Gure Esku batzar irekiak egiten ari da Herri Libre Bat dinamikaren barruan

«Erabakiaren bidean martxan jartzeko» deia egin die elkarteak herritarrei. Datorren astelehenean, Donostian egingo dute batzar irekia.

(ID_13784396) (Aitor Karasatorre/@FOKU) 2024-04-13, Etxarri Aranatz. Gure Esku-ren ekitaldia, lehenengo galdeketaren hamargarren urt...
Gure Esku-ren ekitaldia, Etxarri Aranatzen, lehenengo galdeketaren hamargarren urteurrena gogoratzeko. AITOR KARASATORRE / FOKU
xabier martin
2024ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun

Datozen bi urteetako erronken berri emanda, Gure Esku-k aurrera segitzen du Herri libre bat lelopeko fasearekin, Euskal Herriaren burujabetzaren eta nazio aitortzaren aldeko lanean. Eragile soziopolitikoen eta euskal lurraldeen arteko lankidetzan sakondu nahi dute, baina, orain, hiri eta herrietan bilera irekiak egiteko lanean dira buru-belarri. Gure Esku-k dio «erabakiaren bidea elkarrekin egitea» duela helburu bi urterako dinamika berriak, eta «herritarrak Herri Libre Bat dinamikaren barruan kokatzeko» bilerak antolatu dituela, datozen asteetarako. Datorren astelehenean bertan, Donostian egingo dute batzarra, ez bakarrik Gure Esku-ren bazkideentzat, baizik eta nahi duten herritar guztientzat: «nahi duen oro etortzea eta parte hartzea» nahi du burujabetzaren aldeko elkarteak, izan ere.

Gure Esku-k gogora ekarri du bilerak antolatu aurretik «euskal ikurrak egunero zabaltzen» aritu direla Korrikan, eta, jarraian, Euskal Herrian egindako lehen herri galdeketaren hamargarren urteurrena ospatu zutela Etxarri Aranatzen, Nafarroan, apirilaren 13an. Orain, berriz, bi urteko ekimenean aurrera egiteko batzarrekin dabiltza.

«Batzar orokorretan, Euskal Herriko eta munduko gaur egungo koiunturan kokatuko da bertaratutakoa», esan du elkarteak. Herri Libre Bat dinamikaren hurrengo ekinaldien «nondik norakoak» azalduko dituzte, baita hurrengo pausoak zein izango diren ere. «Herriak erabakiaren bidean martxan jartzea da helburu nagusia, eta Herri Libre Bat eraikitzeko aurrerapausoak ematea».

Lotuak dituzte jadanik hamar bat bilera, eta gehiago lotu asmo dituzte asteak aurrera doazen heinean. Gure Esku-ren sareetan emango dute horien berri. Lehen bilera sorta Donostian hasiko dute, astelehenean, eta Ondarroan bukatu, Bizkaian, uztailaren 6an.

Bilerak

  • Maiatzak 27. DONOSTIA (Salamanka pasealekua, 19:00). 
  • Maiatzak 28. BIDASOA (Irun, Palmera Montero, 19:00).
  • Maiatzak 29. TOLOSALDEA (Zizurkil, Atxulondoko kultur elkartea, 19:00).
  • Maiatzak 30. DEBAGOIENA (Arrasate, Kulturate, 19:00).
  • Maiatzak 31. GOIERRI (Ordizia, Barrena kultur etxea, 18:30).
  • Ekainak 3. DEBABARRENA (Soraluze).
  • Ekainak 4. UROLA KOSTA (Azpeitia, Sindikatu Zaharra, 19:00).
  • Ekainak 5. OIARTZUALDEA (Errenteria, Lau Haizetara, 19:00).
  • Ekainak 6. BILBO (Bolsa).
  • Ekainak 20. LEA-ARTIBAI (Lekeitio).
  • Uztailak 6. LEA-ARTIBAI (Ondarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.