Nagikeria salatu du Ramon Etxezarretak Urtzi Urkizuk hedabide honetan egin dion elkarrizketan. Haren ustez, utzikeria mota horrek bultzatzen du jatorkeria. Nagikeria: ez dut ahaleginik txikiena ere egingo beste euskaldunekin komunikazioa errazteko. Jatorkeria: neure sutondoko euskarari eutsiko diot etxean, auzoan, herrian, probintzian, Euskal Herrian eta atzerrian. Mongoliako estepan Euskal Herriko beste muturreko euskaldun batekin topo egiten badut, orduan ere neureaz baliatuko naiz. Eta hark ulertzen ez badu, espainieraz egingo dugu. Nahiago dut erdara batuan hitz egin euskara batuan baino.
Nagikeria. Edo jatorkeria. Elkarri lotuta doaz. Herri normal batean ikaskideek barre egingo liokete unibertsitatean jende aurrean modu ia ulertezinean hitz egiten duen ikasleari. Euskal Herrian, aldiz, ez. Hemen dialektologia ikasketak ere eskatuko dizkiete noizbait irakasleei fisika, deontologia edo estatistika eskolak emateko. Edo, zenbaitetan, leihatilan dagoen funtzionarioa konprenitzeko.
Antzinako pentsaera eta ohiturak aldatzen saiatzen ari gara, herritar guztiak errespetatzeko. Inor ez zokoratzeko. Ez da erraza, baina apurka-apurka ikasten ari gara. Batzuetan, konbentzimenduz; bestetan, dekretuz. Edo presio sozialaren ondorioz: ez esan halakorik, ez jokatu horrela, hori txarto dago gero! Jadanik ez dugu txalotzen gustu txarreko txisterik. Noizko zorroztasun hori hizkuntzaren arloan? Goraipatu behar dugu zenbait euskaldunen jarrera, alfabetaturik egon arren haiek izan ezik beste guztiek ulertzen ez duten euskaraz egiten dutelako? Bat egin behar dugu haiekin?
Erakundeak hamaika kanpaina egiten ari dira begirunea eta bizikidetza sustatzeko gizartearen arlo guztietan, hizkeraren esparru horretan salbu. Badirudi hizkuntzari ez diogula ematen besteei adinako garrantzia. Tokian tokiko geure mintzairari eusten diogu. Edonon. Edonoiz. Edozeinekin. Berdin dio argi eta garbi aditzen digun edo ez. Bizkaitik eta Gipuzkoatik EAEko hiriburu politikora administrazio publikoan lan egitera etorkin joandako euskaldun guztiek batuan hitz egiten dute euskaldun arabarrekin ala ostiraletako afalostean herriko soziedadeko lagunekin egongo balira bezala aritzen dira? «Zure etxeko euskara zoragarria da, baina ez dizu balioko euskaldun guztiekin euskaraz komunikatzeko». Halakorik entzungo dugu inoiz?
«Suomiera arras, zeharo bitxia zaigu euskaldun gehien-gehienoi. Haiei izan ezik, noski. Haiek euskaldun finlandiarrak dira».
Jatorkeriak inkomunikazioa ekartzen du, euskarak behar duenaren kontrakoa, hain zuzen ere. Noiz izango ditugu kontzientziazio ekimenak ohitura hori aldatzeko, beste hainbat esparrutan egin duten legez? Euskaraz egin leloa ondo dago, baina halako zerbait hobeto legoke: ondo komunikatu: euskara ulergarrian mintzatu. Geure euskalki edo azpieuskalkiaz egiten badugu guztiz arrotz zaien euskaldunekin, erdarara jotzera eramaten ari gara. Hori nahi dugu? Ondo komunikatu: euskara ulergarrian mintzatu. Ez da guraso edo herriko lagunekin euskara batuan egitea, baizik eta zure erregistro linguistikoaren jabe ez diren beste euskaldunekin hizkera komuna erabiltzea herritik kanpo zaudenean. Euskaraz elkar ulertzea. Euskara batua erdara batua baino nahiago dugulako. Horixe pentsatu nahi nuke, behintzat.
Gure aitak lan egiten zuen fabrikan bazegoen behargin galiziar talde bat. Galizieraz hitz egiten zuten euren artean, Ourenseko herri txiki bateko lankide batekin izan ezik. Ez zegoen galiziarrik, haren galiziera ulertzen zuenik. Haren herritik 20 kilometrora jaiotakorik ere ez. Ingelesa deitzen zioten lagunek. Izan ere, duela 50, 60 urte ingelesa ulertezina zen hemengo herritar ia guztien belarrietan. Orain, gero eta jende gehiago moldatzen da hizkuntza horretan, nola edo hala. Ez zaigu hain ezezagun gertatzen. Hori dela eta, ingelestzat ez, finlandiartzat jo genitzake jatorkeriaren hautua egiten duten euskaldunak. Izan ere, suomiera arras, zeharo bitxia zaigu euskaldun gehien-gehienoi. Haiei izan ezik, noski. Haiek euskaldun finlandiarrak dira. Gure finlandiar jatorrak.