Duela hiru ikasturte sortu zuten Somescola. Ez zen hezkuntza eragileen plataforma huts bat, baizik eta gizarte erakundeen bilgune bat. Kide dira aisialdiko hezitzaileak, kultur erakundeak, PEN Kluba, hizkuntza babesteko elkarteak... 43 talde biltzen ditu: eskola publiko eta pribatuak, laikoak eta kristauak, sindikatuak eta patronala... Aurreko astean 100.000 lagun elkartu zituen Bartzelonan, hezkuntza eredu propioaren alde. Josep Maria Cervello da plataformako eledunetako bat.
Babes handia jaso du zuen deialdi batek kalean. Indartsu zaudetela erakusten du horrek.
Azken finean, katalanezko murgiltze sistemak erabateko arrakastaz funtzionatu duela erakusten du, bermatu duelako ikasle guztiek amaitzea derrigorrezko hezkuntza hiru hizkuntza ofizialak jakinda: katalana, aranera eta gaztelera. Eredu horrek adostasun eta babes handia du gizartean.
Non dago eztabaida, orduan?
Eztabaida politikoa da. Batzuek uste dute gaztelania beste hizkuntzen gainetik dagoela, eta hori nabarmen ageri da LOMCEn. Talka sinbolikoa da. Afera baita deliberatzea zer hizkuntzak daukan eskubidea hezkuntzako eta administrazioko eremua betetzeko. Gutxiengo oso nabarmen baten erantzuna izan da, auzitegien babesarekin, gizarte adostasuna puskatzea. Esan daiteke Katalunian bospasei familiak hondoratu nahi izan dutela sistema. Ez baitago dudarik orain arteko murgiltze ereduaren arrakastaz.
Borroka politikoa ikasgeletara eraman nahi izan dute, beraz?
Bai, eta Somescolak gizarte zibilaren babesa bildu nahi izan du saihesteko halako liskarrak ikasgeletara iristea. Kalean berretsi dugu berriro hizkuntzaren aldeko kontsentsuak beti bezain tinko daudela. Eta, horrez gain, frogatu dugu ondo egin genuela murgiltze ereduaren aldeko apustua eginda,bestela herrialde banatuago bat edukiko genukeelako.
Une kritiko bat iristen ari da, datorren ikasturtean LOMCE indarrean jarri beharko delako. Nola ari zarete prestatzen?
Hezkuntza Departamenduari eskatu diogu ez amore emateko hizkuntzari eta hezkuntza eskuduntzei dagokienez. Eskatu diogu ez ezartzeko LOMCE, sekulako atzerapauso bat litzatekeelako hezkuntza sistemarentzat. Halaber, eskatu diogu irizpide zehatz eta garbiak bidatzeko ikastetxeetara orain arteko hezkuntza eta hizkuntza proiektuak berresteko.
Zeintzuk dira LOMCEk sortzen dituen arazo nagusiak?
Asko, baina nagusiki bi. Generalitateari eskuduntzak kentzen dizkio, eta, gainera, hizkuntzari, alegia, gure ikur nagusiari, eraso egiten dio, gizartean dagoen adostasuna puskatuz. Aste honetan —asteazkenean— lehen bilera egin dugu Hezkuntza kontseilariarekin, ikusteko zer irizpide bidaliko dituzten eskoletara.
Zer erantzun dizue Generalitateak legea ez betetzeko eskatu diozuenean?
Rigau kontseilariak dio ez duela asmorik LOMCE ezartzeko, ez dituela testuliburuak eta curriculumak aldatuko, eta, printzipioz, hemen lan egiten dela proiektu eta eskuduntzen arabera, eta ez LOMCEk dioen bezala, modu bertikal batean, irakasgaien bidez. Beraz, LOMCEk irakasgai zehatz eta enborrezkoen artean dakarren desordena hori ezin dela Kataluniara ekarri, hemen metodologia transbertsalagoak erabiltzen direlako. Horrez gain, Gorenak zigortu dituen eskolei esan die gaztelaniazko ikastorduak (%25) martxan jartzeko, baina katalanezko ordurik galdu gabe.
Legitimitate talka bat dago, eta desobedientzia aipatzen da. Sendo dago hezkuntza komunitatea horri aurre egiteko?
Eskola intsumituen sare bat sortu da. Orain eskola kontseiluetan agiri bat eztabaidatzen ari da, departamenduari eskatzeko euts diezaiela orain arteko irizpideei. Badira hainbat ekinaldi erakusten dutenak hezkuntza komunitatearen zati handi batek ez duela LOMCE bete nahi. Departamenduak ez du irizpide jakinik eman, oraingoz, baina garbi utzi du desobedientzia eta halako terminologiarik ez duela erabiliko.
Anbiguotasuna, alegia.
Bai, eta horregatik ari gara gogor egiten, nahi ditugulako gobernuaren irizpide argiak. Politikoki jarrera zehatz bat nahi dugu, trikimailu teknikoetatik aparte. Uste dugu Kataluniako Gobernuak ez duela nahi talka zuzen bat Madrilekin azaroaren 9aren aurretik.
Hau da, egoera politikoa zuzen ari da eragiten eskoletan.
Bai, eta guk irailean ateak irekiko ditugu, eta ezin gara azarokoaren zain egon. Katalunian erabakitzeko eskubidearen aldeko prozesuak eragiten du arlokako gainerako eztabaida guztietan, badakigu, baina ezin dugu zehaztasun falta hori onartu. Zorrotz zainduko dugu curriculumean edo beste edozein arlotan egon daitekeen edozein aldaketa.
Hizkuntzaren gaiak oinarrizko garrantzia du Katalunian, baina curriculum propioa izateari ere garrantzia emango diozue. Nola eragiten du LOMCEk horretan?
Eredu propioa aipatzen dugunean ez gara ari bakarrik hizkuntzaz. Eskola publikoan azken 10 urteetan mundu osotik iritsitako gurasoen umeak eskolatu ditugu, eta horrek konplexutasun handia dakar. 270 ama hizkuntza dauzkagu. Beraz, aniztasunari dagozkion gai guztiei erantzuteko ordu eta tresna asko behar dira. Horretarako autonomia behar da zentroetan. LOMCEk obsesioa du curriculum zurrunak agintzeko. Haiek testuliburuetan eduki homogeneoak inposatu nahi dituzte, eta oraingoz hemen Generalitateak, argitaletxeek eta hezkuntza eragileek bat egin dugu testuliburuak ez aldatzeko.
Hizkuntzaren gaiari dagokionez, bereziki larria da egoera Balearretan eta Valentzian.
Printzerrian dozena erdi bat familiak hankaz gora jar dezakete sistema gaztelania eskatuz, baina Valentzian dozenaka milari ez zaie kasu egiten katalana eskatuta. Mallorcan hiru eleko hizkuntza sistema derrigortu nahi dute katalanari lekua kentzeko. Ohituta geunden Katalunian babestuta egotera, baina jada hemen ere ez gaude salbu. LOMCEko 38. xedapen gehigarria Kataluniari begira sortu dute, ez dagoen gaztelaniazko ereduari lekua egiteko. Borroka fase bortitz batera jo nahi dute, orain arteko eskola ereduaren adostasunaren oinarriak hankaz gora jarrita.
Eztabaida politiko bizian ari zarete. Nola ikusten duzue egoera hezkuntzaren eremuan?
Madrilgo hedabideek diote Katalunian badela beren onetik irten den presidente bat eta klase politiko bat, eta haustura prozesu bat ari direla aurrera eramaten, gizartea albo batera utzita. Eta justu kontrakoa gertatzen ari da; hau da, gizarteak bultzatu du, eta klase politikoak bat egin beste erremediorik ez du izan. Prozesu honekin bigarren aukera bat eduki dezakegu hezkuntza sistema propio bat lortzeko kanpoko esku hartzerik gabe, haiek sekula ez dutelako ulertu nahi izan zer den Kataluniako eskola eredua. Eredu horrek oinarria hartu du, hain justu, gure herriak askatasun eremu batzuk irabazi ahala.
Hezkuntza. Katalunia. Josep Maria Cervello. Somescolako bozeramailea
«Gure eskola ereduak oinarria hartu du herriak askatasuna lortu ahala»
LOMCE saihesteko borroka betean ari da Kataluniako hezkuntza mundua. Iraila gainera dator, eta agintariek ikastetxeetara irizpide garbiak bidaltzea nahi dute Somescolako kideek. Horretan ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu