Gure Esku-k mobilizazio «erraldoi» batera deitu du datorren ekainaren 7rako, Bilbon. Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki lelopean egingo da. Sinistuta daude orain dela «etorkizun libre bat» idazteko ordua. «Abian gara, eta aitzina goaz», adierazi dute, Bilbon, Azkuna zentroan plazaratu duten adierazpen politikoan. Euskal Herrian hainbat esparrutan erreferente diren ehun pertsonak baino gehiagok egin dute bat adierazpen horrekin. Aurrera egiteko garaia da izenburupean, Xabier Euzkitzek eta Izortze Santinek irakurri dute adierazpena, sinatzaileen izenean.
Zenbait administraziotan autogobernuari eta lurralde antolaketari buruz irekita dauden eztabaidak izan dituzte hizpide, eta uste dute jauzi bat egiteko balio behar dutela. Errealitate berriei aurre egiteko eraginkortasunez jokatzeko, uste dute erabaki ahal izateko baliabide gehiago eta ahalmen handiagoa behar dela. «Tresna juridiko eta politiko berriak gure esku nahi ditugu», adierazi dute, eta «anbizioz» jokatzeko deia egin.
Izan ere, uste dute errealitate berriei ekiteko administrazioek duten autogobernu maila ez dela aski. «Gure lurra, euskara eta euskal kultura ez daude mehatxuetatik libre. Gure lurrak behar bezala defendatzeko tresnak falta zaizkigu. Bada garaia, burujabetza osorako bidean, burujabetza espazioak irabazteko. Borondatea badago, inoiz baino handiagoa». Ezinbestekotzat jotzen dute horretarako herritarrek ere parte hartzea. «Orain da momentua tresna horiek zehaztu eta indarrean jartzeko. Haizea beti alde egon ez arren, nahikoa gogo eta borondatea bildu dugu erronkari heltzeko».
Uste dute lankidetzatik baino ez dela lortuko bidea egitea. «Euskal Herri libre eta kohesionatu bat osatu behar dugu denon artean eta elkar lagunduz». Eta horretarako herri gobernantza berri bat eraiki behar delakoan daude. «Herri gisa aurrera egin nahi badugu, eskuzabal jokatuz». Herritarrak, erakundeak eta eragileak elkarlanera deitu dituzte.
Maratoi birtuala
Dozenaka lagunek txalotu dute adierazpena, eta jarraitu du Bagara maratoiak. Izan ere, Gure Esku hamabi orduko maratoi birtuala egiten ari da gaur sarean. Askotariko eragileek bidalitako bideoekin Euskal Herria irudikatzea dute helburu. Errigorak, antzerki eskolek, herrietako inauterietako antolatzaileek, abeslariek, bertsolariek, aktoreek, sindikatuek, hainbat herri batzordetako kideek zein diasporakoek bidalitakoekin ari dira irudikatzen Euskal Herria, eta horri buruzko gogoetak plazaratzen. Mirari Martiarena eta Malen Frantsesena ari dira eragile guztien ekarpenak harilkatzen. 10:00etan hasi dira, eta eguerdian bat egin dute Azkuna zentroan bildutakoekin. Han dantzari, abeslari eta margolari artean eman dute adierazpenaren berri.
Jarraitu dute sarean Euskal Herria irudikatzen, eta 14:00etan Gasteizekin egin dute bat. Agustina Otaola erraketistaren bizimodua jasotzen duen ikuskizuna eman dute bertan. Jon Maia dantzari eta koreografoak egindako antzezlana da, dantzaren bidez eginikoa eta Maddalen Arzalluzek bertsoekin harilkatu duena.
Adierazpen politikoa irakurtzerako, Josu Etxaburu Gure Esku-ko eledunak hartu du hitza. Hark ere azpimarratu du estatus politiko berrian jauzi bat egiteko «beharra eta nahia» daudela, eta abagune honetan ezinbestekotzat jo du herritarren esku hartzea: «Orain da herritarrak protagonista garela sinesteko garaia».
sinatzaileen zerrenda
- Agus Hernan
- Ainhoa Etxaide
- Aiora Zulaika Pirritx
- Amagoia Mujika Tolaretxipi
- Andoni Aizpuru
- Ane Labaka Mayoz
- Idurre Eskisabel
- Jesus Uzkudun
- Lorea Agirre
- Martxelo Otamendi
- Mikel Irizar
- Miren Azkarate
- Nekane Balluerka
- Jojo Bidart
- Klaudio Landa
- Sagrario Aleman
- Yogurinha Borova