Gure Eskurentzat, «kultura demokratikoan sakonduz» erantzun behar zaio krisiari

Herritarrek COVID-19aren ondorio soziekonomikoei «ahaldunduta» erantzun behar diete, herri dinamikaren ustez. Solasaldi digital batzuk martxan jartzekoa da

Amalur Alvarez Gure Eskuren bi bozeramaileetako bat, eta Josu Etxaburu, bestea, Hamaika Gara-ren aurkezpenean, martxoaren 11n. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako krisian, Gure Eskuk elkar zaintzeari eman dio «garrantzia». Herri dinamikaren bi bozeramaileetako bat da Amalur Alvarez —Josu Etxaburu da bestea—, eta adierazi du haiek ere «arduraz» jokatu nahi izan dutela. Horrenbestez, erreferenduma egiteko ahalmena garatzeko ahaleginean duela hilabete pasa abiatutako Hamaika Gara egitasmorako udaberrirako antolatutako kaleko jarduera eta mobilizazioak udazkenera atzeratu ditu dinamikak. Alvarezen esanetan, orain norberaren eta aldamenekoaren zaintzan daude «zentratuta», bai, baina «argi» dute COVID-19aren krisiak jada eragin dituen eta eragingo dituen ondorio sozioekonomikoei herritarrek «ahaldunduta» erantzun beharko dietela. «Badago aukera kultura demokratikoan sakontzeko, eta modu horretan erantzun beharko diogu».

Alvarezen iritziz, azken asteetan ideia horri «begiratzeko» ahalegina egiten ari dira. Zeregin horretan, eta koronabirusaren krisiaren testuinguruan, «oso interesgarria» iruditu zaio Zelai Nikolas dinamikaren bozeramaile izandakoak joan den astean berripaper honetan argitaratutako artikulu bat. «Esaten zuen duintasunean, berdintasunean, askatasunean eta elkartasunean gizarte bat eraikitzeko aukera daukagula». Alvarezen ustez, datozen hilabeteetan galdera bati erantzun beharko zaio: «Nola atera nahi dugu krisi honetatik?». Pentsatzen du «inoiz baino beharrezkoagoa» dela demokrazia «sakon bat» eraikitzea.

Bitartean, Hamaika Gara bultzatzeko beste 23 eragilerekin sustatutako manifestua sinatzeko aukerak zabalik jarraitzen du. «Hasieratik esan genuen molde digitala lehenetsiko genuela». Bide batez, kanpaina digital bat hastekotan da herri dinamika, baina «momentuak neurtzen» ari dira.

Hori bai, solasaldi digital batzuk martxan jartzekoak dira. «Ikusten ari gara krisia azaleratzen ari dela lehendik ere eztabaidagai ziren auzi asko: osasungintza, sistemaren beraren krisia, kulturgintza, gobernantza eredua, ekonomia, elikadura...», azaldu du karguan urtebete egin duen bozeramaileak. Haren ustez, eta manifestuan jasotako edukiei jarraikiz, burujabetzaren kontzeptua «jantzi» nahi izan dute. «Erabakitzeko eskubideari buruzko diskurtsoa garatuz jauzi bat eman dugu». Gelditu, hausnartu eta erabaki izena jarri diete solasaldi horiei. «Krisi honetatik nola atera nahi dugun irudikatzeko ariketa bat da». Hain zuzen, geldituz, hausnartuz, eta erabakiz. «Hori landu nahi dugu». Elkartuko dituzte gai batean adituak diren bizpahiru pertsona, «Euskal Herrian erreferenteak direnak», eta elkarrekin solastatuko dira. Krisia etorri aurretik ere eragileekin batera hitzaldi ziklo bat egiteko asmoa zuen herri dinamikak. Bozeramailearen aburuz, «eragileen arteko aliantza» bat dator Gure Eskuren filosofiarekin. «Oso aberasgarria izaten ari da dinamika, eta hurrengo hilabeteetan ere oso baliagarria izango da».

Jarrera autoritarioez

Joan den apirilaren 7an, koronabirusaren krisia dela-eta Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik hiru aste igaro berritan, Gure Eskuk hausnarketa labur bat plazaratu zuen Facebookeko bere kontuan: «Krisi egoera baliatu nahi dute gure autonomia are gehiago murrizteko eta herritarren erabakitzeko gaitasuna ezerezean uzteko». Alvarezentzat, «demokraziarekin loturiko» gaiak azaleratzen ari diraCOVID-19ak eragindako krisian. Gai horietako bat «burujabetza» da. «Ikusi dugu alarma egoera batean nork hartzen dituen erabakiak, Espainiako Estatuak, eta zer joera dagoen zentralizaziorako. Arazoa globala bada ere, tokian tokiko erabakiak hartu behar direla sinetsita gaude». Pentsatzen du «inoiz baino beharrezkoagoak» direla erabakien «gardentasuna eta gertutasuna».

Krisiak azaleratu duen beste gai bat «gobernantza eredua» da.Gure Eskuren «betiko aldarrietako bat» da edozein gatazka edo auzi soziali herritarrek, eragileek eta erakundeek elkarrekin erantzutea, bakoitzak «dagokion rola» betez. «Koherentzia kontu bat da. Krisi honetan herritarroi erantzukizuna eskatzen bazaigu, zergatik ez eman erantzukizuna erabakitzeko ere», azpimarratu du Alvarezek. Horretarako bideak ireki behar direlakoan dago.

Badaki aurrerantzean «indar handiagoarekin» agertuko direla «lehendik ere» bazeuden «jarrera autoritarioak». Horri aurre egiteko «modurik eraginkorrena eta egokiena» herritarren parte hartzea eta erabakitzeko eskubidea «zabaltzea» dela uste du. «Aspalditik dator oinarrizko eskubideak eta askatasunak bermatzeko aldarrikapena. Krisi honek are gehiago azaleratu ditu zapaldutako eskubide eta askatasunen injustiziak». Bozeramailearen iritziz, herritarrak ez badira ahalduntzen, jarrera «autoritarioagoak indartzeko aukera» dago.

Ikusten du, ordea, koronabirusaren krisian ere «eragile askok» lanean jarraitzen dutela. «Ikusten ari gara herritarrek badutela gaitasuna, sentitzen dutela ardura autonomia osoz, adibidez, zaintza sareak osatzeko. Horretaz jabetu behar dugu, eta horri heldu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.