Gure Esku-ren ustez, burujabetza prozesu bat adosteko garaia da

Hamar urte bete ditu aurten. Ildo «ahalduntzailearekin» eta «mobilizatzailearekin» jarraituko du. Bat egingo du azaroaren 4ko manifestazioarekin eta 30eko grebarekin

Gure Esku-k agerraldia egin zuen atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Duela hamar urte ekin zion bere bideari Gure Esku-k. «Ordutik, Euskal Herriak behar duen erabakitzeko eskubidearen aldeko bide honetan ari gara», adierazi zuen Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak atzo, Bilbon egindako agerraldian. Hamar urte hauetan, harremanak «eraiki», kateak «lotu» eta adostasunak «josi» dituzte, baita ekintzak antolatu ere. Orain, euren lanarekin jarraitzeko asmo sendoa erakutsi dute. Izan ere, Etxaburuk ohartarazi du «subiranotasunaren auziari» konponbideak bilatzeko garaia dela oraingoa, «abagune politiko interesgarri bat» baitago: «Burujabetza prozesu bat eztabaidatu eta adosteko garaia da».

Gure Esku-ren ustez, Euskal Herriak, «herri gisa», beharrezkoa du burujabetza. Eta burujabetza prozesu bat martxan jartzeko garaia da, subiranotasunaren gaia agenda politikoan baitago gaur egun; besteak beste, «Espainiako Gobernua osatzeko prozesuan presente dago», edota «Nafarroako Foru Hobekuntza berritzeko prozesuan». Sinergiak sortzeko eta herri gisa ekiteko, Gure Esku-k bere «ohiko» bi bideekin jarraituko du: ildo ahalduntzailearekin eta mobilizatzailearekin. Erabakitzeko eskubidearen pedagogia egiten ere jarraituko du, «denon beharra baita».

Gure Esku-k uste du, gaur egun, agerikoa dela «burujabetza falta», eta errepikatu du «subiranotasuna» beharrezkoa dela: «Adibide gisa har daiteke Palestinan bizitzen ari den egoera». Etxaburuk atzoko agerraldia baliatu zuen Palestinari elkartasuna adierazteko.

Euskara eta zaintza

Burujabetzaren auzian, Etxaburuk ezinbestekotzat jo du hizkuntza: «Euskal Herria ez da herria euskararik gabe, eta harekiko oldarraldiak onartezinak dira». Horregatik, bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitu duen manifestazioarekin, eta euskararen aurkako «erasoak eta mespretxuak» salatu ditu. «Gure hizkuntza eskubideak ezin dira egon euskal gizartearen borondatearekin bat ez datorren sistema judizial baten menpe».

Azaroaren 30eko greba feminista orokorra ere babestu du. «Euskal Herriarentzat aurrera eraman nahi dugun zaintza eredua sortzea oztopatzen du burujabetza faltak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.