Gaur egungoa «arriskuz eta aukeraz beteriko» aldia dela esan du gaur goizean Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak Donostian, Bagara bideo maratoia gizarteratzeko agerraldian. Eskuin muturraren gorakadari erreparatu dio, baita «burujabetzaren aurkako oldarraldiari» ere, baina erantsi du, aldi berean, «aukeraz beteriko agertoki batean» dela Euskal Herria. Horregatik, Etxaburuk jakinarazi du «aurrerapausoak emateko ordua» dela, «subiranotasuna eta nazio aitortza erdigunean jarriz».
Horiek horrela, «herri gisa koxka bat gorago» egiteko, Gure Esku-k Herri Libre Bat kanpaina dauka martxan, eta, horren barruan, «aparteko deialdi bat» egin die euskal herritarrei, «gure indar guztiarekin bultzatzeko». Etxaburuk gogoratu du «zazpi lurraldez osatutako herri bat» dela Euskal Herria, eta Bagara esan diotela gaur aurkeztu duten proiektuari, «gure herriaren nondik norakoak, zirrikituak eta berezitasunak erakustea izango baitu helburu».
Euskal Herriko herrietako bakoitza martxan jarri nahi du Gure Esku-k, taldeen arteko elkarlana sustatuz horretarako. «Gure herria irudikatuko dugu, bat garela eta bagarela ikusaraziko dugu», esan du Etxaburuk. «Anbizioz, elkarrekin Euskal Herria irudikatu eta batzeko ordua heldu da. Herri bat gara, nazioa, burujabe izateko borondatea duen herria, bere kultura, berezitasunak, burujabetza proiektuak eta handi egiten gaituzten milaka txikitasun dituena».
Bideo maratoia
Bagara ekinaldia azaltzen hasita, Gure Esku-ko bozeramaileak esplikatu du bideo maratoi bat izango dela, «gure herriak elkarrekin lotuko dituen bideo kate erraldoi bat». Elkarteak proposatu du herri bakoitzak bere berezitasunak biltzea bideo batean, tokian-tokian. «Nahi dugu kulturaz, hizkuntzaz, burujabetzaz edota Euskal Herriarekiko loturaz edo herriari egiten dion ekarpenaz hitz egitea bideoan». Herritarren artean grabatuko dela gaineratu du, elkarlanean betiere.
Hori dela eta, tokian tokiko eragileei, taldeei, norbanakoei eta abarri dei egin diete, [email protected] posta elektronikoaren bidez erakuts dezaten herri bakoitza zerk egiten duen berezi. «Denon artean 360 graduko Euskal Herri bat irudikatzeko, gure herriaz harro egoteko» ekinaldia da Bagara, finean.
«Jendea animatzen dugu bideo kate honen parte izatera, eta Euskal Herria bere osotasunean irudikatzera».
JOSU ETXABURUGure Esku-ko bozeramailea
Lan horren guztiaren emaitza bideo horiek osatuko duten «katea» izango da, eta azaroaren 16an argitaratuko dute. Gure Esku-ren bideo maratoiaren eguna izango da hori. Goizetik gauera arteko zuzeneko batean bilduko dute herri guztietan egindako lana —online emango dute—. Aurrez aurre ere elkartzea nahi du Gure Esku-k, eta, horretarako, Donostian, Baionan, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean ekinaldi kulturalak eskainiko dituzte.
«Aurrerapen moduan», jakinarazi dute maratoi «hibrido» horren harira hiriburuetako batean egingo den ekitaldi kulturala Historia Oroituz antzerki elkartearen Orreagatik iragan hurbilera antzezlana izango dela, eta Ereintza dantza taldeak Gu Agustina ikuskizuna emango duela. «Ekinaldi parte hartzailea eta sortzailea izango da Bagara. Jendea animatzen dugu bere irudimena astintzera eta bideo kate honen parte izatera, Euskal Herri askotariko eta zabalaren parte sentitzera, Euskal Herria bere osotasunean irudikatzera».