Jaizkibel erraldoi bat aterako da Hondarribiko kaleetara (Gipuzkoa) bihar. Nora Ferreira (Hondarribia, Gipuzkoa, 1992) kapitaina joango da haien buru; eguna iristeko «urduri» dago, baina baita «pozik eta gogotsu» ere. Errespetua eskatu du.
Zer moduz zaudete?
Oso kontent nago, eta urduri, iaz baino urduriago. Iazkoa izan zen nire lehenengo urtea, eta itsu-itsuan joan nintzen; abentura bat zen. Aurten, ja badakit zer den: zer den Kale Nagusian gora egitea, hedabide guztiak hor daudela... Baina pozik eta gogotsu nago.
Nolako giroa dago herrian?
Giro arraroa. Jaizkibelen jendea lasai eta gogotsu dago. Baina sareetan-eta gezur asko daude; tentsio pixka bat badago.
27 urteren ondoren, aurten, lehenengo aldiz, udalak baimena eman dizue konpainia gisa desfilatzeko. Zenbateko garrantzia du horrek?
Guretzat pauso garrantzitsua zen 27 urteren ondoren baimena udalari eskatzea eta ez ateratzea manifa gisa. Baina beldurra geneukan, biek [Jaizkibelek eta alarde baztertzaileak] baimena edukita, herriak bi desfileak nahasteko; hori ere ez dugu nahi. Gu oso kontent gaude alkateak guri baimena eman digulako, baina gure helburua berbera da: alarde bakarra izatea. Izan ere, gure helburua ez dugu ahaztu behar: alarde publikoa, bakarra eta parekidea lortzea. Gainera, aurten lehenengo urtea da Ertzaintzak ez duena presentziarik izango Jaizkibelen inguruan; egongo da, baina ez gurekin desfilearen aurretik, ondoan, ibilbidea zehazten, gurekin hitz egiten... Egongo da, baina bere lana egiten, ez dakigu non.
Udalaren jarreraren zer balorazio egiten duzue?
Badakigu lanean ari direla hau konpontzeko, baina poliki-poliki ari dira, guk nahi baino polikiago. Gu oso kontent gaude iaz alkateak lehen aldiz harrera egin zigulako, baina besteei ere harrera egin zien, eta hori ez zitzaion gustatu Jaizkibeli; biok parean jartzen gaituzte, eta, guretzat, konpainia feminista bat edo gure eskubideen alde borroka egiten duena ez da konpainia baztertzaile baten parekoa. Gehiago espero dugu; honek bukatu behar du nolabait.
Orain arte, erakunde gehienentzat beti egon zarete alarde baztertzailearen azpitik.
Bai, hori da. Aurtengoa da lehenengo urtea [udalaren] baimena orri berean dagoena, ebazpen berean; hori ere aurrerapauso bat da. Jaizkibelez konpainia gisa hitz egiten dute. Baina niretzat oso garrantzitsua da esatea Jaizkibelen helburua dela gure eskubideen alde borrokatzea eta jaietan parte hartzea. Besteak, azkenean, baztertzaileak dira, eta beren lana da gu ez ateratzea; uste dugu Jaizkibelen giro politagoa dagoela, eta gozatzea da gure helburua.
Praktikan, izango al da aldaketarik?
Praktikan, aurrerapauso oso txikiak emango ditugu. Goizean Gernikako Arbolatik aterako gara. Iaz ere hala irten ginen, baina errepidetik; aurten, alarde gisa, zumarditik aterako gara. Hori guretzat aurrerapauso bat da, horrela egingo dugun lehen aldia delako eta lekua ofiziala delako. Gero, arratsaldean, Zapateroa Kale Nagusitik egingo dugu; guretzat oso garrantzitsua da. Hala egiten dute besteek ere; guk Gipuzkoa Plazan egiten genuen. Guretzat aurrerapauso oso handia da. Halere, hau minimo bat da. Aurrerapausoak dira, baina helburua ez da bete, eta oraindik oso urruti ikusten dugu.
Gernikako Arbolatik aterako zarete lehenengo aldiz. Handik aterako da alarde baztertzailea ere. Zer espero duzue gertatzea? Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak esana du udalaren erabakiek Gernikako Arbola «berriz arrisku eremu» bihurtuko dutela.
Hori txorakeria bat da, zeren gure aldetik entsegu guztietan-eta mezua da gozatzeko, ondo pasatzeko eta guk gurea egiteko. Iaz konpainietako kapitainek jendea atzera botatzen zuten pasatu ginenean, gu ez ikusteko. Baina desfile baztertzailean desfilatzen duen jende pila bat zegoen lehenengo ilaretan gu txalotzen, lagunak agurtzen... Azkenean, gure herriko jendea da. Aurten, gauza bera espero dugu.
Batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, Kale Nagusiko igoera ere gatazkatsua izaten da. Zer espero duzue aurten?
Goizeko igoera, niretzat, momenturik hunkigarriena izan zen, eta egia da jende asko dagoela txalotzen, baina betiko jende asko ere badago, eta tentsioa dagoen momentu bat da: jende asko dago oraindik buelta emanda, oihuren bat... Baina Jaizkibel pasatzen denean, jende pila bat egoten da txalotzen; aldaketa pila bat sumatu dut urteetan. Espero dugu goizeko igoera lasaia izatea, eta, nire ustez, jada lotsagarri geratzen da beraiek pankartak edo paperak-eta ateratzea. Guk espero dugu gurea ondo egitea, pozik. Pixka bat urduriago gaude arratsaldean jaisteko, Zapaterorako.
«Aurten lehenengo urtea da Ertzaintzak ez duena presentziarik izango Jaizkibelen inguruan»
Goizeko desfilean ez ezik, arratsaldean ere egongo dira aldaketak: Zapateroa lehenengo aldiz egingo duzue Kale Nagusian, alarde baztertzailekoek egiten duten bezala.
Guk ez daukagu bandarik; orduan, gure artean joko dugu musika, ez dugulako banda bat sartu nahi, ez dugulako bi alarde gisa aurkeztea nahi. Espero dugu guk gurea egitea eta espaloietan jendea ondo portatzea. Oraindik nukleo oso gogorra dago Hondarribian. Nire ustez, jende gutxi da, baina nukleo oso gogorra dago. Niretzat oso garrantzitsua da jendeak ikustea guk antolatzen dugula mila pertsonako konpainia bat: ezpatadunak dauzkagu, laguntzaileak, zinta moredunak... Oso antolatuta gaude; beraiek beti Jaizkibelen kontrako komunikatuak ateratzen ari dira, esaten zer egin eta zer ez... Jende oso gogorra dago oraindik espaloietan. Nukleo gogor hori jende heldua da, baina nerabeak ere bai. Horrek kezkatzen gaitu; jende gaztea jaio da jada Jaizkibel ikusten, eta pixka bat kezkatzen gaitu Jaizkibeli gorroto hori izateak. Baina jende asko dago Jaizkibel txalotzen, eta aurten espero dugu jendeak gu errespetuarekin tratatzea.
Sarri udalaren esku utzi izan da gatazka hori konpontzeko ardura, baina ardura badute gainerako erakundeek ere.
Bai, bai. Niretzat, udalak errua dauka, Hondarribiko Udala delako eta esan dezaketelako: «Hau bai eta hau ez». Baina, niretzat, lotsagarria da goitik uztea Euskal Herriko herri batean oraindik emakumeak emakume izateagatik ez parte hartzen. Jaizkibelekook oraindik ez dakigu zer dagoen hor goian hau ez konpontzeko.
«Badakigu udala lanean ari dela hau konpontzeko, baina poliki-poliki, guk nahi baino polikiago»
Erakundeek beren ardura ez dutelako bete izan al daiteke?
Ez dute bete, eta ez dute bete Berdintasun Legea ere. 2022an berritu zen, eta oso garbi dago: alarde bakarra, publikoa eta parekidea izan behar da; hala esaten du legeak.
Hori urrun dagoela diozu. Zeintzuek izan beharko lukete hurrengo pausoak hori lortzeko?
Moztu behar da alarde baztertzaileak daukan boterea; botere handia daukate. Ahazten ari dira Hondarribiko alardea dela, herriaren jai bat da. Orduan, lehenengo, publiko bihurtu behar da berriro, alardea berreskuratu eta udalak antolatu. Udalak antolatzen badu eta jai publiko bat bada, parekidea izan behar du. Udalak moztu behar ditu alarde baztertzaileari ematen dizkion baimen denak.
Zein da datorren urterako helburua?
Guretzat, oso garrantzitsua da Jaizkibel [alarde] barruan egotea, konpainia baten gisa, eta denok batera atera. Duela bi urte hasi zen kanpaina bat esanez Jaizkibelek 22. konpainia izan behar duela: Jaizkibel mistoa, besteak orain arte bezala; ez zuten nahi.
Bideragarria ikusten al duzu urtebetean hori gertatzea?
Ez. Oso zaila ikusten dugu. Nukleo oso gogor bat dago. Udal gobernua aldatu dugu, eta badakigu Abotsanitzen helburua alarde bakarra egotea dela, baina oso zaila da, eta, alkateak esango balu «denak batera egongo zarete», beraiek ez lukete nahiko. Esplikatu behar diegu arau bat bada ahoa itxi behar dutela eta bete behar dutela. Aurten jendeari Zapateroa nola egingo dugun azaltzean zera esaten nion: «Ez arduratu, azken urtea izango da hau egingo duguna; hurrengoan, bandarekin jaitsiko gara». Ez dut uste, baina eduki behar dugu esperantza. Gorroto handia dago. Gero, jende pila bat dago alarde baztertzailean desfilatzen duena, eta guregatik ondo dago han egotea, barrutik hau aldatzeko bada. Hau ulertzea ere lan bat izan da guretzat, baina ondo dago gure lagunak hor mantentzea, gu agurtzea egun horretan, eta barrutik zarata pixka bat egitea eta esatea: «Ni hemen nago, baina nire lagunak agurtuko ditut, eta nahi dut hurrengo urtean nirekin ateratzea».