Katalunia. Erreakzioak Euskal Herrian. Amalur Alvarez. Gure Esku-ren eleduna

«Gure bide propioa egitea da elkartasunik onena»

Biharko manifestazioan ez ezik, abian duen erreferendumaren aldeko herri ekinbidean ere badauka jarrita begirada Gure Esku-k.

Amalur Alvarez, atzo. M. ANDRES / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Orduak igaro ahala, luzatzen ari da babes eta atxikimenduen zerrenda Gure Esku-k bihar Donostian egingo duen manifestaziorako: Antiguatik abiatuko da, 17:30ean. Erreferenduma ez da delitua izango da goiburua, eta, itxura guztien arabera, oso jendetsua izango da. Gure Esku-ko bozeramaile Amalur Alvarezek (Donostia, 1988) zehaztu duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak zigorturiko buruzagi independentista katalanei eta Kataluniako herri osoari elkartasuna adierazteko modua izango da biharko manifestazioa, baina ez hori bakarrik.

Espero zenuten honen moduko epairik?

Azken hilabeteetan behin baino gehiagotan salatu dugu auzibidea arbitrariotasunez beterik zegoela, oinarrizko eskubide eta askatasunak urratzen zituela, eta ohartarazten genuen hau gerta zitekeela. Azkenean baieztatu da salatzen genuen injustizia hori: larrialdi demokratiko batean geunden, eta hori areagotu du epaiak. Manifestazio eskubidea, adierazpen eta pentsamendu askatasuna eta erabakitzeko eskubidea bera kriminalizatu egiten ditu, eta oso ondorio larriak dakartza.

Donostiako manifestazioa Kataluniari elkartasuna adierazteko keinu hutsa da?

Lehen ere esan dugu auzibideak eta epaiak ondorio larriak ekarriko zituztela, zigortuak izan diren pertsonentzat, haien senitartekoentzat eta ordezkatzen duten herriarentzat ez ezik, burujabeak izan nahi dugun gainerako herrientzat ere. Gure etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabaki nahi dugunoi ere eragiten digu, azken finean erreferenduma bera kriminalizatzen duelako.

Mobilizazio honen bidez, argi adierazi nahi diogu gure elkartasuna Kataluniako herriari, baina aldi berean esan nahi dugu erreferenduma gure ustez tresna demokratikoa dela, edozein herrik bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela.

Zertan gauza daiteke hori?

Kataluniako herriari bidali ahal diogun elkartasun mezurik argiena eta gure askatasun eta eskubideak defendatzeko erarik irmoena da Euskal Herrian ere erabakitzeko gure bide propioa eraikitzea.

Guk hilabeteak daramatzagu erreferendumaren aldeko herri ekinbidea lantzen, eta datozen hilabeteak ere horretan emango ditugu. Gure etorkizuna erreferendum bidez erabaki nahi dugu, eta horretarako beharrezkoa da gune komunak sortzea eragile eta mugimendu sozialekin, sareak eraikitzea eta kohesio soziala areagotzea.

Zer irizten diozue larunbateko manifestazioa jasotzen ari den babesari?

Guk jauzi kualitatibo bat sumatzen dugu. Ikusi dugu nola sindikatuek, bat eginda, egoera salatu, eta deialdia egiten zuten manifestaziora joateko, eta maila politikoan eta bestelako eragileen aldetik ere ikusten ari gara hori. Euskal herritar asko batzen dituen ideia da gizarte demokratiko batean bizi nahi dugula eta modu libre eta demokratikoan erabaki nahi dugula. Elkartzeko puntua da hori, eta egun haietako erantzunak hori islatzen du. Guk ere askotan esan dugu erantzun irmoa eman nahi genuela, baina ahalik eta zabalena, eta horretan aritu gara lanean.

Egunotan eragile askok hitz egin du Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko sinergiak bilatzeaz, bigarren frontea zabaltzeaz, agendak sinkronizatzeaz eta abar. Zuek horretarako aukera errealak ikusten dituzue?

Guk denbora luzea daramagu Kataluniarekin elkarlanean; ANC eta Omnium eragile sozialekin oso harreman ona eta estua dugu, eta argi daukagu elkartasunerako esparru zabala dagoela, baita elkarlanerako ere, elkartzen gaituen puntua delako gure etorkizunaz erabaki nahi dugula; bi herri gara, gure etorkizuna modu demokratiko eta librean eta bermeekin erabaki nahi dugunak. Erreferendumaren aldeko herri ekinbideak ekarpen handia egiten dio Kataluniako herriari. Guk behintzat hala ikusten dugu; gure bide propioa eraikitzeak onura ekartzen dio Kataluniari, eta alderantziz.

Zer espero duzue biharko manifestazioan?

Larrialdi demokratiko batean gaude, eta pentsatzen dugu erantzunak irmoa eta zabala izan behar duela. Astelehenean antolatutako elkarretaratzeetan ikusi genuen euskal herritarrok prest gaudela gure oinarrizko eskubide eta askatasunak defendatzeko, eta, horregatik, ziur gaude manifestazioa jendetsua izango dela, egoeraren larritasunak hala eskatzen duelako.

Behin baino gehiagotan aipatu duzu erreferendumaren aldeko herri ekinbidea. Gaur egun zertan da horren aldeko lana? Eperik ba al du?

Hurrengo urteari begira ari gara lantzen. Ikusten dugu herritar eta eragile asko batzen dituen elkargunea dela gure erabaki propioak hartzearena. Ari gara gune komunak sortzen eta zubiak eraikitzen, herri honek bide propioa egin dezan beharrezkoa delako askoren arteko elkarlan esparruak sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.