Pirinioetako Bidea ekinaldia «magikoa» izan dela adierazi dute gaur Gure Esku-ko bozeramaile Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk: «Pentsatze hutsa euskal herritar asko etxetik 300 kilometrora joan direla hirumilako bat egin eta gailurrean argia piztera... hunkigarria da». Donostian egindako prentsaurrekoan, etorkizunera begira ere jarri dira, eta «burujabetzaren alde aktibatzera» deitu dituzte euskal herritarrak: «Bidea urratzeko, ez baita nahikoa ekintza handi bat; eguneroko jarduna da gailurrera eramango gaituena».
Larunbatekoa «herri gogoa hauspotzeko» ekinaldi gisa definitu dute eledunek, eta erronka hori bete dutelakoan daude: «Erabakitzeko eskubidearen argia piztuta dago». Hala, adierazi dute larunbateko ekinaldiak kontra egin diela erabakitzeko eskubidea gauzatzeko baldintzak falta direla argudiatzen dutenei. «Askotan entzuten dugu, gehiegitan, ez dela girorik. Ez dagoela baldintzarik», kritikatu dute, eta gehitu «milaka eta milaka herritarrek» adierazi dutela hori posible dela. Gure Esku-ko kideen hitzetan, herritarrek berek sortuko dituzte erabakitzeko eskubidea gauzatzeko baldintzak, eta «anbizioz jokatzeko» prest daude. Helburua, ordea, Pirinioetako hirumilakoak igotzea baino handiagoa dela gogoratu dute: «Zortzimilakoa da».
Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek egindako iragarpena ere aipatu dute bozeramaileek. Hark 2023ko urriaren 19a proposatu du Eskoziak bigarren independentzia erreferenduma egiteko. «Ikusgai dago euren asmoa nola bideratu ahal izango duten, baina badute, bederen, plan bat. Badute anbizioa», azaldu dute. Eta anbizio bera eskatu diete euskal herritarrei ere: «Geure buruari galdetu beharko genioke orain ez bada noiz izango den une aproposa».
Eledunen esanetan, «olatu demokratizatzaile berri bat» etor liteke Europatik, eta ezinbestekoa da hura iristean «igerian» egotea: «Ez genuke nahi olatu horrek hondartzan harrapatzerik». Hala, prozesu propio bat «landu, adostu eta sustatu» beharra adierazi dute. Plataformak bide horretan «temati» jarraituko du, gainerako eragileei «eskua luzatuz». Berdin egiteko eskatu die herritarrei ere, helburuak lortzeko «herri mugimendu indartsu bat» behar delako: «Denon artean, urratsez urrats, zortzimilakoa ere egingo dugu».
Gure Esku-k eta Kataluniako zenbait eragilek Jaizkibeldik (Gipuzkoa) Cap de Creusera (Katalunia) bitarteko hirurehun tontor argiztatu zituzten larunbat gauean. Europari mezu bat bidaltzeko baliatu zuten ekinaldia: «Gure herrientzat errespetua eskatzen dugu; gure hizkuntzarentzat eta kulturarentzat begirunea exijitzen dugu; gure herritar guztien eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko eskatzen dugu. Gure herrien borondate demokratikoa errespetatzeko exijitzen dugu».