GuraSOS plataformak Nafarroako Parlamentuan hartu du hitza gaur, Ingurumen Batzordearen aurrean, azaltzeko zer ikuspegi duen Zubietako erraustegiak (Gipuzkoa) hondakinak tratatzeko Artaxoako plantara (Nafarroa) bidali zituen substantziei buruz. Elkarteak zenbait dokumentu utzi zituen Nafarroako Ingurumen Ikuskaritzaren esku joan den otsailean, auzia ikertzeko baliagarri izango zaizkiola iritzita, eta dokumentuei buruzko argibideak ematera joan da batzordera. Adierazitakoen artean, ondorio argi bat nabarmendu du: Nafarroako Gobernuak toxiko gisa sailkatu behar zituen erraustegitik Nafarroara bidali ziren hondakinak, eta, beraz, eragotzi egin behar zuen horiek Artaxoako tratamendu plantara iristea.
Artaxoako plantak hondakin organikoak jasotzeko baimena du soilik, eta horiekin konposta eta ongarriak ekoizten ditu hura kudeatzen duen enpresak, Ecofert Sansoainek. Hala ere, plantak Zubietako erraustegian sortutako «hondakin likidoak» jaso ditu, Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Jose Maria Aierdik iazko abenduan baieztatu zuenez, EH Bilduk idatziz egindako galdera bati emandako erantzunean. Aierdik gaineratu zuen hondakin ur horiek «era okerrean» kodifikatuta daudela, Hondakinen Europako Zerrendaren (HEZ) 190812 kodearekin, eta kode horretako hondakinak ez daudela «gune horretan [Zubietako errauskailuan] ekoizteko baimena dutenen artean».
GuraSOSeko kide Joseba Belaustegik batzordean azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren ardura da errauskailuak ezarritako hondakin kode hori egokia dela egiaztatzea «Nafarroako Gobernuak eskumen hori izango ez balu, ez luke inolako kontrolik izango hondakinen arloan. Hori ezinezkoa da». Belaustegik gogorarazi du estatuko Hondakin Legean jasota dagoela inspekzioek hondakinen jatorria, izaera eta helburua aztertu behar dituztela, baina Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dutela halakorik egin.
Horrez gain, 190812 «ispilu kode bat» da. Kode horrekin sailkatzen dira ur hondakin industrialen tratamendutik eratorritako lohiak, baina toxikoak diren ala ez argitzeko azterketa sakonago bat eskatzen dutenak. Belaustegik nabarmendu du hondakin horien nolakoa argitzeko analisirik egiten ez bada toxikotzat jo behar direla, zuhurtziagatik. Hala jasotzen du Europako Batasunaren hondakin zerrendari buruzko araudiak. «Hondakin horiek arriskutsu gisa sailkatu behar ziren, nahitaez, ez baita haien nolakoa argitu oraindik ere».
Aierdik EH Bilduri eman zion idatzizko erantzunean jakinarazi zuen Ingurumen Ikuskaritzak espediente bat zeukala abian, Zubietako errauskailutik Artaxoara bidalitako hondakinak arriskutsuak diren ala ez argitzeko, eta informazio hori emateko epemuga atzo amaitu zen. BERRIAk txostena dela-eta galdera egin dio Nafarroako Gobernuari, baina ez du erantzunik jaso.
Argitzea, ezinbesteko
Belaustegiren iritziz, ezinbestekoa da jaso direnak zehazki zer hondakin diren azaleratzea. «Bestela, Nafarroako atea irekiko zaio substantzia arriskutsuen garraioari, dokumentu faltsuen bidez». GuraSOSekoak gogora ekarri du Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak Europan jarduten duen sare bat atzeman zutela, zeinak hondakinez betetako kamioiak garraiatu dituen legez kanpo, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga gurutzatuta.
Artaxoako plantak Zubietako 190812 kodeko hondakinak jasotzeko baimenik ez badu ere, hondakin horiek toxikotzat jotzeak badu eragina. Hala eginez gero, izan ere, bidaltzailea derrigortuta dago garraioaren berri ematera, gutxienez hamar egun lehenago. Kasu horretan, Nafarroak aukera izango luke tarte horretan bidalketa horri baimena ukatzeko; izan helburua ez delako egokia hondakin mota horrentzat, izan horien tratamendua bere gain ez hartzea erabakitzen duelako, adibidez.
Hain justu, Belaustegik salatu du Eusko Jaurlaritzak ukatu egin diola Nafarroako Gobernuari hondakin arriskutsuen garraioari ezezkoa ematea, hark ere ez duelako argitu, jatorrian, Zubietako erraustegiko hondakinak zer ziren zehazki. «Eusko Jaurlaritzak badaki hondakin horiei eman zitzaien sailkapena egiaztatzea dagokiola, hala jaso zuelako [erraustegiaren] ingurumen baimenean».
Hondakin toxikoak konposta eta ongarriak egiteko planta batera bidaltzeak izan ditzakeen arriskuez ohartarazi du GuraSOSeko kideak, substantzia horiek nekazaritza lurretan erabil daitezkeelako, eta kontsumorako elikagaiak kutsa ditzaketelako.
Kezka horrekin bat egin dute oposizioko alderdiek, eta kontrol zorrotzagoa eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Azalpenak ematea ere galdegin diote.
PSNko Carlos Mena legebiltzarkidearen iritziz, berriz, desberdindu egin behar dira Zubietako erraustegiaren kudeaketa eta Ecofert enpresari egotzi dakizkiokeen ardurak. «Garrantzitsuena ez da hondakinen jatorria, baizik eta [Ecofert] baimenik gabe egiten ari zena. Hori da Nafarroari inporta zaiona».
Ideia bera nabarmendu du Garoa Baiko Pablo Azkonak —alderdi horren esku dago Landa Garapen eta Ingurumen Saila—, eta ziurtatu du 2023tik nabarmen areagotu direla ikuskaritzak. Azkonak iragarri duenez, «datozen egunetan» emango du gobernuak Ecofert enpresari ireki dion espedientearen gaineko ebazpena. Gobernua enpresak aurkeztu dituen alegazioak aztertzen ari da, eta horiekin amaitutakoan haren jarduera etetea espero du parlamentariak.