GuraSOSek galdutako salaketak gogoratuz erantzun du Asensiok

Gipuzkoako Iraunkortasuneko diputatuak esan du GHKren kudeaketa «eredugarria» dela. Dudan jarri du bere aurkako ikerketarik dagoenik

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Iraunkortasun diputatua. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
GuraSOSek orain arte epaitegietan izan duen ibilbideari erreparatuta erantzun dio Gipuzkoako Iraunkortasuneko diputatu eta GHKren presidente Jose Ignacio Asensiok epaitegiek hura ikertzen ari direlako albisteari. «GuraSOSek 40 salaketa baino gehiago egin ditu GHKren edota errauskailuaren aurka, eta denak galdu ditu. Orain ere gauza bera gertatuko da, seguru».

Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak atzo Zubietako errauskailuaren instalazioetan bertan esan zuenez, «lasai» dago, nahiz eta Gipuzkoako 5. Instrukzio Epaitegia haren kudeaketa ikertzen ari den, ingurumen fiskaltzak hala eskatuta. GHK-ko presidente gisa izan ditzakeen ardurak ditu oinarrian ikerketak, Zubietako errauskailuan hondakin arriskutsuak sortu diren susmoa dagoelako eta, beharbada, ezkutatu egin direlako.

Asensioren aurkako ikerketa judizial hori dela eta, PPk Asensioren agerraldia eskatu du Gipuzkoa Batzar Nagusietan. Gaur arte, dena den, salaketaren oinarriei baino gehiago salatzaileari begira jarrita dago Gipuzkoako Iraunkortasun diputatua, haren kudeaketa egokia defendatzeko. Izan ere, haren adierazpenekin batera, GHK-k ohar bat kaleratu zuen atzo, gogoratzeko 2016tik GuraSOSek Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Batzarrak «demokratikoki hartutako erabaki guztiak» judizializatu dituela, 40 prozedura judizial baino gehiagoren bidez. Antza, «Ingurumen Guneko instalazioak geldiarazteko eta bide judizialaren bidez Gipuzkoako hondakinentzako konponbidea moteltzeko asmo bakarrarekin», egin du lan hori GuraSOSek.

Zaborraren kudeaketarako «konponbide» hori Gipuzkoako Batzar Nagusietan erabaki zela ere erantsi du GHK-k, «gehiengoaren akordio politiko bidez». Errauskailuari esker, «aurreko gobernuek lurraldean sortutako gatazka handi bati konponbidea eman zaiola», esplikatu zuen GHK-k. Eta ideia osatzeko gogoratu zuen auzitegi guztiek «beti ezetsi» dituztela orain arte jarritako prozedurak.

Asensio diputatuak, berriz, bere ahotsean eman zuen Zubietako errauskailuaren bertuteen berri. GHKren kudeaketa «eredugarria» dela esan zuen, eta Zubieta «beste lurralde batzuek» nahiko luketela haientzat.

«Ingurumenaren aurkako delituak egiteagatik eta agiriak faltsutzeagatik» ikertzen ari da justizia PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusia, GuraSOSek jakinarazi duenez, baina Asensiok ziurtatu du ez diotela horren jakinarazpenik bidali, «ez epaitegiak, ez fiskaltzak».

EH Bilduren aurka

Hala, saiatu zen zalantzan jartzen epaitegia Asensio bera ikertzen ari ote den. «Dakigun gauza bakarra da hedabideetan kaleratu dena, eta uste dut kudeatzen ari den informazio bakarra dela GuraSOSek gizarteratu duen oharra», esan zuen Iraunkortasun diputatuak. Hori dela eta, uko egin zion albiste jakinaren gaineko «balorazioak» egiteari, baina helarazi zuen «lehenbailehen» jakin nahiko lukeela epaitegia zer ikerketa egiten ari den, «benetakoa bada».

Izenez egin ez bazuen ere, EH Bilduri ere erreparatu zion Asensiok, haren kudeaketaren auzian bete-betean sartu nahian; koalizioari leporatu baitzion plataformak erabiltzea oposizioa egiteko. Hala, haren izenik esan gabe, EH Bilduri eskatu zion «GuraSOS moduko plataformak ez erabiltzeko oposizio politikoa egiteko». Betiere EH Bilduri mintzaturik, Gipuzkoako PSE-EEko buruak hau erantsi zuen: «Politikan ez du denak balio». Oposizio politikoa «dagokion lekuan» egiteko eskatu zuen ikertua izaten ari den diputatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.