Gasteizko Udalaren egiturekin desadostasunak izan eta gero, «benetako Green Capital baten espiritua» berreskuratu nahi dute Benetako Green taldearen bitartez. Aste honetan aurkeztu dute. Hirian dauden arazo eta gabezien inguruan mintzatu da Andres Illana, taldeko ordezkaria.
Nondik dator Benetako Green plataforma sortzeko beharra?
Hazia, nolabait, aurreko otsailean erein genuen. Ingurumenaren Elkargunean parte hartzen genuen hainbat kidek hura uztea erabaki genuen, udalak organo horretan eztabaidatu beharreko zenbait gairen inguruko erabakiak hartuta baitzituen, Hegoaldeko tranbiarekin edo Iturritxu kalearekin gertatu bezala. Gure partaidetzak inongo erabakimenik eta baliorik ez zuela ikusita, geure kabuz biltzen hasi ginen. Ingurumen Elkargunean lantzen diren gai berberak eztabaidatzen ditugu, baina modu independente eta paraleloan, udala gabe. Hasieran, mugikortasuna eta, batez ere, espazio publikoaren erabilera ziren mintzagai nagusiak. Gerora, ordea, beste kolektibo batzuk batuz joan zaizkigun heinean, parte hartzearen eta klima aldaketaren gaiei ere heldu diegu. Orain, hamabi elkarte eta 160 norbanakotik gora ari gara. Espero dugu auzo elkarteak gehituz joango direla, eta horrekin erronka berriak izango ditugula.
Partaidetzari dagokionez, manipulatuta sentitu zineten?
Bai, aurreko legegintzaldian partaidetza sustatzeko antolaketa berria osatu zuten: auzuneak, arloz arloko elkarguneak eta gizarte kontseiluak. Antolaketa egokia dira, eta badakigu ez direla lotesleak, baina ez dute ezertarako balio. Argi esan behar dugu ez dutela euren funtzionamendua betetzen, alderdiek beren interesen arabera erabiltzeko direla. Adibidez, Ingurumenaren Elkargunean gaudenoi ez ziguten Hiriko Eraztun Berdean basurdeekin egondako arazoaren berri eman, eta are gutxiago hura konpontzeko prestatzen ari ziren alternatibari buruz, ehizari buruz. Halako gaietan zeresanik ez izateak elkargunea uztera behartu gaitu. Benetako Greenen bitartez planteatu nahi dugu parte hartzea eta lan egitea posible dela.
Udalarekin ez zatozte bat klima larrialdiarekiko duen jarrerari dagokionez. Zergatik?
Datorren irailaren 27rako mundu mailako greba deialdi bat zabaldu da klima larrialdiaren harira. Deialdiarekin bat eginez, Greenpeacek eta Ekologistak Martxan-ek mozio bat aurkezteko asmoa zuten Gasteizko Udaleko osoko bilkuran, larrialdi egoera izendatzeko. Azken asteetan, udaleko zinegotziren bat hori bera egitearen alde azaldu da, baina udal gobernuak ez du inolako neurririk hartu egoerari buelta emateko. Gainera, ekainean EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek klima larrialdia izendatzeko mozioa aurkeztu zuten, baina proposamenak ez zuen aurrera egin, EAJren, PSE-EEren eta PPren kontrako botoak jaso zituelako. Antza, «krisi soziala» piztu zezakeen halako adierazpen bat onartzeak.
Lehenik bizi, eta gero mugitu. Hori da mugikortasunaren esparruan duzuen leloa. Zer esan nahi duzue horrekin?
Gure helburua espazio publikoa berreskuratzea da, hau da, pertsona erdigunean duen espazioa, parte hartzea sustatuko duena, garbia eta segurua izango dena. Bigarren zatiarekin esan nahi dugu garraiobideek gure hirian duten gehiegizko garrantzia orekatu nahi dugula. Egun, edukiera handiko garraiobideek dute lehentasuna hiri honetan. Asteleheneko Ingurumenaren Elkargunean Gorka Urtaran alkateak eta Salvador Rueda Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziako zuzendariak garraio publikoa eta motorizatua lehenetsi zituzten bizikleten aurretik. Ez gatoz bat sailkapen horrekin. Bestalde, Mugikortasun Iraunkorreko eta Espazio Publikoko planaren hainbat puntu ez dira bete. Etxe uharte handiak egitea zen proposamenetako bat, baina gutxi eta txikiak egin dituzte.
NBEk Global Green City saria eman berri dio Gasteizko hiriari. Zer deritzozue?
Lehenik eta behin, ematen du NBEk guk baino gehiago dakiela. Antza, 27 ingurumen adierazletatik jaso dute informazioa, baina guk ez dugu adierazle horien guztien berri: ez dakigu non dauden jarrita. Onuragarria da hiriarentzat, zalantzarik gabe. Baina 2012an jaso genuen Green Capital hartatik alde handia dago. Orain dela zazpi urteko hautagaitza Bruselara aurkeztera joan zirenean, adostasun politiko eta soziala egon zen: agintariak, oposizioko kideak eta hiritarren ordezkaritza bat ere joan ziren. Denak poztu ginen Gasteizek izendapena jaso zuenean. Oraingo honetan, berriz, ez da adostasunik egon, alkatea bakarrik joan da, eta gauzak korrika eta presaka egin diren irudipena dut. Atzerapauso handiak eman ditugu, zuhaitzekin, adibidez. Lehen, ia sakratuak ziren gizartean eta eztabaida sortzen zen baten bat moztu nahi bazuten. Orain, berriz, obrak zuhaitzak moztearen sinonimo dira, eta psikosi antzeko bat zabaltzen da herritarrengan. Agintarientzat zuhaitzak ez dira garrantzitsuak.
Zertan arituko zarete lehen hilabeteotan?
Zabalganako trena lurperatzearen inguruko eztabaidetara gonbidatu gaituzte, datorren hilaren 21ean. Bertan izango gara, lurperatzeari buruzko jarrera definiturik ez badugu ere. Gure esku hartzea parte hartzeari buruzkoa izango da, hain zuzen ere, Gasteizko XXI. mendeko lorpen gisa saldu diguten horretan ez delako inongo informazio edo galdeketarik izan. Irailaren 27an, berriz, mundu mailako greba orokorrean parte hartuko dugu. Bestetik, bai Greenpeace, bai Ekologistak Martxan elkarteak Benetako Green plataformaren parte direnez, osoko bilkuran izango gara klima larrialdia deklaratzeko mozioa aurkezten.
Andres Illana. Benetako Green plataformako kidea
«Gure helburua da espazio publikoa berreskuratzea»
Benetako Green plataforma sortu dute Gasteizen. Erakutsi nahi dute posible dela ingurumen gaietan parte hartzea eta lan egitea. Udal organoek ez dute euren lana betetzen, Illanaren aburuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu