Jose Maria Guibert. Deustuko Unibertsitateko errektorea

«Gure adierazleak jaitsi egingo dira; baliabiderik gabe ezin da dena egin»

Beste finantzaketa eredu bat behar dela dio Guibertek: oinarrizko hezkuntzako itunen gisakoa proposatu du. Ez du uste, gainera, erakundeek unibertsitate publikoa lehenetsi behar dutela. «Publikoa hobea da?».

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Urtea bete berri du karguan Jose Maria Guibertek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1962), Deustuko Unibertsitateko errektoreak. Gogoetan murgilduta dago unibertsitatea, hurrengo urteetarako lan ildoak zehazten. Deustuko Unibertsitatearen egoerari eta irudiari buruz inkestak egin dituzte —mila baino gehiago—, eta urtea amaitzerako adostuko dituzte ildoak. Finantzaketarekin izango dituzte gorabeherak; aurreko plana ez du bete Jaurlaritzak, eta itxaropenik apenas dagoen diru gehiago izateko.

Lau urterako plan bat prestatzen ari zarete. Zer asmorekin?

Lau urtean behin egiten dugu plana. 2014an amaituko da oraingoa. Egundoko lana egin dugu informazioa jasotzen, inoiz baino handiagoa: gutunak jaso ditut, bilerak, hitzaldiak, milaka inkesta... Gure patronatuak irailean erabakiko ditu ildo nagusiak. Gabonetan zehaztuko ditugu proiektuak.

Kezka baduzue zuen irudiaz?

Jakin-mina. Jendeari egindako inkestetan, ikusten da unibertsitatea ezagutzen dutela behintzat. Analisi bat egingo dugu datuekin.

Elite baten unibertsitatetzat jotzen du jendeak Deustukoa?

Hori esaten da. Guk ez dugu nahi. Nahiko genuke beka eta laguntza gehiago izan. Gure matrikulek 6.000-9.000 euro balio dute; Nafarroako Unibertsitatean, askoz gehiago. Jendeak dio gu garela elitea. Nahiko genuke laguntza gehiago, ez izateko horren garesti.

Errektoreek gutun bat argitaratu zuten, esanez unibertsitatean atzerabueltarik gabeko kaltea eragiten ari direla murrizketak. Zergatik ez zenuen sinatu?

Unibertsitate publikoen arazoetara gehiegi sartua zegoen gutuna. Errespetatzen dugu. Baina Espainian arazo bat dago: unibertsitate publikoak daude batetik, eta bestetik, pribatuak, eta hor gaude gizarte ekimenekoak eta diru irabazia nahi dutenak. Guk ez dugu haiekin nahastu nahi. Ondo dago agiria, ez gaude ados mozketekin, baina guk ere egiten dugu zerbitzua, eta behar dugu laguntza.

Diru gehiago jarri behar da gizarte ekimeneko unibertsitateetan?

Bai. Lehen eta bigarren mailako hezkuntzarekin egiten da. Laguntza hauekin, egin dugun lanean ezingo dugu jarraitu daukagun erritmoan. Ikerketan inoiz baino ahalegin handiagoa egin dugu: lehen EAEko %1 ginen, eta orain, %5; artikuluetan 100dik 200era pasatu gara. Hori egiteko baliabideak behar dira, eta erritmo horretan ezin dugu jarraitu baliabiderik gabe. Ideiak-eta, bai, entzuten dizkigute Jaurlaritzan, oso irekita daude, baina diru kontuan muga asko dituzte, presio asko.

Oinarrizko hezkuntzako itunpekoen gisakoa eskatzen ari zara?

Bai. Hori planteatu dugu.

Planteamendu errealista da, egoera ekonomikoa ikusirik?

Bakoitzak bere iritzia du. Entitate kultural eta sozialek badute laguntza. Zer da publiko eta zer pribatu? Guk esaten dugu publiko garela, gurea zerbitzu publikoa baita. Badu zentzua hori eskatzeak. Formula asko dago munduan.

Lehentasuna unibertsitate publikoak eduki beharko luke?

Lehentasuna, ez. Bakoitzak bere zentzua eduki behar du. Lehentasuna, lehentasunagatik? Publikoa hobea da? Hizkuntza konplikatu behar da. Ezin da esan: «Publikoa da ona, eta bestea, bigarren kategoriakoa». Edo: «Ez du legitimitaterik publikoa ez denak». Guztiak publikoak badira, galdu egiten da gizartearen aberastasuna. Gauzak ez dira hain sinpleak. Diskurtso aberatsagoa behar da.

Unibertsitate plana negoziatzen hasiak zarete Jaurlaritzarekin.

Harrera handia dago ideietan, baina diru kontuan, muga asko...

Aurreko plana ez da bete.

%30 kendu ziguten. Diru horrekin egiten dira hainbat gauza berri: nazioartekotzea, ikertzaileak hartzea... Ez badago diru gehiago —eta hori esan digute—, horrekin ezingo dugu segitu. Jendeari asko ari gara eskatzen, asko egiten du, eta ezin dugu gehiago eskatu. Aldaketa ugari egon dira: graduak berritu, masterrak... Jendea lanpetuta dago. Gauza horiek egiten dira dirua dagoenean. Esan baino gutxiago eman dute. Gure adierazleak jaitsi egingo dira, baliabiderik gabe ezin dugulako dena egin. Arazoa izango dugu hor.

Unibertsitateen erreforma bazterrean utzia du Wertek. Behar du erreforma unibertsitateak?

Zerbait egin behar da. Baina ez dago indar politikorik. Adibidez, Erresuma Batuko unibertsitateek askoz autonomia handiagoa dute. Unibertsitate guztiok antzekoak gara, guztiok gauza berak egiten ditugu batzuetan. Diru kontuak ere larri daude; ikasle gutxiago dago. Leku batzuetan unibertsitatearen beharrak gehiago igotzen dira KPIa baino. Aldaketak behar dira, baina [PPk] ez dauka indar politikorik hori egiteko.

Unibertsitate gehiegi dago?

Zenbakia ez da arazoa. Londresen 40 unibertsitate daude, eta jendea hara doa. Ondo kudeatzea eta planifikatzea da kontua. Oso unibertsitate onak daude AEBetan, baina 3.000 dira; batzuk, oso onak, eta besteak, sinpleagoak. Bakoitzak izan behar du bere tokia.

Nolako harremana duzue hemengo unibertsitateen artean?

Harreman pertsonalak oso onak dira. Gero eta erlazio gehiago dago. Lehen ez zen horrela.

Elkarren konpetentzia zarete?

Batzuetan, bai, noski. Baina xedea da, konpetentzia izateaz gain, kolaboratzea. Jaurlaritzak lortzen badu elkarrekin lan egitea, unibertsitate guztien maila igoko da.

Elkarrekin lanik egiten duzue?

Informazioarekin hasi gara. Unibertsitate bakoitzak bere bizitza zuen lehen, eta ari gara pausoak ematen. Jaurlaritzak horretan laguntzen du: gai askotan guztiak sartuta gaudenez, gero eta lan gehiago egiten dugu elkarrekin.

Bolognako prozesua izan da azken urteetako aldaketa nagusia.

Unibertsitatea berritzeko ondo etorri da. Garrantzi gehiago eman zaio irakaskuntzari. Gure ereduarekin oso ondo barneratu da. Kultura batekin moztu egin da: eskola magistralak, irakasleak nahi duena egitea —asko esaten ari naiz— atzera bota da. Beste helburu bat zen unibertsitatea gizartera hurbiltzea; batzuek diote hori dela gure burua merkatuari saltzea. Kolaboraziorako ere ona izan da: irizpideak daude beste herrialde batean eginikoari balioa emateko. Orain beste mugimendu bat dago. Ikerketa baloratzen da: publikazioak. Beti dago arriskua irakasleek ikasleei kasu ez egiteko, soilik publikazio gehiago izateari begiratzeko. Unibertsitate guztietan dago arriskua. Jendeak dio ona zarela publikazioetan postu jakin batean bazaude.

Rakingek garrantzi handia hartu dute. Sinesten duzu horietan?

Zalantzekin. Bi alde neurtzen dituzte: batetik, datuak, eta bestetik, ospea. Datuetan, ikerketa begiratzen da, publikazioak. Ikerketan emaitzarik ez baduzu, ez zara ona. Batetik, ondo dago, horrek esan nahi baitu gai zarela. Baina hori bakarrik neurtzen da, publikatzen duzuna. Baina publikatzen duzunak balio du gizarterako? Ez dute zehazten. Soilik neurtzen da zenbat publikatu den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.