Ertzaintzak Tolosan zauritutako gaztearen aita

Jon Pazos Erregerena: «Gure semea inauterietan zegoen, ez liskarretan parte hartzen»

Jon Pazos Erregerena
Jon Pazos Erregerena, Villabona-Amasako herritarren agerraldian, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2024ko otsailaren 13a
15:35
Entzun

«Oso kezkaturik» hartu du BERRIAren deia, astelehen goizaldean, inauterietan zela, Ertzaintzaren oldarraldi batean begi bat larri zauritutako gaztearen aitak, Jon Pazos Erregerenak. Semea festan zegoela azpimarratu du behin eta berriro, ez inongo liskarretan parte hartzen. Gazteak berak esandakoaren arabera, Ertzaintzaren foam jaurtigai batek zauritu zuen.

Zer moduz dago semea?

Erabat beldurtuta dago, urduri; normala denez, larrituta dago, begia nola geratuko zaion pentsamenduari bueltak ematen. Ikusmena galduko ote duen kezkatzen du, eta zer-nolako ondorioak edukiko dituen honek guztiak. Oso izorratuta dago, bera eta gu, denak. Trantze larria pasatzen ari da; egun osoan nago harekin ni, eta zaila da azaltzea nola sentitzen garen. Gaizki gaude.

Ebakuntza egin behar diote?

Bai, baina ez da gaur izango, azkenean. Goizean proba mediko batzuk egin dizkiote ikusmenarekin lotuak, eta oraingoz ebakuntza ez egitea erabaki dute, begia oso puztuta baitu oraindik. Zauriak larriak dira begi barrenean, eta puztutako eremua jaitsi arte ebakuntza ez dute egingo.

Zaurien inguruko informazio zehatzik baduzue?

Bai, erretina askaturik dauka, globo okularra osorik dauka, itxura batean, baina odol bildua dauka begi barrenean, eta eboluzioa ikusi behar da. Hamabi-hamabost puntu dauzka eremu horretan, jasotako kolpearengatik. Barrua hain zikina dagoenez, ezin dute esku hartu hor oraindik, eta ezin da ikusi zauria zenbaterainokoa den barruan.

Ikusmenari eutsiko dion esperantza ez duzue galdu, ezta?

Ez, baina kolpe izugarria jaso du, eta osatzea kosta egingo zaio; esperantzarik badugu osatuko ote den noizbait, eta horrela izatea espero dugu, ze... nahikoa da ja, benetan.

«Gure abokatuaren esku dago dena. Ikerketa bat abian dago, eta ikusi behar da nola bukatzen duen. Garrantzitsuena, orain, semea osatzea da, begiko zauri horretatik onik ateratzea».

Ertzaintzak esan du istiluak zirela-eta oldartu zela. Semea istilu horietan parte hartzen ari zen?

Nire semea Tolosako inauterietan zegoen, festaz gozatzen, eta ez istiluetan. Kaleratu dute istiluak sortu zirela taberna batean eta, gero, kalera zabaldu zirela. Edozein herritako festetan, kale batean jende asko nahasten da festa giroa dagoenean. Tabernak dauden eremuetan are gehiago. Istilu horiek kalera aterako ziren, baina kalean istiluekin zerikusirik ez zuten asko zeuden, eta ez dago eskubiderik horiek denak nahasteko. Semearen inguruko lehen informazio batzuek nahastu dute istiluekin. Oldarraldiak egon zirela esan, eta segidan gazte bat ospitalera eraman dutela kaleratu dute. Aita gisa esan nahi dut hori ez dela horrela. Nire semea ez zegoen liskarretan parte hartzen, kalean baizik, festa giroan. Eta ez zegoen liskarrak hasi ziren taberna horretan ere, hori ere ez.

Segurtasun Sailaren deirik jaso duzue?

Bai, harremanetan egon gara Ertzaintzarekin.

Barkamena eskatu dizuete?

Gure abokatuaren esku dago dena. Ikerketa bat abian dago, eta ikusi behar da nola bukatzen duen. Garrantzitsuena, orain, semea osatzea da, begiko zauri horretatik onik ateratzea. Ebakuntza ostegunean izango dela uste dugu, inflamazioaren eboluzioaren arabera. Ikusi egin beharko da dena bukatzean ondoriorik geratuko ote zaion ere. Ebakuntzaren ondoren aurreikuspen bat edukitzea espero dugu. Besterik ezin dut esan.

Psikologikoki nola dago semea? Nola zuek?

Txikituta dago, eta gu ere bai, baina bera gehiago. Hamasei urteko gazte bat, festan murgilduta dagoela horrela bukatzea... ba ez da normala. Onartezina da. Horrela jardutea berriro... nahikoa da, benetan. Noiz arte segitu behar dugu istorio hauekin? Eskutik joan zaiela iruditzen zait. Semea ikasten ari da, bere proiektuak ditu, eta, kaka honekin, psikologikoki, fisikoki eta moralki txikituta geratu zaigu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.