Gure Esku-ko lehengo eta oraingo zuzendaritzako kideek «jauzi bat egiteko aukera» dagoela aldarrikatu dute

Ekainaren 7ko mobilizazio nazionalaren nondik norakoen inguruan aritzeko bildu dira, eta aukera «aprobetxatu beharra» dagoela nabarmendu dute.

Gure Esku-ko kideak, gaur eguerdian, Arantzazuko topaketan (Oñati, Gipuzkoa). GURE ESKU
Gure Esku-ko kideak, gaur eguerdian, Arantzazuko topaketan (Oñati, Gipuzkoa). GURE ESKU
ane insausti barandiaran
2025eko martxoaren 29a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Mugimenduaren sorreratik Gure Esku-ko zuzendaritzako kide izandako 31 lagun bildu dira gaur Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa), ekainaren 7an Bilbon egingo duten manifestazioaren inguruan aritzeko. Erabakitzeko eskubidearen auzian, «herri gisa jauzi bat egiteko aukera» dagoela nabarmendu dute bertan, eta aukera hori «aprobetxatu» beharra dagoela. Alde horretatik, uste dute ekainaren 7ko Bilboko mobilizazioa «giltzarria» izango dela, «jauzi horren beharra agerian uzteko herri agerraldi bat». Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki izango da mobilizazioaren leloa.

Mugimenduko zuzendaritzako lehengo eta oraingo kideak izan dira topaketan. Besteak beste, gaur egungo eledun Josu Etxaburuk, eta bozeramaile izandako Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek parte hartu dute. Hamabi urtean egindako lana azaltzeaz gain, gaur egungo egoera politikoa izan dute hizpide. «Gure herria, euskara eta euskal kultura ez daude nahi genukeen bezain indartsu, ez daude mehatxuetatik libre. Gure eskubideak behar bezala zaintzeko baliabideak falta ditugu. Baita mundu mailako gaur egungo erronkei heldu eta etorkizun parekideagoa, justuagoa, orekatuagoa eta jasangarriagoa eraikitzekoak ere», nabarmendu du Etxaburuk.

Dena den, bozeramaileak adierazi du estatus politikoaren eta lurralde antolaketaren inguruko eztabaida «zabalik» dagoela, eta ekainaren 7ko mobilizazioa testuinguru horretan kokatu du: «Eztabaida horrek, prozesu politiko horrek, balio behar du herri libre bat eraikitzeko eta geure buruaren jabe bilakatzeko. Euskal Herria nazio gisa aitortzeko eta burujabetza osoaren bidean aurrera egiteko garaia da». Hain zuzen, Bilboko mobilizazioa borondate eta anbizio horren erakustaldia izatea nahi dute.

Eztabaida mahai gainean dagoela diote. Herri gisa jauzi hori egiteko, baina, ezinbestekotzat dute indarrak batzea eta herri gogo hori erakustea: «Anbizio kolektiboa eta auzolana berreskuratzeko garaia da. Egin dezagun bidea elkarrekin, errazagoa eta aberasgarriagoa baita elkarrekin egindakoa».

Horiek horrela, ekainaren 7an beste «mugarri» bat jarriko dutela berretsi dute Arantzazun: «Ozen eta alai entzunaraziko dugu libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugula, eta burujabetza espazio berriak eskuratzea dagokigula gure herriak arnasa har dezan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.