Gure Esku: «Herri gisa ditugun eskubideak aitortzea lehentasunezko gaia da»

Mugimenduak, prentsa ohar baten bidez, hizpide izan ditu aste barruan Katalunian eta Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen harira egin diren urratsak

Gure Esku mugimenduaren ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Gure Esku mugimenduaren ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
arantxa iraola
2024ko irailaren 14a
17:00
Entzun

Gure Esku mugimenduak adierazi du «aste mugitua» izan dela erabakitzeko eskubideari eta burujabetzari dagokienez, eta horregatik egokia iruditu zaio gaiaren gaineko azterketa bat plazaratzea, eta alor horretan egin behar diren urratsen berebiziko garrantziaz ohartaraztea: «Herri gisa ditugun eskubideak aitortzea lehentasunezko gaia da».

Katalunian ikusi dituzte asteko kronikako argazki gogoangarrietako batzuk, Diadan. Azaldu dutenez, «Gure Eskuko ordezkaritza batek, Josu Etxaburu bozeramailea barne, 2024ko Diadan parte hartu du Omnium Cultural eta Assemblea Nacional Catalana entitateek gonbidatuta». Eta Kataluniako politikagintzan egun dagoen giro «nahasia» gaindituta, azterketa eta mobilizazio «bateratu bat» egiteko gaitasuna ikusi dutela nabarmendu dute.

Berriz ere Katalunian autodeterminazio eskubidea baliatzeko bidean jartzeko «mugimendu transbertsal zein estrategia partekatu bat» beharko dela adierazi dute, eta Gure Esku «bidelagun» izango dutela horretan Kataluniako gizarteko eragileek.

Euskal Herrira begira, Eusko Legebiltzarrean berriro ere lehen lerroan egon dira asteon Autogobernu lantaldearen eztabaida zabaltzeko asmoen inguruko albistea, eta, alde horretatik hor hemendik aurrera egiten diren urratsei «arreta eta ardura handiz» jarraitzeko asmoa azaldu Gure Eskuk. «Izan ere, gure ustez, herri honetan bada gehiengo subiranista bat, herri gisa aitortua izan nahi duena eta bere eskubideen jabe izan nahi duena, erabakitze eskubidea barne».

Bide horretan aurrerako urratsak egiteak ekarriko dituen onurak lehen lerrora ekarri nahi ditu Gure Eskuk. «Erabakimen handiagoa behar dugu, estatuei begira izan ditzakegun harremanetan, geure lurraldeen arteko harremanak ardazteko zein gure bizitzako alor guztiei eragiten dieten erabakiak bertan hartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.