiak, «gogoz kontra bada ere», bere burua «zuzendu» behar izan du, Rodriguezen hitzetan.

ESPETXEA

Sei urteak bete zituzten espetxean: osorik. Auzipetu guztien artean, guztira 31 urte. Orain Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu dituen 31 urte. Baina zigorrak jada beteta.

«Memoriak bere rola jokatzen du, eta orain urrutiago ikusten dut nik behintzat espetxea», dio Zabaletak. Baina presoez gogoratzen denean ekartzen du akordura, eta ongi gogoan du hango esperientzia «gogorra»: «Espetxea da ezlekua, deserria, ez-denbora, ez-lotura». Are gogorragoa da emakumeen egoera: «Ni egon nintzen bi urte eta erdi bakarrik, beste ezein euskal presoren kidetasunik gabe, eta hori izan zen segur aski tokatu zitzaidan gauzarik zailenetako bat». Maiz oroitzen da preso dauden euskal eta kataluniar emakumeez, «haiek ere, gizonak ez bezala, bakarrik daudelako».

«Eskola» bat ere izan da kartzela Rodriguezentzat, hango denbora irakurtzeko eta formatzeko erabili izan duelako, bertzeak bertze. Onartu du, halere, «normalizatu» egiten duela preso egon izana, sarri: «Beharbada ohituegi gaude espetxera, torturara, eta, azken batean, estatuek disidentzia politikoa borrokatzeko erabili dituzten eta oraindik erabiltzen dituzten bide legal eta ilegal horietara guztietara. Eta horrek, beharbada, bagaramatza euskal herritarrak, oro har, gurea bezalako kasuak normaltzat jotzera, normala ez denean». Ez du uste eurena kasu bakana denik, ordea: «Gurea akaso kasu paradigmatiko bat da, baina inondik inora ez bakarra. Ez da normala herri honetan hainbeste jende espetxetik pasatu izana, eta gaur egun berrehundik gora lagun espetxean egotea oraindik konpondu gabeko gatazka politiko baten ondorioz».

Gauza anitz egitea galarazi die espetxean egoteak. Rodriguezek aipatu du, erraterako, umea izateko «plana» atzeratu ziola atxiloketak, «eta ez denbora labur batean: urteez ari gara».

Zabaletak eta Rodriguezek, biek dute gogoan Euskal Herrian gertatzen ari ziren aldaketak bertatik bertara bizi ezinaren «inpotentzia». Zabaletak oroitu du, erraterako, 2013an «estraperloan» lortu zituela hainbat disko eta liburu: Esne Beltzaren bat, Zea Maysen bertze bat, eta Xabier Montoiaren eta Harkaitz Canoren orduko azken liburuak: Azken afaria eta Twist. «Hasi nintzen horiek denak entzuten eta irakurtzen, eta ohartu nintzen ja ez zela bakarrik aldaketa politikoa, baizik eta gure herriaren mentalitatean gauza batzuk aldatzen ari zirela». Eta horiek ezin bizi. «Eta Iruñean [Joseba] Asiron iritsi zenean alkatetzara... ziegan bakarrik, eta 'Zer egiten dut nik hemen?'. Bat-batean ohartzen zara bizi duzun mundua aldatzen ari dela eta zu zaudela ez-gauza horretan». Rodriguezek ere izan du bizipen hori: «Bagenuen sentsazioa beste askorekin batera martxan jarri genuela zerbait, eta 'orain ezin gara hor egon'. Amorrua sortzen zidan, frustrazioa».

KALTE-ORDAINAK

Kalte-ordainak, eskatu, eskatuko dituzte. «Baina nik uste dut saiatuko direla nola edo hala ez ematen», dio Rodriguezek. Aldi berean pentsatzen du «zail» izanen dutela ez ematea, «sententzia, folio bakarra eduki arren, oso garbia delako: laburki esaten duena da guk ez genuela kartzelan sartu behar, eta sei urtez eduki gaituzte». Dirua emanda ere, ordea, Rodriguezek ez du uste horrek «justiziarik» lekarkiekeenik, ez baitago jada «justiziarik egiterik»: «Edozein konpentsazio monetario beti gertatuko da oso eskasa, eskubide asko urratu direlako, eta horietako asko kuantifikaezinak eta konpentsaezinak dira. Nola konpentsatzen dira sei urte? Ez dakit badagoen egiterik». Eta senideen espetxeetarako joan-etorriak, eta inhabilitazioak... Otegi, erraterako, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan hautagai izan ahalko litzateke. Rodriguezek uste du jende anitzen eskubideak urratu direla hala: «Arnaldoren kasuan, ez da bakarrik urratu hautatua izateko eskubidea. Urratu dira EH Bilduren eskubideak ere, bestela mugimendu horrek izango zukeelako bera hautatzerik. Eta urratu dira bera hautagai izatekotan bera bozkatuko zuketenen eskubideak, ehunka mila lagunenak».

Zabaletaren ustez, dirua bainoago, «aitortza» litzateke garrantzitsuagoa. Rodriguezentzat ere bai: «Aitortzea benetan gurekin zer egin duten eta zergatik». Zergatiaren gibelean prozesu independentista oztopatzeko nahia dago, Rodriguezen ustez: «Beldurra diote eztabaida politikoari, uste dutelako eztabaida hori galduko dutela, eta herri honek erabakiko duela bere bidea egitea eta bestelako herriek bezalaxe estatu independente bat eraikitzea. Ez dute eztabaida termino demokratikoetan eman nahi, eta horregatik egiten dute indarraren aldeko apustua. Azken batean, gurekin egin dutena biolentzia da». Hori aitortzea litzateke «konpentsaziorik handiena»: «Esan dezatela zer egin duten. Eta, bide batez, esan dezatela herri honetan tortura sistematikoki erabili dela ezker abertzalearen eta oro har independentismoaren aurka egiteko. Esan dezatela legeak bihurritzen dituztela eta bihurritzen segitzen dutela. Esan dezatela beren legea ere urratzen dutela. Hori gabe ez dago erreparazio posiblerik eta gatazka hau behingoz konpontzerik».

Rodriguezek uste du orain Espainiari eta Frantziari dagokiela indarkeriaren erabilerari uko egitea: «Urte luzetan entzun genuen ezker abertzaleak egin behar zuela bide politikoen aldeko apustua, egin egin zuen, hori galarazten saiatu zen Espainiako Estatua, horregatik kartzelatu gintuzten, eta gaur da eguna zuzentzen gatzaizkiena estatu horiei eta esaten dieguna badela garaia eurek ere bide politiko eta demokratikoekiko apustua egin dezaten, eta modu horretan defenda dezaten euren egitasmoa».

ORAINA ETA ETORKIZUNA

2015eko urrian, espetxetik atera eta gutxira, elkarrizketa egin zien BERRIAk Zabaletari eta Rodriguezi, Jacintorekin batera. Honela zioen elkarrizketa hartako titularrak: «Indarrak bilduta, posible da estatu independente bat eraikitzea». Gaur egundik begiratuta, esaldi hark «aktualitate osoa» edo «handiagoa» duela uste dute Zabaletak eta Rodriguezek.

Atxilotu zituzten garaiko «argazkiarekin» alderatu du Zabaletak: «[Yolanda] Barcina Nafarroan, Patxi Lopez EAEn, legez kanporatutako ezker abertzale baten gainean beren indar harremanak betikotzen... Garai hartako argazkia zuri-beltzean ikusten dut. Gaur egungo Euskal Herria horrekin alderatzen baldin badugu, kristoren bilakaera izan du: maila politikoan, kulturalean, mentalean...». Zabaletaren ustez, Euskal Herria «berandu baino lehen lehenengo mailako errepublika bat izateko nahikoa oinarri sendoak eraikitzen» ari da. Iritzi berekoa da Rodriguez: «Erreparatuta ezkerreko subiranismoaren babes mailari eta aldi berean unionismoak izan dezakeen babesari, ukaezina da denbora honetan guztian nor indartu den eta nor ahuldu». Haren ustez, «ezkerreko subiranismoa» Ipar zein Hego Euskal Herrian «orduan baino askoz ere indartsuagoa» da, «eta unionismoak, berriz, orduan baino babes eskasagoa dauka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.