Josu Urrutikoetxea. ETAko kide eta ordezkari ohia

«Gure gatazka politikoan tresna izan beharko luke komunikazioak»

Josu Urrutikoetxeak dio Euskal Herrikoa auzi «politikoa» dela azaldu nahi izan diola Espainiako gizarteari 'No me llame Ternera' filmean. Ikusi du dokumentala, eta uste du «hari» hori falta zaiola. Gaur estreinatuko dute, Donostiako Zinemaldian.

BERRIA.
enekoitz esnaola
Ziburu
2023ko irailaren 22a
00:00
Entzun

Polemikarik eragin du No me llame Ternera dokumentalak (Ez nazazu dei Ternera). Gaur emango dute lehen aldiz, Donostiako Zinemaldian, prentsarentzat, eta bihar eta etzi bina emanaldi izango dira. Josu Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950) ETAko kide ohi eta ETAren ordezkari izandakoa elkarrizketatu dute Jordi Evole eta Marius Sanchez kazetariek, eta bostehun lagun pasak Zinemaldiari eskatu zioten ez emateko filma. Eskaera ez du aintzat hartu Zinemaldiak. Filmaz eta polemikaz hizketan aritu dira azkeneko asteetan Evole, Sanchez, zinema jaialdiko zuzendari Jose Luis Rebordinos, filmean ageri den ETAren biktima Francisco Ruiz eta abar. Urrutikoetxea ez beste asko mintzo. BERRIAk Urrutikoetxearengana jo du. Ziburun izan du harekin hitzordua (Lapurdi); atzo goizean, euripean.

 

Polemika sortu da No me llame Ternera elkarrizketa filmaren inguruan. Zer diozu zeuk, dokumentaleko protagonista izanik?

Orain Zinemaldia delako, beste batzuetan beste gauza bat izan delako, polemikak nahiko erraz atera dira nire inguruan. Hain zuzen, Espainiako Estatutik-eta nire inguruan eraiki duten garaikurra dela eta, haiek egin dute irudi bat eta haiek maneiatzen dute irudi hori beren interesen arabera eta interesatzen zaien momentuan. Beraz, ez da gauza berria eta harritzekoa fronte mediatiko horretatik eta interes batzuen inguruan mugitzen diren indar politikoek eta beste batzuek burrunba egitea.

Ikusi gehiago:Hegemoniaren defentsan

Artikulu batean, 514 lagunek Zinemaldiari eskatu zioten filma erretiratzeko, lanak ETA eta zeu «zuritzen» zaituztelakoan. Zinemaldiak ez du onartu eskaera.

Zer esan... Zinemaldiaren erabakia da.

Polemika sortu denetik, hartu-emanik izan al duzu Zinemaldiarekin edo filmaren egileekin?

Pelikularen egile batekin bai.

Ikusi gehiago:Jose Luis Rebordinos, Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria: «Hitza emateari ez zaio beldurrik izan behar»

Justu orain dela hogei urte ere izan zen polemika bat euskal gatazka dela eta, Zinemaldiak La pelota vasca eman zuenean (Euskal pilota).

Gogoan dut. Orduan ere interes jakin batzuen arabera mugitzen zen burrunba. Gatazka politikoaren irakurketan, irabazlearen eta galtzaileen kontaketan kokatu behar da burrunba hori.

Zuk zer nahi izan duzu No me llame Ternera dokumentalean parte hartuta?

Lan honen oinarrian proiektu anbiziotsu bat zegoen. Zenbait arrazoi direla medio, bertan behera geratu zen, baina ni gero ere prest nengoen elkarrizketa egiteko. Ni 2020an libre geratu ondotik, Parisen izan ziren lehen harremanak, eta azkenean hau atera da. Asmoaz galdetu didazu, ordea. Gaur egun, komunikazioa eta komunikabideak gerla tresna bilakatu dira; gerla, zentzu zabal batean hartuta. Ikusita nolako garrantzia duen komunikatzeak eta hori noren bidez egiten den eta zer eta noren eskuetan dauden komunikabide horiek Espainiako Estatuan, Frantziakoan edo munduan, eta zenbateraino egiten duten komunikazioa, gertakizunen aurretik jartzen dira. Hau da, afera lehertu aurretik, haiek egina dute horren muntaia. Adibide mordoxka ditugu: Irakeko afera, Txileko orain dela 50 urtekoa, eta Euskal Herrian, barra-barra. Komunikazioa izugarrizko indarra duen tresna bat izanik, nik uste dut, eta jakinda zeinen eskuetan dagoen, gure gatazka politikoan tresna izan beharko lukeela, ez tresna bat.

Film honetan baliatu nahi izan duzu, beraz.

Bai. Azalpenak emateko Espainiako jendarteari. Agian, ur tanta bat da Espainiako iritzi publikoan, baina nik nahi nuke zerbaiten hasiera izatea. 1936an hasitako bonbardaketa mediatikoak gaur egun ere segitzen du, eta horretan datza Euskal Herriaren kontrako eraso politikoa eta mediatikoa. Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Herriaren kontra duten gatazka da hau. Izugarrizko indarra hartu behar du komunikazioak etxera begira, baita Espainiako jendartera begira ere, eta orain arte ez da hala egin. Agertzen ez dena ez da existitzen.

Zer mezu eman nahi izan duzu?

Nik esan nahi nuena zen iturburura joan behar genuela, eta iturburua gatazka politiko batena da. Hau da, edozein estatuk zapaldutako herri bati zor dion lehen gauza dela herri horri hitza ematea. Hori erakutsi nahi nuen, gatazka politiko bat dela. Hori zen pasatu nahi nuen mezua, esan gabe nola egin filma, hori egileari dagokio eta: forma, egiten den muntaketa...

Ikusia al duzu dokumentala?

Bai, orain dela aste batzuk. Niretzat, hari politiko horixe falta da. Uste dut testuingurua jartzea falta zaiola, eta azaltzen dena da zer iritzi dudan gertakizun, ekintza gogor batzuen inguruan. Arriskuak hartu nituen, eta hau ez da nik espero nuen emaitza, baina ez naiz haien lanean sartuko. Uste dutena egin dute haiek; nik beste ikuspegi bat daukat, eta beste ideia bat lan horri buruz, baina errespetu osoz esaten dut hori.

«Azaltzen dena da zer iritzi dudan gertakizun gogor batzuen inguruan»...

Gatazka politikoa izan da, bere ondorio latz, gordin eta bueltaezinezko guztiekin. Hori erakutsi nahi nion Espainiako jendarteari. Ez dezatela pentsa, nolabait, gertakizun horietan inork plazer hartzen zuenik. Ekintza politikoak, helburu politikoak zituztenak ziren. Hori erakutsi nahi nuen. Eta horrelako borroka bortitz eta gogor batean dinamika horretan sartzen garenean, alde batetik eta bestetik, bestearekiko enpatia galtzen da.

Azken egunetan argitaratu denez —BERRIAkook oraindik ez dugu ikusi filma—, dokumentalean aitortu duzu zerikusia izan zenuela, etakide gisa, ETAk 1976an egindako hilketa atentatu batekin, Galdakaoko alkate Victor Legorbururenarekin. Ez da ohikoa aske den ETAko kide ohi batek halakorik esatea jendaurrean.

Bai, aitortu dut hori. Dena den, grabaketa ordu asko izan ziren, eta ez naiz zehazki gogoratzen nola atera zen gaia. 1970eko hamarkadako testuinguruan, beste atentatu batzuk aipatzen dira, eta hor kokatzen dira Franco hil aurretik eta ondoren [ETA] erakundeak egindako kanpainak, tartean zirela hautetsien kontrakoak —jendeak hautatu gabekoak ziren—, eta uste dut momentu horretan ateratzen dela aipatutako gai hori.

Helburu jakinen bat al zenuen orain hori jakinaraztean?

Ez. Testuinguru horretan agertzen da.

Duela hiru urte libre atera ondoren, elkarrizketak eman zenizkien BERRIAri, Gara-ri eta Frantziako hedabide batzuei; batzuk, zabalak. Aitortzen al duzu oraingo filmeko elkarrizketak bestelako irismena eta eragina izan ditzakeela, Zinemaldian emango dutelako eta abar?

Banekien izugarrizko burrunba sortuko zela. Eta baliteke gauzak zertxobait mugitzea. Fronte mediatikoak interesatzen zaiona mugituko du, eta, noski, ez da nire mesederako izango.

Guardia Zibilak ETAren ibilbidearen ikurtzat jo izan zaitu. Espainian baduzu auzirik zabalik.

Sortu izan duten nire irudia euren erara erabiltzen dute. Beraz, oraingo zera honek ondorioak izan ditzakeela? Bai, noski. Baina lehen ere egin izan dituzte muntaiak nire aurka; adibidez, esanez nire 2019ko atxiloketan Guardia Zibilak aurkitu ninduela, hori gezur borobila den arren.

Madrilen bi epaiketa dituzu egiteko: herriko tabernenauzikoa —Gorenak bi urtetik beherako zigorrak eman zituen— eta Zaragozako 1987ko abenduko atentatuari buruzkoa...

Bai. Parisko epaitegian onartua dute bi kasuengatik ni Espainiaratzea epai nazaten. [Espainiako] Auzitegi Nazionalak orain dela bi urte erabaki zuen epaiketarako data, eta finkatua zuen heldu den urtarrilerako. Baina ikusita [Frantziako] prozedurak nola doazen, Auzitegi Nazionalak berak [joan den] uztailean erabaki zuen bertan behera uztea balizko epaiketa horren datak, eta atzeratzea, oraindik finkatu gabe noiz egin daitekeen.

Fiskalak 2.300 urtetik gorako kartzela zigorra eskatua du zure kontra Zaragozako kasu horregatik —ETAk 11 lagun hil zituen—.

Bai; ez parte hartzeagatik, baizik eta, oker ez banabil, [ETAren] zuzendaritzako kide izan eta aginduaren parte izatea egotzita.

Eta?

Argi eta garbi, betidanik esan ditut bi gauza: ez nintzela zuzendaritzaren parte; beraz, ez nuela inolako zerikusirik.

Frantzian, berriz, prozedura bat irekia daukazu: 2002-2005eko auzikoa, etakidetzat jota.

Ni 2019an atxilotu ondoren, auzia egin zen, duela bi urte, baina, instrukzioan zernahi egin zutela ikusita, epaileak erabaki zuen berriro instrukziora itzuli behar zela.

Duela bost urte, ETAren desegitearen agiria irakurri zenuten Marixol Iparragirrek eta biok. Nola ikusten duzu Euskal Herriko gaurko egoera?

Batetik, ezker abertzalea gaur egun dagoen tokian dago, hainbeste urtean debekatuta egon eta gero, eta haren egoera hau zaila da ulertzea Euskal Herria ez bada ulertzen. Garaia biziki interesgarria da —horrek ez du esan nahi gogorra ez denik—, eta mugikorra ere bai, eta ezker abertzalearen azkartasuna eta aurrepausoak ikusi dira. Baina horrek ez gaitu itsutu behar. Madrilen berriro gobernu aurrerakoia osatuta ere, egoera ez da erraza izango; beste gobernu mota bat badago, askoz zailagoa izango da. Baina aurrerapauso guztiek sendotasun potente bat behar dute. Hau da, herritarrei aukera eman behar zaie etxearen oinarriak eraikitzeko; herritarrek prozesu luze honen parte hartzaile sentitu behar dute. Hori da aurrera egiteko gakoetariko bat. Eta ezker abertzalean bertan transmisio lana egitea ere oso garrantzitsua izango da.

Dokumentalaren kronika (2023-9-23):Auzi bat, ikuspegi desberdinak

Testu bilduma: Josu Urrutikoetxea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.