Gure Esku-k ohartarazi du burujabetza prozesu bat «eztabaidatzeko eta adosteko» garaia dela

Hamar urte bete ditu Gure Esku-k, eta zehaztu du ildo «ahalduntzailearekin» eta «mobilizatzailearekin» jarraituko duela. Kontseiluak deitutako azaroaren 4ko manifestazioarekin bat egin du, baita azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin ere.

Gure Esku-ren agerraldia gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 26a
15:26
Entzun

Duela hamar urte ekin zion bere bideari Gure Esku-k. «Ordutik, Euskal Herriak behar duen erabakitzeko eskubidearen aldeko bide honetan ari gara», adierazi du Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak, eguerdian Bilbon egindako agerraldian. Hamar urte hauetan, harremanak «eraiki», kateak «lotu» eta adostasunak «josi» dituzte, baita ekintzak antolatu ere. Orain, lan horretan jarraitzeko asmo sendoa erakutsi dute. Izan ere, Etxaburuk ohartarazi du «subiranotasunaren auziari» konponbideak bilatzeko garaia dela oraingoa, «abagune politiko interesgarri bat» baitago: «Burujabetza prozesu bat eztabaidatu eta adosteko garaia da».

Ikusi gehiago:Estatutua edo estatusa auzitan

Gure Esku-ren ustez, Euskal Herriak, «herri gisa», beharrezkoa du burujabetza. Eta garaia da burujabetza prozesu bat martxan jartzeko, subiranotasunaren gaia agenda politikoan baitago gaur egun; besteak beste, «Espainiako Gobernua osatzeko prozesuan presente dago», eta «Nafarroako Foru Hobekuntza berritzeko prozesuan». Sinergiak sortzeko eta herri gisa ekiteko, Gure Esku-k bere «ohiko» bi bideei eutsiko die: ildo ahalduntzaileari eta mobilizatzaileari. Erabakitzeko eskubidearen pedagogia egiten ere jarraituko dute, «denon beharra baita».

Etxaburuk gogoratu du «Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herri bat» dela erakutsi dutela azken hilabeteetan. Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta baliatu dituzte horretarako: «Ikurrinen eta nafar banderen uholdeak sortu ditugu; argi utzi dugu Euskal Herriak burujabetza nahi duela eta behar duela». Izan ere, Gure Esku-k uste du «burujabetza falta» agerikoa dela, eta errepikatu du «subiranotasuna» beharrezkoa dela: «Adibide gisa har daiteke Palestina bizitzen ari den egoera». Gainera, Palestinari elkartasuna adierazteko baliatu du agerraldia.

Euskara eta zaintza

Burujabetzaren auzian, Etxaburuk ezinbestekotzat jo du hizkuntza: «Euskal Herria ez da herria euskararik gabe, eta harekiko oldarraldiak onartezinak dira». Horregatik, Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitu duen manifestazioarekin bat egiteko deia egin du, eta euskararen aurkako «erasoak, mespretxuak eta irainak» salatu. «Gure hizkuntza eskubideak ezin dira egon euskal gizartearen borondatearekin bat ez datorren sistema judizial baten menpe».

Era berean, azaroaren 30eko greba feminista orokorra ere babestu du. «Burujabetza faltak Euskal Herriarentzat aurrera eraman nahi dugun zaintza eredua sortzea oztopatzen du; mugimendu feministarekin bat egiten dugu bizitzak erdigunean jartzearen garrantzian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.