Nagua Alba. EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusia

«Gure errealitate historikoa aintzat hartu beharko litzateke»

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun

Alderdia deszentralizatzeari buruzko ekarpen ugari eramango ditu Nagua Albak (Madril, Espainia, 1990) asteburuko batzar nagusira. Egun Madrilekiko «lotura estuegia» dutela iritzi dio.

Denera, 30 eskaera eramango dituzue Madrilgo batzar nagusira. Nolakoa izan da prozesua?

Uste genuen garrantzitsua zela Madrilen izaten ari den eztabaida pertsonalista politizatzea eta proposamenen inguruko eztabaida egitea. Vista Alegreko aurreneko eztabaida nahiko zentralista izan zen, eta hori konpondu nahi genuen. 30 ekarpen adostu ditugu feminismoari buruzkoak, antolakuntza mailakoak, politikoak eta etikoak; ekarpen horiek Iñigo Errejonen proiektukoek baino ez dituzte berenagatu.

Alderdia deszentralizatzea eskatzen duzue. Zergatik?

Aurreneko batzar nagusian diseinatu genuen antolaketa Espainiako hauteskundeei begirakoa zen, eta hemen ez genuen ezta zuzendaritzarik ere. Hori aldatu dezakegu orain, eta udalerrietatik eta erkidegoetatik lan handiagoa egin dezakegu. Bi gauza dira funtsezkoak: batetik, lurralde bakoitzak autonomia izatea bere erabaki propioak hartzeko, eta, bestetik, estatu mailan erabakiak hartu behar direnean hemengo jendea ere bertan egotea, haien ahotsa entzutea. Madrilekiko lotura estuegia dugu orain.

Autonomia handiagoa beste zertan islatu behar da?

Maila askotan: idazkari nagusia naizen aldetik, autonomia izan behar dut biltzarretara deitu eta erabakiak hartzeko; gure errolda propioa izan behar dugu; baliabide ekonomikoak izan behar ditugu lan egiteko bai zirkuluetan eta bai udal kontseiluetan...

Barrura begira, «Euskadiko lurralde errealitatea» ordezkatuta egotea eskatu duzue.

Hiru lurralde historikoetan ezaugarri propioak ditugu. Hori ez da beste inon gertatzen, eta errealitate hori kontuan izan beharko genuke. Errealitate historikoa eta gure berezitasun propioak aintzat hartu, eta antolaketa berezi bat eduki beharko genuke.

EAEko eta Nafarroako Ahal Dugu-ren arteko harremana lantzen duen ekarpenik egin al duzue?

Jada oso harreman estua daukagu, eta gauza asko atera ditugu aurrera elkarrekin; baina, oraingoz, ez dugu formalki ekarpenik landu. Uste dut interesgarria dela bide hori aztertzea.

Baketzeari buruzko proposamen bat landu duzue.

Euskadiko eta Nafarroako hainbat lagunek elkarrekin landu dute bakegintzaren inguruko proposamen bat. Erabakitzeko eskubidearen defentsa, presoen gerturatzea eta memoria jorratu dituzte. Uste dut Ahal Dugu-k rol garrantzitsua bete dezakeela bakegintzan.

Espero duzu zuen ekarpenak aintzat hartzea?

Erronka da EAEko Ahal Dugu-ren ahotsa ozen entzutea eztabaida horretan. Hemendik jende asko joango da batzar nagusira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.