Isabel Salud. Ezker Anitza-IUko idazkari nagusia

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».

GORKA RUBIO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin zuen joan den asteburuan Bilbon, eta han Isabel Salud (Sant Climent de Llobregat, Katalunia, 1961) berriro aukeratu dute koordinatzaile nagusi, ordezkarien %87k sostengua emanda. Batzarrean erabakitakoaz eta egoera politikoaz mintzatu da BERRIArekin.

Zer moduz joan da batzarra?

Ondo. Batetik, pandemia garai honetan aurrez aurre ikusteko balio izan digu, eta hori ona da beti. Bestetik, arlo politikoan, adostasun handia egon da, eta zenbait arlo landu ditugu: guk hari gorria deitzen duguna, hots, lana, gizarte zerbitzuak eta abar; berdintasun gaiek osatzen duten hari morea; eta ingurumen eta ekologismoaren inguruko hari berdea. Horrez gain, Euskadin zerga erreforma proposatzen dugu, horri buruzko eskumenak baditugulako eta Euskadiko fiskalitatea guztiz bidegabea delako.

Aurreko batzarrean, 2017an, «neoliberalismoaren kontrako bloke politiko eta soziala» sortzea proposatu zenuten. Orain, «ezkerreko alternatiba sendo bat» sortzea. Badirudi gauzak ez direla askorik aldatu.

Gurean kezka hori aspaldikoa da; ez dator 2017tik, IUren sorreratik baizik. Neoliberalismoaren kontra egiteko, gure ustez, beharrezkoa da EAJ euskal erakundeetatik kanporatzea, eta horretarako bidea da ezkerreko hiru indarrek gobernua osatzea. Hori da gure xedea.

Hori lortzeko baldintzak egokiagoak dira 2021ean, 2017an baino?

Baldintzak beti dira zailak, baina nik esango nuke gertuago dagoela. IUren eta Ahal Dugu-ren arteko aliantza sendo dago, baina, jakina, horretan beste eragile batzuek ere parte hartu beharko lukete. Ez dago gure esku soilik. Ikusiko dugu. Desberdintasunak desberdintasun, Nafarroan lortutako akordioaren moduko zerbait nahiko genuke.

PSE-EEn zuzendaritza berritu dute, eta orain Eneko Andueza da idazkari berria. Horrek gauzak errazten ditu?

Oraingoz, ez dugu inolako keinu edo zantzurik PSE-EEren jarrera alda daitekeela adieraziko lukeenik. Jakina, gu bide hori jorratzen saiatuko gara.

EH Bildun ikusten duzue proposamen horren aldeko jarrerarik?

Alde horretatik ere ez zaigu horren inguruko zantzurik iritsi, baina egia da EH Bilduk orain beste jarrera bat daukala, eta planteamendu pragmatikoagoak dituela. Guk orain bilera erronda bat egingo dugu eragile politiko eta sindikalekin, gure batzarrean hartutako erabakien berri emateko, eta, jakina, PSE-EErekin eta EH Bildurekin ere hitz egingo dugu.

Ortuzarrek gogor kritikatu ditu bestelako gehiengo politikoen inguruko «kalkulu politikoak» egiten dituzten alderdiak.

Ortuzarrek hori esatea normala da, ez baitu entzun ere egin nahi EAJ gobernutik kanporatzeko posibilitatea. Ez dira «kalkulu politikoak»: guk urteak daramatzagu proposamen hori egiten, ez da oraingo burutazioa, eta horren alde lan egiten jarraituko dugu.

Nola dago Ahal Dugu-rekin duzuen aliantza?

Herritar batasuna beti izan da Ezker Anitzaren ezaugarria. Gogoratu behar da IU sortu zela NATOren erreferendumaren karietara, mugimendu hartan parte hartu zuten eragileen eskutik, eta geroztik beti bilatu dugu batasuna, ahalik eta eragile sozial eta sindikal gehienek elkarrekin egitea arlo batean ados bagaude.

Ezker Anitzaren eta Ahal Dugu-ren arteko aliantzak lehen aipatutako batasun logika horri jarraitzen dio. Aurreko agintaldian [2019an] EAEko aurrekontuen inguruan desadostasun bat egon zen, eta desberdin bozkatu genuen, baina uste dut erakutsi genuela desberdintasunak egonda ere posible dela batasunari eustea. Uste dut ongi kudeatu genuela. Orain aliantza sendotuta dago, eta gure helburua da erakundeetatik harago eramatea eta herrietan ere gauzatzea: kapitalismoa garaitu nahi duen indar batek kontraboterea sortu eta herrietan ere egon behar du.

Zer iruditu zaizue Jaurlaritzak eta EH Bilduk EAEko aurrekontuen inguruan lortu duten akordioa?

Gure ustez, EAJren politikari emandako bultzada da, ez dakarrelako aldaketa esanguratsurik aurrekontuetan. EAJren politikak ez dira aldatu; eskuineko politikak dira oraindik ere. Hau mugimendu taktikoa izan daiteke, marketin politikoarekin zerikusi handiagoa duena beste ezerekin baino. Ikusiko dugu nola amaitzen den, baina argi dago ez doala lehen aipatzen nuen ezkerreko indarren arteko aliantzaren norabidean.

Zer irizten diozu Espainiako koalizio gobernuaren jarduerari?

Gauza guztiak konparagarriak dira, eta galdetu beharko genuke zer gertatuko litzatekeen orain PPren gobernu bat izango bagenu. Argi dago askoz okerrago egongo ginatekeela. Gauza interesgarriak lortu dira: eutanasiaren legea, amiantoa, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak eta abar, baina lan handia dago egiteko. Orain badirudi ERC, EH Bildu eta beste indar batzuk horretan laguntzeko prest daudela. Hala balitz, gobernuaren alderik aurrerakoiena indartuta aterako litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.