Iker Badiola. EHUko ikerlari eta irakaslea

«Gure nanopartikulak blokeatu egiten du tumorearen hazkundea»

EHUko Signaling Lab ikerketa taldeak nanopartikula bat garatu du Santiagoko Unibertsitateko (USC) ikertalde batekin elkarlanean. Nanopartikula horrek %80 txikitzen du gibeleko metastasia.

TERE ORMAZABAL / EHU.
Isabel Jaurena.
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea da Iker Badiola (Ondarroa, Bizkaia, 1978). EHUko Signaling Lab ikerketa taldeko arduraduna da, baita Nanokide Therapeutics enpresakoa ere. Badiolak eta haren taldeak garatu duten nanopartikula aurrerapauso bat izan da koloneko minbiziaren arloan, eritasun horrek gibelean eragiten duen metastasia txikitzen baitu.

Zein ibilbide egin duzue honaino iritsi arte?

Aurkikuntza hau orain dela urte batzuk egin zen, eta patente bat sortu zen. Orain, enpresa bat sortu dugu patente horretatik: Nanokide Therapeutics. Enpresa horrek kudeatzen du nanopartikula hori orain arte egin ditugun entseguetatik gizakietan egingo direnetara eramateko prozesua.

Elkarlanean egin duzue?

Bide horretan, Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalarekin lankidetza batzuk egin ditugu, eurek daukaten programa berezi bati esker. Programa horretan, homologatuta dauzkaten laborategiekin entseguak egiten laguntzen dute, eta entsegu klinikoetara heltzen. Hor parte hartzen dute Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalak eta Estatu Batuetako Sendagaien Agentzia Arautzaileak, Estatu Batuetan botikak onartzen dituenak.

Zer da, zehazki, koloneko minbiziak eragiten duen gibeleko metastasia?

Koloneko minbizia gertatzen da gure kolonean eta ondestean zelula bat gaixotu, eta horren ondorioz tumore bat sortzen denean. Prozesurik hilgarriena zera da, zelula horiek askatu, gorputzean zehar bidaiatu, eta gibelera iristea. Hor metastasia sortzea oso hilgarria da, horra heltzen diren zelulak oso gogorrak izaten baitira, eta tratamenduaren aurkako erresistentziak baitituzte.

Metastasi hori gertatzen denean, zer egiten du zuek sortutako nanopartikulak?

Tumoreak etengabe hazten dira. Heltzen da momentu bat non tumore horrek oxigeno eta elikagai gehiago behar baititu. Horretarako, inguruan dauden odol hodiei deitzen die; odol hodi horiek tumorera hurbildu, eta oxigeno eta elikagai gehiago ematen dizkiote.

Gure nanopartikulak odol hodi horien hazkundea blokeatzen du. Zuzenean joaten da gibelera eta gibeleko odol hodietara, eta horiek blokeatzen ditu. Orduan, odol hodiak ez dira heltzen tumorera, eta tumoreak ez dauka gehiago hazteko gaitasunik: blokeatu egiten dugu tumorearen hazkunde gaitasuna.

Zer esan nahi du gisa honetako aurrerapen bat egin izanak?

Alde batetik, ikuspegi zientifikotik, Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalaren berme hori daukagu, zientifikoki baliagarria dela baitio.

Batez ere, ikuspegi industrialetik balioko du, baliabideak lortzeko orduan. Nanopartikula hau merkaturatzeaz arduratzen den enpresarentzat [Nanokide Therapeutics], berme bat da. Argi dago Nanokidek baliabide ekonomikoak erakarri behar dituela, eta, kasu honetan, ez da berdina baliabide ekonomiko horien bila joatean «nanopartikula bat daukat» esatea, edo «nanopartikula bat daukagu, Estatu Batuetako osasun erakunderik garrantzitsuenarekin batera garatuko dugu, eta haiek dituzten baliabideak jarriko ditugu» esatea.

Noiz hasiko zarete merkaturatze lanekin?

Esperimentazioa egiteko, hamabi hilabete beharko genituzke, eta egindako proba horiekin lortuko genuke baimena gizakiekin entsegu klinikoak egiten hasteko. Hortik aurrera, bat, bi eta hiru fasetako entsegu klinikoak izango dira, eta, horretarako, beste bost urte beharko lirateke.

Tratamendu osagarri gisa erabiliko duzue?

Tratamendu honek odol hodien hazkundea gelditzen du. Hazkunde hori gelditzean, [tumoreari] baliabidea kentzen dio, baina, hein berean, tumoreari zuzenean kalte egin beharko genioke. Adjubante moduko tratamendua deitzen zaio horri. Horrek esan nahi du bi eratara eraso egin litekeela: batetik, inguruari eraso eginez, inguruko lagunak kenduz, eta, bestetik, zuzenean eraso eginez tumoreari.

Aurrerapenik egon da minbiziaren arloko ikerketa eremuan?

Azkeneko urteetan, diagnostikoan aurreratu da gehien, eta ez hainbeste tratamenduan. Minbizia lehenago detektatzea lortu dugu. Horrekin, metastasia sortu aurretik kirurgia bidez tratatu ahal dugu, eta, askotan, kendu.

Zein dira etorkizuneko erronkak?

Erronka da, diagnostikoan aurrera egin den moduan, tratamenduetan aurrera egitea. Ez dugu ahaztu behar orain erabiltzen ari garen tratamenduak tradizionalak direla: kirurgia, erradioterapia eta kimioterapia. Erronka berri hauetan ikusten duguna da immunoterapia izan daitekeela etorkizuneko tratamenduetako bat, askoz zehatzagoa. Gaur egungo immunoterapiekin lortu nahi da immunitate sistema apur bat suspertzea, hor tumore bat dagoela erakustea, eta hark tumoreari eraso egitea. Nanopartikulekin egiten ari garen lana ere gero eta indar handiagoa hartzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.