Prostituzioan dihardu Carolina Clementek, eta Putak Borrokan taldeak Hego Euskal Herrian dituen kideetako bat da. Hurbiletik erreparatu zion herenegun iluntzean Espainiako Kongresuan izan zen eztabaidari: atzera bota zuten PSOEk proxenetismoaren inguruan proposatutako lege testua. Pozik mintzatu da, eta esker onez, «testuaren aurka bozkatu zuten alderdiek gure diskurtsoa entzun dutelako». Halere, aitortu du ez dagoela guztiz lasai, PPk esana baitu lege proposamen propioa aurkeztu nahi duela. «Nahiko genuke alderdi guztiak ohartzea gu klandestinitatera bidaltzeak zer arrisku dakartzan».
PSOEren lege proposamenak soilik Zigor Kodea aldatuz eragin nahi zuen prostituzioaren auzian. Abiapuntu egokia zen?
Legeak ez zuen ezer konpontzeko asmorik: ez zaie interesatzen jende asko prostituzioan amaitzera bultzatzen duten egoerak desagerraraztea. Neurri populista bat zen. Ezer gutxi aldatuko da atzerritarrak erregularizatu ezean, edo prostituzioa utzi nahi dutenentzat alternatiba errealistak jarri ezean lan eremuan.
Beraz, bada utzi nahi duenik.
CATS Sexu Langileak Babesteko Batzordeak egindako txosten baten arabera, gutxi gorabehera erdiek sexu lana utziko lukete beste aukera ekonomiko egoki bat izango balute. Baina, bestalde, Camino izeneko planak diru asko eman die GKEei, baina erakunde horiek publizitate kanpaina handietan erabiltzen dituzte baliabideak; oso lan prekarioak eskaintzen dituzte, eta gure kideak janari eske joaten direnean, esaten diete ez daukatela ezer. Benetako inklusio soziolaborala behar da, esaterako, emakume transentzat eta ijitoentzat, estigmen ondorioz enplegu askotan ez baitituzte nahi.
Alternatiba soziolaboralerako neurriak jasotzen ditu, aldiz, plataforma abolizionistek proposatua duten legeak.
Haien testuko neurri askorekin bat nator. Puntu batzuetan ados bagaude, zergatik ez gara ari horietan bat egiten? Izan ere, guk ere aspaldi eskatu genituen neurri horiek: ondo legoke aplikatzea, betiere gure inguruaren aurkako zigorrik ez balego. Andre batzuek berdin erabakiko baitugu sexu lanean aritzea. Eta inork ez du eskubiderik esateko: «Beste lan bat emango dizut; agian ez da zure egoerara edo bizi proiektura ondo moldatuko, baina onartu behar duzu». Emakumeon erabakiak eta pribatutasuna fiskalizatzeko modu bat da, baita gure sexualitatea ere. Emakume migratzaile askorentzat, pobreziatik ateratzeko modu bat da prostituzioa. Eta ez dezagun ahaztu helduak direla. Zergatik ez dituzte neurriak hartzen jendeak prostituzioan amaitu baino lehen?
Legearen neurrietako bat zera zen, zigorrak jartzea higiezin bat prostituziorako alokatzeagatik. Zer ondorio izan zitzakeen horrek zuentzat?
Gu kaleratzea edo etxegabetzea. Poliziak jakiten badu hor prostituzioan zabiltzala, jabeari deituko dio eta mehatxu egingo dio proxenetismoaz akusatzearekin. Beraz, eraso edo lapurreta egiten dietenean, edo bortxatzen dituztenean, emakumeek ez dute salaketarik jartzen, prostituta gisa ez identifikatzeko. Gure aurkako indarkeria mota askori atea irekitzen diete neurri zigortzaileek. Bizilagunen jazarpena ere sustatuko zen: etxean gizonak jasotzen badituzu, edo jarrera susmagarria duzula iruditzen bazaie... Azken batean, artikulu horrek asko zailduko zuen prostituzio independentea; izan ere, etxeetan lan egiten dutenetako asko beren kabuz ari dira. Eta alokairu horietan ere gehiegikeria asko dago: astean 250 edo 300 euro ere eskatzen dituzte batzuek baldintza penagarrietan dagoen logela baten truke. Gure lana ez dagoenez aitortuta, hala aritu behar dugu. Bestalde, gutako askok, gure etxebizitza ez galtzeagatik, atzerrira joan behar izaten dugu lan egitera; ni hala ibiltzen naiz, eta, beraz, gastuak lehen halako hiru bihurtzen dira, nire bizitokia pagatzeaz gain etxe turistiko bat alokatu behar baitut. Alegia, emakumeak babesteko asmoz egiten diren lege horiek arriskua eta autoesplotazioa dakartzate azkenean.
Bezeroei isunak jartzea ere jasotzen zen testuan. Zer ondorio izan du horrek, adibidez, Iparraldean eta Frantzian?
Halako neurriek klandestinitatera bultzatzen gaituzte. Kalean diharduten kideek ere hala bizi dute: tarifak jaitsi behar izan dituzte, lehen egiten ez zituzten praktikak eskaini, leku gero eta ilun eta bakartuagoetan ibili... Haien segurtasun falta asko handitu da. Ni behin Frantzian lan egiten saiatu nintzen, eta egun bat iraun nuen: ezkutuko deiak baino ez nituen jasotzen, bezeroek ez zutelako nahi identifika zitzaten, eta tarifak jaitsi nahi zizkidaten... Klandestinitatean, negoziatzeko baldintzak txarragoak dira; eta zerbait gertatzen bazaizu, nor salatuko duzu, deia zenbaki ezkutu batetik egin badizute? Frantzian indarkeria handia dago sexu langileen aurka. Gainera, lege abolizionisten eraginez Poliziaren presentzia handitu egiten da, batez ere egoera irregularrean dauden emakumeak dauden tokietan, eta, mozal legearekin, bereizi gabe jartzen dizkiete isunak.
Proxenetismoaren definizioak ere kezka piztua zuen. Zergatik?
Definizio horrekin, azkenean, nire diruarekin bizi den edonor izan zitekeelako proxeneta: nire seme-alaba adindunek edo bikotekideak ezin dute nire dirua erabili? Zer da fiskalizazio eta infantilizazio hori?
Aipatu duzu atzerrira joan izan zarela lanera. Prostituzioa araututa dagoen herrialdeetan seguruago zaudete?
Lekuaren arabera. Suitzan kontrol handia dago: Polizian eta Lan Ministerioan izena eman behar duzu; baina lantzat hartzen den arren, alokairuak abusuzkoak dira, legez ezarritakoaren gainetik baitaude. Herbehereetan, berriz, leku jakin batzuetan soilik lan egin dezakegu, eta horietatik kanpo kontrol handia dago. Noski, ez da gauza bera jazartzen dizun lege baten pean lan egitea, baina erabateko aitortzarik ez daukagu inon. Erregulatuta dagoen tokietan, izena eman behar dugu prostituta gisa. Demagun banatzen ari den emakume batek seme-alaben zaintza eskatzen duela eta agirietan ageri dela sexu langilea dela; horrek mesede egingo dio? Eta utzi nahi badu, erregistratuta egoteak erraztuko du hori? Araututa egoteak ez baitu esan nahi estigmarik ez dagoenik. Gu despenalizazioaren alde daude, Belgikan bezala, han ez baita tramiterik egin behar: apartamentua alokatu, iragarkia jarri eta lan egin, nork bere kabuz.