GuraSOSen salaketa aintzat hartuta, Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) legeztatze prozesuan izandako ustezko irregulartasunak ikertzen hasi da Gipuzkoako Fiskaltza. Plataformaren arabera, instalazioaren «ilegaltasun egoera» argitzea, salatutako ekintzen «balizko tipikotasuna» zehaztea, eta horiek egin zituzten pertsonak «identifikatzea» du helburu ikerketak.
GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarentzat, ordea, GuraSOSen «erasoek eta salaketek» ez dute «inolako oinarririk», eta arratsaldean plataformari «erantzuteko» soilik gaztelaniaz kaleratutako ohar batean jakinarazi du plataforma auzitara eramatea aztertzen ari dela. Entitate publikoaren arabera, «erabateko gardentasunez» jokatu du uneoro, «ezarritako prozedura guztiak betez». Gogoratu du orain arte elkarteak jarritako «salaketak eta helegiteak» hogei baino gehiago izan direla, baina auzitegiek «beti» erabaki dutela horiek aintzat ez hartzea.
Fiskaltzaren erabakia azaltzeko prentsa agerraldia egin dute, gaur goizean, Donostian, kolektiboko kide Joseba Belaustegik eta Mertxe Petxarromanek, eta eskatu diete epaileei ikerketa fasea irekita dagoen bitartean plantaren jarduera behin-behinean eten dezatela. Belaustegik salatu du hondakinak tratatzeko instalazioa, «bere osotasunean», era «arduragabean» ari direla kudeatzen, «ezkutuan», eta ingurumenarengatik zein segurtasunarengatik «erdeinua» adieraziz.
Entitate publikoa ez dago ados horrekin, eta plataformak gaurko agerraldian esandakoa «gezurtatu» du, azpimarratuz bai kontsortzioak, bai Gipuzkoako Foru Aldundiak, baita Eusko Jaurlaritzak ere «ahalik eta prestutasun eta gardentasun handienarekin» jokatu dutela, «transmititu den informazio guztian egiaztatu ahal den moduan». Jose Ignacio Asensio GHKren presidentearen eta Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren hitzak ere jaso dituzte oharrean: «GHKko langile eta funtzionarioen profesionaltasuna eta lan ona nabarmendu nahi dugu»
Atzo plantan gertatutako suteari dagokionez , GHK-k esan du «berehala» kontrolatu zutela, «larrialdietarako protokoloa aktibatuz». GuraSOSekoek adierazi dutenez, «azken hilabeteotan» erraustegian piztutako hirugarren sutea izan zen atzokoa, baina aurrekoetako bat asteartekoa baino «askoz ere larriagoa»izan zela. Belaustegik azpimarratu duenez, ez dira «ezustean» gertatutakoak, eta pizten dira hondakinen hobiaren funtzionamendu «okerraren ondorioz». GuraSOSekoak zehaztu du hobian metanoa sortzen dela, eta horrek eragiten dituela suteak, «Zaldibarko zabortegian gertatu zen moduan».
«Espediente asko»
Plataformaren esanetan, instalazioko bi labeak eta balorizazio katearen atalak «modu ilegalean» funtzionatzen ari dira uneotan, nahiz eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak iragarri zuen, lehengo astelehenean, transformadore nagusia asteburuan jarri zutela martxan —irailean erre egin zen—, «normaltasun osoz eta topera». Belaustegirentzat, GHK-k «saihestu» egin du instalazioaren «ilegaltasun egoera». Iruditzen zaio ezin dela esan planta bete-betean ari dela funtzionatzen, «ez duelako gainditu proba fasea, eta are gutxiago ez gas eta argindar instalazioen ikuskatzea, ezta segurtasuna bermatzeko eta ingurumena babesteko behar diren baimen, homologazio eta agiri multzoa». Adierazi du, zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak «espediente asko» helarazi beharko dizkiola fiskaltzari.