Unziti anaiak dira Erdotzaingo (Nafarroa) bizilagun bakarrak. «Itoizko familiaren etxea behera bota zuten; ezin genuen hemengoa erortzen utzi». Dani Unziti (Agoitz, 1970) Itoitzetik ateratzen azkenetakoa izan zen. Hiru egun eman zituen hango bere etxean ezkutatuta, foruzainek atxilotu zuten arte. Etxea defendatzeko egindakoa ekarri du gogora, eta gogoeta egin du, gainera, Itoizko urtegiaren aurkako mugimenduaz, ongi eta gaizki egindakoez.
Agoitzen jaio, eta Itoitzen egin zenituen herriko azken urteak; ez zara handik urrun orain.
Itoitz bota zutenean, Garraldara joan nintzen lehendabizi, lanera. Ez nuen Agoitzera itzuli nahi, herri hori ez baitzen ordura arteko bera, beste herriak galdu eta gero. Sentimendu hori banuen barruan. Garraldatik Iruñera joan nintzen, eta orain, Iruñea eta Erdotzain artean bizi naiz. Itoizko familiaren etxea bota ziguten, eta ezin genuen hemengo hau erortzen utzi. Konpondu, eta honat etortzea erabaki nuen.
Hamar urte joan dira Itoitz eta bertze herriak bota zituztenetik. Jendeak gertatu zena gogoan duela uste duzu?
Hemengoek bai. Jende asko borrokatu zen. Hemengo jendeari lur zati handi bat urez bete zioten; aspaldiko bideak galdu zituen. Hori ez da ahazten. Baina hemendik kanpo, jendeak pentsatuko du Itoitz urtegi bat dela, ez dute gogoan izanen herri bat izan zela.
Herri hori defendatu zenuen zuk. Hiru egunez egon zinen zure etxean ezkutatuta. Nolakoak izan ziren hondeamakinak ailegatu aurreko asteak?
Defentsa prestatzen aritu ginen. Bagenekielako makinak ailegatuko zirela. Erresistentziarako prest ginen, bortizkeriarik gabe herria defendatzeko prest. Gure asmoa zen Itoitz botatzeko lanak ahalik eta gehien atzeratzea eta gure borrokaren oihartzuna ahalik eta ozenen entzutea eta zabaltzea. Elkartasun giro ikaragarria sortu zen. Jende asko etorri zen herrira. Nik, hala ere, sentimendu kontrajarriak nituen.
Zergatik?
Nire etxea defendatu nahi nuelako, eta, horretarako, nire etxea suntsitu egin behar nuen, puskatu. Polizien lana zailtzea zen gure helburua. Ondorioz, hainbat tokitan, etxearen egitura baino ez genuen utzi.
Nola antolatu zenuten defentsa?
Itoitz polizien begiradapean zegoen beti. Etxe barruan egin behar izan genuen lan guztia. Pixkanaka-pixkanaka, etxeak gotortzeko behar genituenak eraman genituen. Azkenean, leihotik sartu behar nuen etxera, atea ezin baitzen ireki.
30 pertsona baino gehiago egon ziren Itoitz defendatzen. Gehienak lehen orduetan atxilotu zituzten. Bernatena etxean eta Jakuerena zure etxean gelditu zineten azkenak.
Bi lagun baziren Bernatenan eraikitako bunkerrean. Eta ni nire etxean nintzen. Hiru hormen arteko hiruki formako espazio batean. Koltxoia jarri, eta hantxe egon nintzen. Auzokideen etxea bota zutela entzun nuen. Eta lanak ez ziren gelditu. Makina nire etxean ari zela lanean konturatu nintzen. Nire ezkutalekutik atera, eta paretan idatzi nuen etxean nintzela, ezin zutela bota.
Beldur zinen?
Ez zekiten non nengoen, eta makinarekin ari ziren nire etxeko hormak behera botatzen. Goizero, foruzainen eta haien nagusiaren arteko elkarrizketak entzuten nituen. Barne Departamentuko arduraduna haserre zen, ez nindutelako aurkitzen. Irratiaren bidez, gainera, Miguel Sanzen hitzak entzun nituen. Itoizkoa erreskate operazio bilakatzeko aukera aipatzen zuen. Hau da, onartzen ari zen norbait hiltzeko aukera.
Azkenean, atxilotu zintuzten. Nola gogoratzen duzu momentu hori?
Ezkutalekutik atera nintzen pilarik gabe gelditu nintzelako, eta foruzain batekin egin nuen topo. Herriko plazara atera, eta foruzainak hasi ziren aurpegia estaltzen. Lurrean etzanarazi, eta iraintzen hasi ziren. Autoan, atzera begiratu nuen, eta foruzainetako batek esan zidan, «begiratu, begiratu, azkeneko aldia izanen baita».
Hamar urte joan dira ordutik; borroka luzea izan zen urtegiaren aurkakoa. Ikasitakoen artean, zer nabarmenduko zenuke?
Gauza asko nabarmendu daiteke. Baina esan behar da dena ez genuela ongi egin. Askotan entzun dut gurea izan zela borroka eredugarria, baina ni ez nago horrekin ados. Alde batetik, bai, izan zen; urte luzez eutsi genion borrokari, ekintza ikusgarriak egin genituen, asmatu genuen irudimena baliatzen; bestetik, ordea, huts egin genuela onartu behar dugu.
Zertan huts?
Itoizko urtegiaren aurkako borroka egin zuen jendea oso koherentea izan zen beti, borroka ez bortitzaren aldeko apustua egin zuen, eta apustu horri eutsi zion. Baina horrek ez du esan nahi eredugarria izan zenik. Gainera, borroka egiten duzunean, helburua ez da eredugarri izatea, irabaztea baizik. Urtegiaren aldekoek oso ongi saldu zuten proiektua hemendik kanpo; medioak ongi erabili zituzten; urtegiaren aurkakoak, berriz, nahiko zatituta geunden.
Itoizko Koordinakundearen eta Itoitzekin Elkartasuna taldearen arteko harremanaz ari zara?
Bai. Koordinakundeak oso bide zehatza egin zuen urtegiaren aurkako borrokan. Bide horretatik kanpoko ekintzak kontrakotzat jo zituzten askotan. Eta hori tamalgarria da. Urtegiaren aurkakoen artean zegoen zatiketa ez zuten Itoitzen aldekoek sortu, guk geuk eragindako zatiketa izan zen. Eta hori ez da batere eredugarria. Bakoitzak bere bidea egiten du, eta denak dira kontuan hartzekoak. Hori ikasi dut, beste borroketarako.
Itoizko urtegia (I). Herrien suntsitzeak hamar urte. Dani Unziti. Itoitzekin Elkartasuna taldeko kidea
«Gurea borroka eredugarria izan zela esan da, baina ni ez nago ados»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu