Gure Esku-k herrialde batzarretara deitu du, ekainaren 7ko mobilizazioa prestatzeko

Plataforma subiranistaren bozeramaile Josu Etxaburuk esan du «autogobernu gaitasunean aurrerapausoak emateko aukera» zabalduko dela 2025ean.

Gure esku-ren agerraldia, gaur, Bilbon. GURE ESKU
Gure Esku-ren agerraldia, gaur, Bilbon. GURE ESKU
xabier martin
2025eko urtarrilaren 10a
12:45
Entzun

Gure Esku sinetsita dago 2025. urtea garrantzitsua izango dela Euskal Herriarentzat; hala esan du erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformaren bozeramaile Josu Etxaburuk gaur, Bilbon egindako agerraldian. «Ez da egongo arrazoi bakarra, baina, gure ustez, horietako bat autogobernatzeko gaitasunean aurrerapausoak emateko aukera izango da». Etxaburuk ziurtatu du egon badaudela «baldintza egokiak mugimendu esanguratsuak izan daitezen».

Izan ere, Euskal Herriko lurraldeetan «estatus politikoa berritzeko beharraren inguruko kontzientzia gero eta argiagoa» dela uste dute Gure Esku plataformako buruek. Talde subiranistaren arabera, gaur egungo autogobernu mailak ez dira nahikoak: «Hainbat arlotan zaharkituta daude, eta ez datoz bat garai berriekin». Horrez gain, «herri sentimendua eta herri harrotasuna loratzeko gogoz» antzematen ditu Gure Esku-k, eta, horrekin batera, uste du euskal lurraldeen arteko lankidetza «gero eta naturalagoa» dela; hura indartzeko gogoa handitzen ari dela ikusten dute plataforman. 

Halaber, Etxabururi iruditzen zaio «burujabetzaren beharra eta baliabide juridiko-politiko gehiagoren beharra gero eta agerikoagoa» dela herritarren gehiengo batentzat, eta Gure Esku «arreta handiz» erreparatzen ari zaie alderdi politikoak lantzen ari diren proposamenei, hala nola azken asteetan plazaratu direnei. «Bereziki, Ipar Euskal Herrian EH Baik programa politikoarekin batera aurkeztu duen autonomia estatutu baterako proposamenari», nabarmendu du Etxaburuk.

Hego Euskal Herrian, berriz, EAJ eta EH Bildu beren batzar nazionalak egitera doaz luze gabe, eta barne eztabaidarako txosten politikoak argitaratu dituzte. «Biek, bakoitzak bere modura, nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidearen aplikazioa aldarrikatzen dute», gogoratu du Gure Esku-ko bozeramaileak. Hala, ingurumari horretan, «euskal herritarrontzat, zazpi lurraldeetako herritarrontzat, topaketa garrantzitsua» izango da aurten, Etxabururen hitzetan: ekainaren 7an, Bilbon: «Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean, mobilizazio erraldoia egingo dugu».

«Herri bat gara»

Bilboko kaleak hartuko ditu martxa horrek uda hasieraren atarian, mezu argi bat plazaratzeko: «Herri bat gara, Euskal Herria gara, berezko nortasuna, hizkuntza, kultura eta ohiturak dituen herria, bere burua gobernatzeko borondate irmoa duena». Etxabururen arabera, zazpi lurraldeetako Euskal Herriaren agerraldia izango da martxa hori, «herri gisa garatzeko baliabideak eskatzeko eta etorkizuna erabakitzeko borondatea adierazteko».

Plataforma subiranistak uste du erronka nagusiei behar bezala erantzuteko «erabakimen handiagoa» behar duela Euskal Herriak, eta «burujabetza espazioak irabazi» behar direla. «Lurralde guztietan daude aukerak eta baliatu behar ditugu», helarazi du Etxaburuk, eta abisu bat eman du: «Herritarrok ez gara ikusle pasiboak, badugu gure erantzukizuna». Hala, «mugitzeko deia» egin die herritarroi, oro har, «gure estutus politikoan jauzi egin dezagun bultzatzeko garaia delako».

«Herritarrok ez gara ikusle pasiboak; gure estutus politikoan jauzi egin dezagun bultzatzeko garaia da»

JOSU ETXABURU Gure Eskuko bozeramailea

Horiek horrela, ekainaren 7ko mobilizazioaren antolakuntzari bide emateko, datozen asteetan herrialde batzar irekietan parte hartzera deitu ditu Gure Esku-k; Herri Libre Bat batzorde ahalik eta gehien sortu nahi ditu plataformak. Hauek dira bilkurak: Iruñean, urtarrilaren 14an (19:00), Txalaparta liburu dendan; Tolosan, urtarrilaren 15ean (19:00), kultur etxean; Zornotzan, urtarrilaren 21ean (18:30), Zelaieta zentroan; eta Gasteizen, urtarrilaren 24an (18:00), Landatxo gizarte etxean.

Batzar horietan, mobilizazioaren helburuei eta ezaugarriei buruz arituko da Gure Esku, eta herrietan nola antolatu landuko dute. Halaber, bitarteko kutxa bat jarriko dute Herri Libre Bat batzordeen esku. Bertan, tokian tokiko herritarrek euskarriak aurkituko dituzte mobilizazioaren antolakuntzan laguntzeko. Horrez gain, dagoeneko Herri Libre Bat-en kanalak sortu dituzte Whatsappen eta Telegramen, batzordeak koordinatu eta informazioa zabaltzeko. Herrietako Herri Libre Bat batzordeak mobilizazioaren antolakuntzaren «zutabe nagusia» izango direla azaldu dute, eta herri bakoitzean batzordea sortzeko, Gure Esku-k eskatu du harremanetan jartzeko plataformarekin, [email protected] posta helbidearen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.