Gurasoen alienazioaren sindromerik ez dela berretsi dute adituek

Amaitu da Bizkaiko Aldundiko lau langileren aurkako epaiketa. Unai Rementeria ahaldun nagusiak Sergio Murillo akusatua babestu du

Jone Bastida Alzuru.
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Atzo amaitu zen Bizkaiko Foru Aldundiko lau funtzionarioren aurkako epaiketa. Azken saioan auzitegiko medikuek eta psikiatrek berretsi zuten ez dela existitzen GAS gurasoen alienazioaren sindromea. Hain justu, sindrome faltsu horretan oinarrituta kendu zioten alabaren zaintza Irune Costumerori, duela ia lau urte. Diputazioaren txostenetan GASa jaso zuten teknikariek; alegia, haren haurra manipulatu zuela aitaren aurka.

Inputatuetako bat Sergio Murillo da, egun Gizarte Ekintzako diputatua —jada auzipetuta zegoenean izendatu zuten diputatu, 2019ko foru hauteskundeen ostean—. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak hura babestu zuen atzo ere, eta adierazi zuen auzipetuak «euren lana egiteagatik» ari direla epaitzen: «Beste erabaki bat hartu izan balute, espediente horretan ageri ziren txosten tekniko guztiak urratuko lituzkete; beraz, konfiantza dut haren errugabetasunean».

Epaiaren zain

Epaiak ebatziko du ea aldundiko langileek prebarikazioa, tratu txarrak eta lesio psikologikoak eragin dituzten. Akusazioak bost urte eta sei hilabeteko kartzela zigorrak eskatu ditu akusatuentzat, baita enplegu publikorako hamabost urteko inhabilitazioa ere. Fiskalak eta defentsak, berriz, absoluzioa galdegin dute, baita Costumerori kostuak ordainaraztea ere, «ausarkeria eta fede prozesal txarra» leporatuta. Fiskalak herenegun esan zuen «GASa existitzen» dela.

Ama eta haurra banatzen dituzten uneko audioaren grabazioa entzun zuten atzoko saioan, eta, akusatuek eta Ertzaintzak diotenaren kontrara, haurra negarrez eta oihuka entzuten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.