Gure Esku, Aberri Egunaren ostean: «Erronkei burujabetzatik heldu nahi diela aldarrikatu du Euskal Herriak»

Herritarren «aktibazioa» ezinbestekotzat jo dute prozesuari erantzuteko, eta ekainaren 7an egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin.

Gure Esku-ren ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gure Esku-ren bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2025eko apirilaren 21a
13:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Gure Esku-ren ustez, aurtengo Aberri Egunak argi utzi du «herri gisa jauzi egiteko aukera» dagoela: «Berriz ere, nazioa dela eta munduak gaur egun dituen erronkei autogobernu handiagoz eta burujabetzatik heldu nahi diela aldarrikatu du Euskal Herriak». Bide horretan, «herritarren aktibazioa» indartu nahi du plataformak, eta horretarako mugarritzat jo du ekainaren 7an Bilbon egingo duten mobilizazioa.

Plataformaren arabera, Euskal Herriak, beste edozein naziok bezala, erronka handiak ditu aurrez aurre, eta horiei erantzuteko beharrezkoa du erabakiak demokratikoki eta bertan hartzea, «munduko gainerako herrien eskutik eta haiekiko elkartasunez».

Horrek, ezinbestean, «burujabetza tresna» gehiago eskatzen ditu, Gure Esku-ren ustez, eta datozen urteetan aukera dago horiek eskuratzeko oinarriak ezartzeko: «Burujabetza agenda politikoan dago. Gero eta begi bistakoagoa da autogobernu baliabideak behar direla euskal herritarrei haien errealitatera egokitutako etorkizuneko soluzioak eskaintzeko. Baita gure hizkuntza, kultura eta herri nortasuna zaintzeko ere».

Politikarien agendan egotetik haratago, baina, Gure Esku-k ezinbestekotzat jo du herritarrek ere prozesu horretan parte hartzea: «Haien nahi eta sentimendua erakustea eta bultzada ematea». Horregatik, «burujabetzaren aldeko indarrak» batzeko deia egin dute.

Hain zuzen, horretarako baliatu nahi dute ekainaren 7ko manifestazioa. Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean egingo dute. «Herri libre eta burujabe bat izan nahi dugula elkarrekin adierazteko aukera ezin hobea izango da», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.