Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren atarian azken xehetasunak lotzen dihardu Patxi Juaristi kongresuko lehendakari eta EHUko soziologia doktoreak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1967). Azaldu duenez, topaketa «foro bat» izatea nahi dute. Helburua da azken hilabeteotan Eusko Ikaskuntzaren lantaldeetan egindako sukaldeko lana sozializatzea, eragileekin partekatzea eta proposamen batzuk ontzea «herri kohesioa» sustatzeko. Kongresua irekia da, eta doakoa.
Kongresuaren mamian sartzeko, azalduko zenuke zein den Eusko Ikaskuntzaren funtzioa?
Euskal kulturari eta, orokorrean, Euskal Herriari buruzko ardura daukan erakunde bat da. Bereziki arlo soziolinguistikoak eta kulturalak landu izan ditu, baina beste arlo askotan ere aritu izan da. Eusko Ikaskuntzaren lehenengo kongresua 1918an izan zen. Espainiako Errepublika garaian lehen autonomia estatutua lortzeko edo euskal unibertsitatea sortzeko garrantzi handia izan zuen, adibidez. Oro har, Euskal Herriaren aurrerabidea bultzatzeko eragile garrantzitsua izan da.
Nork sortu zuen?
Hego Euskal Herriko lau aldundiek sortu zuten, 1918an. Duela ehun urte baino gehiago Hegoaldeko lau aldundiek halako erakunde bat sortzea interesgarria da, eta gaur egun kontseilu errektorean daude. Ipar Euskal Herriko ordezkaritza ere badago kontseilu errektorean. Euskal Herriaren kohesioa bultzatu duen erakundea da.
Kohesio hori nola landu da?
Guretzat, Eusko Ikaskuntzaren muina gizarte zibila izan da. Gizarte zibilak daukan foro edo gogoetarako esparru gisa ikusten dugu. Baina bere kontseilu errektorean eta ikerketak bultzatzean beti dago ahalegin bat herrialde arteko oreka, belaunaldi artekoa eta genero artekoa zaintzeko.
Nola izaten da sukalde lana?
Azken urteetan ikerketa egitasmoak egin dira. Azken kongresuan pentsatu ziren lan ildo batzuk. Eta datorren kongresuan azken urteetan egindako ikerketa horiek aurkeztuko dira, eta horiei buruz gogoeta egingo da.
Zer ikertu da?
Hainbat lerrotan ikertu da. Adibidez, euskal nortasunari buruzko ikerketa bat egin da. Gure gizartea asko aldatzen ari da, eta hainbat ikerketak diote are eta gehiago aldatuko dela. Orduan, galdera izan da: euskal nortasunak nolakoa izan beharko luke 2050ean? Lau urtez aritu gara ikertzen hori, proposamen bat ontzeko. Beste ikerketa sakon bat egin dugu hezkuntzaren inguruan, Iparraldean, Nafarroan eta EAEn hiru hezkuntza sistema dauzkagulako. Kultur eskubideen inguruan ere egin dugu beste ikerketa bat. Gizartelab ere sortu zen, trantsizioen inguruan hitz egiteko. Europa mailan lurralde gatazkak nola kudeatu ere ikertu dugu, badaudelako zenbait esperientzia. Kohesioaren inguruan lurralde ikuspegitik ere egin dugu ikerketa bat, gero eta jende gehiago joaten baita hirietara bizitzera, eta herriak husten ari baitira. Herri txikien akademia sortu zen horri buruz gogoeta egiteko.
«Bigarren Mundu Gerra osteko eredu hark ez dio erantzuten gaur egungo gizarteek dituzten beharrei»
Esan duzu Bigarren Mundu Gerraz geroztik egon den tamainako trantsizio edo mugarri batean egon gaitezkeela. Zer aldagai ikusten dituzu horretarako?
Bigarren Mundu Gerraren ostean gogoeta bat egin zuten pentsatzeko zer-nolako ongizate eredua nahi zuten, eta herri itun moduko bat egin zuten estatuek ongizatean eta garapenean aurrera nola egin zehazteko. Orain autore askok esaten dute, eta nik ere hala pentsatzen dut, garai hartan forma hartu zuen hark ez diola erantzuten gaur egungo gizarteek dituzten beharrei, gizarteak asko aldatu baitira. Eta pentsatzen dugu itun berriei buruz hitz egiten hasi behar dugula. Gure gizarteak antolatzeko modu berriez hitz egiten hasi behar dugu, eta, beraz, alde horretatik, itun berriez. Bigarren Mundu Gerraren ostean era bateko gizartea sortu zen; gaur egun beste era bateko gizarte mota batetara goaz. Argi ez dakigu nolakoa izango den, gauza batzuk imajina ditzakegu, baina ez dugu ziurtasunik. Badakigu gizartea asko aldatuko dela, baina ez dakigu zenbat eta norantz.
Herri itunen beharra azpimarratzen ari zara. Ikusten duzu herri eragileen, alderdien eta erakundeen artean akordio horietara iristeko zumerik?
Nik pentsatu nahi dut baietz. Guk egindako ikerketetan ondorioak aurkeztu eta herri itun baterako proposamen batzuk egingo ditugu, etorkizunera begira, betiere herri kohesioa aintzat hartuta. Ekonomia, ongizatea, kultura, identitatea, lurraldetasuna... horren inguruan proposamen batzuk egingo ditugu.
Hitz egiten da gazteek gai horien gainean izan dezaketen desafekzioaz. Soziologoa zaren heinean, zer interpretazio egiten duzu?
Errealitatea bada hori. Bai, egia da, desafekzioa badago. Baina hala eta guztiz ere, oso konplexua da gazte guztiak zaku berean sartzea. Guk, adibidez, euskal nortasunaren inguruan eztabaida talde asko egin ditugu, gazteekin ere bai. Gazte batzuek agian urrunetik begiratzen diote gai horri, baina hitz egiten hastean, kezkatzen direla iruditzen zaigu. Datu kuantitatiboak ikusten badituzu, ikusten da ez zaizkiela interesatzen gai horiek, baina sakoneko elkarrizketak egiten badituzu, ikusten duzu ez zaiela arrotza gai hori, badutela kezka.
Zenbait inkestatan zehaztu da agian ez diotela desafekziorik politikari berari, baizik eta gehiago alderdi eta erakunde sistema horri.
Politika interesatzen zaie. Baina agian beste era batera. Politika borroka partidistarekin lotzen badugu, orduan badago atzerapen bat, baina, axola zaizkien gauzez hitz egiten dutenean, konturatzen zara erabat gai politikoak direla. Eta euskal nortasunaz hitz egitean, adibidez, iritziak badituzte. Ingurumena, feminismoa... badaude gai batzuk erabat politikoak direnak, eta axola zaizkie.
Nola berreskura liteke konfiantza?
Asko hitz egiten da gizarte likidoaz, eta hor barnean sartzen da konpromiso iraunkorraren falta ere. Hori gizartean orokorrean sumatu liteke. Gazte pilo bat ezagutzen ditut boluntarioak direnak eta alderdietan edo erakundetan militatzen dutenak. Baina orokorrean gizartean ikusten da konpromiso falta eta indibidualismoaren gorakada. Ze zu gizartean talde bateko partaide baldin bazara, kirol talde batean edo kultura talde batean, berdin du: errealitate horrek eramaten zaitu politikara, baina indibidualismoa sustatu da. Gizartea ere gero eta hedonistagoa den ideia zabaltzen hasia dago. Momentuko plazer hori bilatzen da gero eta gehiago.
«Proposamen batzuk egin nahi ditugu, gizarte gisa norantz eta nola joan nahi dugun erabakitzeko»
Elkartzen gaituena lelopean antolatu duzue XIX. Kongresua. Zer funtzio bete nahi du?
Foro bat sortu nahi dugu dauzkagun erronken inguruan proposamenak egiteko. Pentsatzen dugu trantsizio garai batean gaudela, gure gizartea aldatzen ari dela eta asko aldatuko dela. Gune bat sortu nahi dugu. Denon artean eztabaidatu eta proposamen batzuk egin nahi ditugu, gizarte gisa norantz eta nola joan nahi dugun erabakitzeko. Arlo batzuk zehaztu ditugu horretarako.
Hiru ardatz hartu dituzue, lehena sozioekonomikoa. zergatik?
Bai, enpleguari buruz hitz egingo dugu, ongizateari buruz, jasangarritasunari buruz, belaunaldien arteko harremanei buruz... Kokatzen laguntzeko, Hillary Cottam gonbidatu dugu. Hark egingo du hasierako hitzaldia —honako liburu hau idatzi du: Radical Help: How we can remake the relationships between us and revolutionise the welfare state (Laguntza erradikala. Nola berregin ditzakegun gure arteko harremanak eta ongizate estatua irauli)—. Eusko Ikaskuntzak egin ditu barne ikerketak, baina kanpoan zer gertatzen ari den ikustea ere oso interesgarria iruditzen zaigu. Cottamek hainbat eredu ezagutzen ditu, eta gurea bezalako herri txiki batean zein eredu sozioekonomikok funtziona dezakeen azalduko du, bestelako eredu batzuk azalduz.
Gizartea eta lurraldetasuna ere jorratuko dituzue.
Kohesioari buruz hitz egitean aldagai gehiago ere badaude, baina bi horiek dira bereziki Eusko Ikaskuntzak landu dituenak. Gure gizarte kohesioa hobetzeko zer behar dugu? Nola lortuko dugu kohesioa nortasunaren ikuspegitik? Edo zer kultur eskubide ditugu? Edo nolako hezkuntza behar genuke gure kohesioa zaintzeko? Galdera horiek egin behar ditugu behintzat, erantzunak konplexuak badira ere.
Nola lurreratzen dira gero proposamen horiek?
Aipatu dugu hori gure artean, baina ez diogu oraindik formarik eman. Kongresuekin askotan gertatzen da aktak egiten direla, baina gero tiraderetan galtzen direla. Garrantzitsua da, ordea, egiten den lana zabaltzea. Eragileekin elkartu behar dugu, ateratzen dena aurkezteko. Sozializatzen saiatu behar dugu.