Peio Garcia Amiano

«Gure taldearen gisakoek alde egitea nahi du Greziako Gobernuak»

Elkarte gastronomikoetako lapiko eta zartaginen artean hasi zen sukaldean Garcia Amiano; gaur egun, Europara sartzeko zain dauden milaka iheslariri ematen die jaten. Gastronomia bokaziotik militantziara eramanez egin du ibilbide luzea.

jarraia204911.jpg
Maria Ortega Zubiate
2021eko urriaren 22a
14:42
Entzun

Gastronomia du pasio, ogibide eta militantzia eremu Peio Garcia Amianok (Donostia, 1953). Donostiako Intxaurrondo auzoko Artzak Ortzeok elkartean hasi zen kozinatzen, eta gastronomiaren munduan bide oparoa egin du. Alabaina, 2015ean, bere ibilbidearen garairik «gozoenean», herrialde pobretuetako egoerarekin topo egin, eta Zaporeak proiektua jarri zuen martxan. Lesboseko uhartean (Grezia) egindako lanagatik egin dira ezagun, baina Zaporeak elkartekoak beste hainbat lekutan ere aritu dira iheslariekin lanean.

Sukaldean hasi zinen gaztetan. Ordutik, ibilbide oparoa izan duzu gastronomiaren munduan.

Elkarte gastronomikoan hasi nintzen kozinatzen, gustuko nuelako. Zenbait txapelketatara aurkeztu ginen, eta pare bat irabazi genituen. Gero, Antena 3 irratian programa bat eman zidaten, Los secretos de la cocina vasca izenekoa [Euskal sukaldaritzaren sekretuak]. Eta, azkenik, egunkarietan hasi nintzen lanean; lehenengo, El Mundo-n, eta gero, El Diario Vasco-n. Azken horretan, larunbatero jatetxe baten kronika bat egiten nuen. Baina ni ez naiz kazetaria. Mekanika ikasi nuen, eta oso gazte hasi nintzen lanean, 14 urterekin. Sukaldaritzak beti erakarri izan nau, ordea, eta barruraino sartuta bukatu nuen azkenean.

Eta gastronomiako kritikari izaten bukatu zenuen, ezta?

Tira, inoiz ez zait gustatu izan “kritikari” izena; nik beti esaten nuen gastronomoa nintzela, sekula ez dudalako kritika kaltegarririk egin. Jatetxeren bat gustatzen ez bazitzaidan, kritika hori ez nuen argitaratzen, beste aukera bat edo bi ematen nizkion, banekielako zer den sukaldean lanean aritzea; familia askoren diru sarrerekin ari zara jolasten. Epaimahaikide ere izan naiz milaka lehiaketatan. Edozein jakiren lehiaketatan hartu dut parte: urarenean ere izan nintzen behin.

Lehen urteak oso politak izan ziren, baina egia da gero nekatu egiten zarela: egunero jatetxe garestietan jaten, bete egiten zara, loditu, osasunari kalte egiten zaio… Hala ere, oso lan polita da, esker oneko lana da, eta jende mordoa ezagutzen duzu. Funtzio bat egiten ari zarenaren sentsazioa duzu, ostalaritzaren aldeko apustua dela. Oso urte politak izan dira, egia esan; beti entzun izan diot Juan Mari Arzaki zure lanak zure zaletasuna izan behar duela, eta horixe izan zen niretzat.

Horretan izango zuen eragina donostiarra izateak, ezta?

Bai, noski. Gipuzkoa beti izan da aitzindari; elkarte gastronomikoek garrantzi handia izan dute. Gaur egun gainontzeko lurraldeak ere nahiko aurreratuta daude, baina lehen, aldea handia zen. Gainera, euskal sukaldaritza berria hemen sortu izanak ere eragiten duela uste dut.

Hortik, iheslarien eskubideak bermatzeko sortutako elkartera pasatu zinen. Bokazioa eta militantzia batu zenituen?

Bai. Beti kontatzen dut hau: nire gastronomia ibilbidearen garairik gozoenean nengoenean, Etiopiara egin nuen bidaia bat; Angel Olaran misiolaria dago han, eta elkartean egin izan ditugu dirua lortzeko bazkariak. Hara gonbidatu ninduen, eta han aldatu zen nire ikuspuntua: egunero ari nintzen jatetxerik garestienetan jaten, eta han ez zuten jatekorik ere. Olaranekin lanean hasi ginen; gure helburua zen han sukaldaritza eskola bat sortzea. Eta horretan genbiltzala ikusi genituen Siriako errefuxiatuen irudiak, eta erabaki genuen haiei laguntzeko zerbait egin behar genuela, eta, kozinatzen baino ez genekienez, lau lagunek furgoneta bat hartu genuen, eta Kioseko uhartera, Greziara, joan ginen laguntzera. Itsas salbamendukoei jaten ematera gindoazen hasieran, baina hara heldutakoan ikusi genuen errefuxiatuek ere ez zutela ezer jaten: biei ematea erabaki genuen orduan.

Proiektua nola jarri zenuten martxan?

Donostiara bueltatu ginen, eta hilabeteko epea eman genion geure buruari dena martxan jartzeko. Enpresekin harremanetan jarri, eta materiala lortu genuen. Hasieran, ia 2.000 bazka ematen genituen egunean. Hor egon ginen Kioseko kanpalekuak itxi arte. Beste bat sortu zuten, baina ez ziguten uzten haiei jaten ematen; hasieran, hesiaren zulo batetik sartzen genien edalontzi bat ogi zati batekin, baina menua handitu egin genuen gero, eta ez zen sartzen zulo horretatik. Polizia konturatu, eta bota egin gintuen.

Eta orduan joan zineten Lesbosera?

Ez, Atenasera joan ginen, SOS Errefuxiatuak elkartearekin batera, eta han ere janaria prestatzen hasi ginen; baita Patrasen ere. Peloponesoko penintsula eta Grezia kontinentala lotzen dituen zubia dago han, eta gazteak bakarrik zeuden, ez zegoen familiarik. Borrokak ere izan ziren. Oso gogorra izan zen hangoa.

Azkenean, ikusi genuen Lesboseko kanpalekuan zegoela premiarik handiena, eta hara joan ginen. 3.000 pertsonarentzako tokia zegoen, baina heldu ginenean 13.000 inguru zeuden; guk ezin genituen elikatu 2.500 baino gehiago. Egun 7.000 inguru daude, kanpaleku berri batean, lehengoa erre egin baitzen. Hala ere, baldintza negargarrietan bizi dira orain ere.

Nola hartu zaituztete kanpalekuetan?

Hasieran izan genuen gertaera bitxi bat: boluntarioak eskatu genituen kanpalekuetan, eta hiru etorri ziren. Gurekin aritu ziren sukaldean. Kanpalekuetan jaso, eta gure sukaldera eramaten genituen. Janaria banatzera joan ginen behin, eta kanpalekuetatik manifestazio bat atera zen guri garrasika, janaririk ez zutela nahi, soluzioa nahi zutela esanez. Hiru boluntarioak aurreratu ziren, eta azalpenak eman zizkieten; azaldu zieten ez ginela Greziako Gobernukoak, euskal sukaldariak baino. Harrezkero, oso harreman ona izan dugu haiekin. Boluntario gazteak kanpalekuetara joaten dira haiekin tea hartzera; harreman ona egiten dute.

Erasoak ere izan dituzue: talde ultraeskuindar bat jazarri zitzaizuen kanpalekutik bueltan.

Bai. Normalean sukaldean bertan egiten zizkiguten erasoak: silikona jartzen zuten sarrailetan, hildako katuak eskegi zizkiguten sarreran behin, janari guztia lurrera bota beste behin… Baina jazarri zitzaizkigunean izan zen erasorik larriena. Egun hartan Egunsenti Urrekerako kontzentrazioa izan zen uhartean, eta giroa nahasita zegoen. Horregatik, arratsaldean, janaria kanpalekura eraman aurretik, kotxe bat bidali genuen bidea libre zegoela ziurtatzera, eta hala zegoela esan zigun. Baina bueltan bide desberdina hartu genuen, eta han aurkitu genuen erreten bat, poliziarena balitz bezala. Hurbiltzean, ordea, konturatu ginen ultraeskuindarrak zirela. Gure zain zeuden. Heldu ginenean berrehun pertsona inguru agertu ziren, beisboleko bateak eskuan. Furgonetatik atera gintuzten, gure sakelakoak nahi zituzten. Gurekin zegoen Estrella Vallejo El Diario Vasco-ko kazetaria, eta kamera puskatu zioten. Gu erasotzen ere hasi ziren gero, lurrera bota gintuzten… Bat-batean, gazteleraz hitz egiten zuen batek esan zigun alde egiteko handik, eta furgonetan sartu eta berehala alde egin behar izan genuen.

Nola sentitu zineten horren ostean?

Oso gogorra izan zen. Nola da posible jendea elikatzen aritzea eta horregatik erasotzea? Jo gintuztenok alde egin genuen hurrengo egunean. Bartzelonako aireportura heldu eta gaztelera entzutean, lasaitu handia hartu genuen; Atenasen, oraindik, greziera entzuten genuen, eta erasoan entzundako garrasiak etortzen zitzaizkigun burura. Orduan esan genuen ez ginela gehiago bueltatuko; hurrengo asterako jada pasatu zitzaigun egonezina, baina gogorra izan zen. Zenbait herritar nekatuta daude, denbora asko pasatu delako errefuxiatuak han daudenetik. Baina Greziako Gobernuak du ardura hor: Europarekin duen zorra errefuxiatuak kanpalekuetan mantenduz ordaintzen ari delako; hori da arazoa.

Greziako Gobernuarekin harreman txarra duzuela esan izan duzue.

Greziako Gobernuarekin arazo larriak izan ditugu, bai. Gure taldearen gisakoek alde egitea nahi du. Oztopoak jartzen ari dira; orain diote greziarrak ez diren elkarteak bota nahi dituztela. Hala ere, guk beste elkarte eta GKEek baino pribilegio gehiago ditugu, gobernuak badakielako ematen dieten jatekoa eskasa dela; zizareak ere ikusi izan ditugu haien cateringean. Guri ez digute jartzen besteei adina oztopo, baina edozein momentutan hortik atera gaitzakete.

Lau lagunek osatutako elkartea zen zuena hasieran. Zer dimentsio duzue orain?

Mila boluntariotik gora pasatu dira gure elkartetik; bi milioi errazio baino gehiago banatu ditugu guztira. Baina, gaur egun ere, herritik sortutako proiektua da: ez gara GKE bat; irabazi asmorik gabeko elkartea gara. Beti nahi izan dugu lagunen arteko proiektua izatea, jendeak ondo pasatzea; horregatik, boluntarioei bidaia ordaintzen diegu, edonork parte hartzea nahi dugulako. Oso polita da jende gaztearen eta nagusiaren artean sortzen den harremana.

Gipuzkoako gizarteak nola erantzun dio proiektuari?

Euskal Herriak, eta, batez ere, Gipuzkoak sekulako erantzuna eman dio, elkartea bertakoa delako. Euskal Herria oso solidarioa da: arropa eskatu genuen behin, eta hamazazpi trailer bete genituen; imajinatu zenbat eman zuten. Berdin esnearekin, urarekin, janariarekin… Eta Moriako kanpalekua erre zenean eta eraso egin zigutenean diru sarrerak asko hazi ziren, guk eskatu gabe. Izan ere, guk, behar ez dugunean, ez dugu eskatzen; behar duguna bakarrik eskatzen dugu. Jendeak, gainera, ikusten du gutxienekoa eskatzen dugula, eta erantzun ona ematen digu. Nik uste dut jendeak Zaporeak elkartean sinesten duela, beti izan garela oso gardenak, eta herriarengandik oso hurbil gaudela; herriari begirako ekitaldiak egin izan ditugu beti. Edozein ekitaldi dagoenean, jendea oso prestu agertzen da.

Nola ikusten duzu etorkizuna kanpalekuetan?

Oso zaila. Europaren esku dago: haien errefuxiatu egoera onartu behar dute; bestela, ez dago zereginik. Interes ekonomikoen gainean dago eraikita dena, Turkiak eta Greziak interesak dituztelako horiek kontinentera sar ez daitezen. Oso soluzio zaila du. Sei hilabeterako joan ginen gu, sei urte daramatzagu, eta falta zaiguna oraindik. Ez diogu soluziorik ikusten. Guk partxe bat jartzen diogu egoera horri. Hutsune bat tapatzen ari gara, Greziako Gobernuak emandako janaria kaka delako, baina ez dugu hor muturra sartu nahi, mafia bat delako cateringaren kontua. Gu pozik gaude, ordea, herri moduan bertakoak elikatzen ari garelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.