Gure Esku-k ekainaren 7ko mobilizazioan parte hartzeko deia egin die erakundeei, «ziklo politiko berri bat» hasteko

Plataformak uste du estatus politikoak berritzeko garaia dela, eta nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea jarri ditu helburu gisa.

Gure Esku-ko kideak, gaur goizeko ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gure Esku-ko kide batzuk, gaur goizeko ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko martxoaren 6a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Gure Esku-k «ziklo politiko berri baten hasiera» irudikatu nahi du ekainaren 7an Bilbon egingo duten mobilizazioarekin, eta hartan parte hartzeko deia egin die euskal erakundeetako ordezkariei; besteak beste, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta Euskal Hirigune Elkargoko kideei. «Herri gobernantza» baten alde egiteko garaia dela adierazi du plataformak, egitura administratiboek ezarritako mugen gainetik eta erabakitzeko ahalmen handiago baten mesedetan.

Otsailean Baionan egindako Mugaz Gaindiko Topaketak gogoratu ditu Gure Esku-k, eta esan ekitaldian argi geratu zela, batetik, Euskal Herria «kultura, ohiturak eta balioak partekatzen dituen herri bat» dela, eta, bestetik, gaur egungo egitura administratiboak «desorekak» sortzen dituela. Han parte hartu zuten, besteak beste, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegaraik, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Ollok.

Ekitaldian erakundeen arteko lankidetza garatzeko tresna juridiko berrien beharra nabarmendu zuten, eta hori berretsi du gaur Gure Esku-k ere: «Halaxe da. Herri bat gara, eta euskal lurraldeen arteko kohesioa eta lankidetza sendotu behar ditugu». Gehitu dute instituzioek eragileekin eta herritarrekin elkarlanean aritu behar dutela horretarako, eta horregatik egin diete  manifestaziorako deia. Hau izango da leloa: Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki.

Izan ere, Gure Esku-ren esanetan, «hitzetatik ekintzetara» igarotzeko garaia da: «Herri gisa aurrera egiteko garaia». Horrek esan nahi du estatus politikoak berritu eta erabakitzeko ahalmen handiagoa lortu behar duela Euskal Herriak: «Burujabetzaren bidean urrats sendoak egin eta ziklo berri bat irekitzeko momentua da».

Hori ez da plataformaren ustea bakarrik. Azaldu dute iritzi bera duela beste eragile ugarik eta, oro har, euskal herritarren «gehiengo zabal batek»: «Burujabetza handiagoaren beharra batzen gaituen aldarrikapena da». Eta horretarako «herri aitortza» bermatu behar dela adierazi dute, eta «etorkizuna erabakitzeko eskubidean oinarrituta» eraiki behar dela.

«Ikuspegi propioa»

Nazioarteko testuinguruari erreparatuta, Europak bizi duen «garai kritikoa» aipatu dute. Hain zuzen, uste dute herri gisa aitortua izatea eta erabakimen ahalmena edukitzea dela horri aurre egiteko bidea: «Mundu mailako potentzien arteko tentsioa nagusi den honetan, Euskal Herriak ahots eta ikuspegi propioa behar du».

Era berean, Gure Esku-k esan du herritarren eta instituzioen agendetan badirela «lehentasunezko» erronka batzuk; besteak beste, osasungintza, etxebizitza, industriaren defentsa eta gutxieneko soldataren igoera. Baina horiei erantzunak ematearekin batera, autogobernuaren inguruko gogoeta ere beharrezkoa dela iritzi diote, elkarri lotuta daudela argudiatuta: «Burujabetza osoagoa izanda ez al diegu hobeto eta baliabide gehiagorekin erantzungo erronka horiei guztiei eta beste batzuei?».

Gure Esku-k azaroaren 16an jakinarazi zuen aurtengo udan mobilizazio bat egiteko asmoa, eta ordutik aurkezpen ugari egin ditu Euskal Herrian barrena. Hala, herritarrei ere dei egin diete martxan dituzten dinamiketan parte hartzeko. Zehazki, mobilizazioa antolatzeko eta dinamizatzeko taldeak eratzen ari dira, eta horietara batzeko eskatu dute: «Herri baten zorian herritarron eginkizuna funtsezkoa delako, herritarrei parte hartzeko deia egin nahi diegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.