Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Jon Hernandez. Gipuzkoako Orain Batera-ko zerrendaburua

«Gure proiektua printzipio eta ideia sendoen ondorio da»

Espainiako Kongresurako hautagaia da Jon Hernandez. Irakurleen galderei erantzun die.

BERRIA.
2015eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Beharbada gehiegi aurreratzen ari naiz, baina Orain Batera-k Euskal Herrian ordezkaritza lortzeko duen aukera urria ikusita, ez al zaizu iruditzen akats larria edo porrot handia izan dela Ahal Dugu-rekin batera ez aurkeztea? Iñaki Agirre

Guk, betidanik, ezkerreko programa baten inguruko batasuna defendatu dugu. Ahal Dugu-rekin batasun hori lortzen saiatu gara, baina haiek izan dira, bai Euskadin, bai Estatu mailan proposamen horri uko egin diotenak. Ez dugu oso ondo ulertzen zergatik Galizian edo Katalunian erantzuna baiezkoa izan den, kasu guztietan hautagaitza bera garela kontuan izanik.

Galdetu aurretik, zenbait datu, kokatzeko. IUren 2015eko aurrekontuen arabera alderdiak ia milioi bat euro (927.885) zorrak ordaintzeko erabili ditu aurten. Horietatik 561.063 bankuekin dituen zorrak ordaintzeko, gastuen %13,71. Ekinaldi politiko eta kanpainetarako, berriz, %8,27 bideratu da. Galderak hurrengoak dira: 1. Nola eragiten dio IUren egoera ekonomikoak Orain Batera hautagaitzari? 2. Nola ari da Orain Batera kanpaina finantzatzen? Mailegurik jaso al du? Iker Carrasco

1. IUren egoera ekonomikoak ez dio Oran Batera hautagaitzari eragiten zorrak IUrenak direlako. 2. Kanpaina koalizioa sinatu dugun organizazio guztien artean finantzatzen ari gara, IU parterik handiena jartzen duena izanik. Guk mailegua eskatu dugu; azken finean, organizazioaren gehiengoa langileak osatzen dugu, baliabide eskasak ditugu, eta kartelak, eskuorriak eta bestelako materialek dirua balio dute. Dena den, bankuei dirua zor diegu soilik, gu gara gure politikak zeintzuk diren erabakitzen dugunak.

Zer iruditu zaizu Orain Batera telebistako eztabaida batzuetatik kanpo utzi izana? Eta atzokoan EH Bildu kanpoan utzi izana? Edurne Arregi

Onartezinak iruditzen zaizkigu zenbait hedabidek IU isilarazteko egiten dituzten saiakerak. 1,5 milioi boto ordezkatzen ditu, eta estatuko hirugarren indarra da oraindik. Eta asteazken gaueko eztabaidaren inguruan, publikoki salatu genuen telebistak EH Bildu eta ERC eztabaidatik kanpo uztea.

Buruz ari naiz, baina uste dut erabakitzeko eskubidea defendatzen duzuela. Baina Espainiako Konstituzioa aldatzen bada, ez dirudi eskubide hori onartuko denik. Kasu horretan, onartuko al luke Orain Batera-k Kataluniak (edo Euskal Herriak) bere kontura erreferendum bat egin eta, baiezkoak irabaziko balu, estatu propioa sortzea? Erlantz

Herriek demokratikoki euren etorkizuna erabaki dezaten defendatzen dugu, baina gure proposamena —autodeterminazio eskubidea jasotzen duen konstituzio errepublikanoa sortzea—,egoera era bideragarrian konpontzeko aproposena dela uste dugu. Bigarren galderari erantzuna: bai, baina egoera hori, gizartearen sektore ezberdinak kontrajartzea, saihestu nahi dugu.

Trantsizioan sozialistei eman nien botoa, baina ikusita nola dauden Felipe Gonzalez eta horiek, aspaldi ez diet eman. IU bozkatzen dut. Nire galdera da: ez zaizu iruditzen diskurtso propio indartsuagoa izan beharko lukeela? Irudipena dut Podemosek sutsuago defenditzen duela berea. Jose Angel Urra

Gu gure programa indarrez defendatzen ari gara; ezkerretik eratutako programa dela argi eta garbi esaten ari gara: antikapitalista, ekologista, feminista eta 78ko erregimenarekiko haustura demokratikoa defendatzen duena. Podemosek zentrorantz egindako biraketa ikusita, gaur egun gure hautagaitza estatuko ezkerraren hautagaitza bakarra da.

Eman mesedez hiru argudio Ahal Dugu-ren ordez Orain Batera bozkatu behar dudala konbentzitzeko. Andoni Agirre

1. Ezkerraren alderdi eta mugimenduek osatutako hautagaitza plurala gara, eta ezkerretik eraikitako programa antikapitalista eta antipatriarkala defendatzen dugu. 2. Langileriaren eskubideen defentsaren borroka eta historia ditugu gure atzean: Marcelino Camacho eta Dolores Ibarruriren oinordekoak gara. 3. Gure proiektua ideia eta printzipio sendoen ondorioa da, eta ez dugu inkestek dioten arabera aldatzen.

Nafarroan Ezkerrak bat egin du beste alderdi batzuekin indar hegemonikoak gobernutik kentzeko. Senaturako ere horrela aurkeztuko dira Aldaketa izenarekin. Zergatik ezin da horrelako zerbait egin Gipuzkoan Bildu eta Ahal Dugu-rekin? Libe Paris

Gure aliantza-politika berbera da Nafarroan ala Euskadin, betiere, programaren inguruko akordiotan oinarrituta. Ezkerreko beste indarrekin beti ari gara batasun proiektuak eratzeko saiakerak egiten. Gipuzkoan, gaur egun, ezinezkoa da hori egitea, indar korrelazioak Batzar Nagusietatik kanpo utzi gaituelako.

Ezagutzen ez zaituenari nola aurkeztuko zenioke zeure burua? Michelena

Langile bat naiz, pisuzko konpromiso politiko eta soziala duena. Gaztetatik daramat berdintasunaren eta bidezko mundu bat eraikitzearen alde borrokan. Pertsona normal, zintzoa eta nekaezina naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.