Gurasoek salatu dute Getxoko eskola «berandu» aritu dela sexu abusuen auzian

Guraso baten arabera, ikastetxeak irailaren 15etik zeukan egoeraren berri. Algortako Mugimendu Feministak elkarretaratzea egingo du gaur.

Getxoko Europa ikastetxea. MIGUEL TOÑA / EFE
Getxoko Europa ikastetxea. MIGUEL TOÑA / EFE
gotzon hermosilla
2024ko maiatzaren 29a
12:00
Entzun

Alaben kontrako sexu erasoak salatu dituzten gurasoek uste dute Getxoko Europa ikastetxea (Bizkaia) «berandu» aritu dela eta gertatutakoa «estaltzen» saiatu dela. EITBri egindako adierazpen batzuetan, ametako batek esan du eskolak irailaren 15etik zeukala gertatutakoaren berri, orduantxe esan baitzion ikaslearen tutoreari neskatoa «atal intimoak gorriturik» itzultzen zela etxera. Guraso horren arabera, ikastetxearen erantzuna izan zen neskatoa «ongi artaturik» zegoela, dena «ongi» zegoela eta ez zeukala kezkatzeko arrazoirik.

Eskolako zuzendaritzak bilera izan zuen atzo Haur Hezkuntzako ikasleen gurasoekin, eta han ere azaleratu ziren gurasoen kexak. Vocento taldeak plazaratu duenez, bilera horretan zenbait gurasok aurpegiratu zioten ikastetxearen zuzendaritzari «berandu» erreakzionatu izana, lehenengo susmoak duela zenbait aste agertu baitziren; eta adierazi zuten lehenengo salaketa iritsi zenean «auzia estaltzen» ahalegindu zirela. Lehenengo salaketa jarri zuen amari «pozik» ez bazegoen «eskolatik joateko gonbita» egin ziotela ere salatu zuten gurasoek.

Ingeleseko irakaslea

Salatutako irakaslea 30 urte inguruko gizonezko ingeles bat da, eta murgiltze programetan aritzen zen, ingelesa irakasten. Hiru urte zeraman ikastetxean beharrean: lehenengo bi urteetan tarteka aritu zen, eta azken urtean, berriz, modu erregularragoan jardun du. Oraindik ez dute jakinarazi irakasleak bere jaioterrian aurrekaririk edo salaketarik ba ote zuen. Haren kontrako lehen salaketa joan den asteazkenean jarri zuten: umea Gurutzetako erietxera eraman zuten (Barakaldo, Bizkaia), eta han zerbitzu medikoek baieztatu zuten sexu abusuak pairatu izanaren zantzuak zituela. Herenegun, astelehenean, beste hiru ikasleren gurasoek ere salaketa jarri zuten: neskatoen sintomak eta kontakizunak antzekoak ziren kasu guztietan. Gurasoek azaldu dutenez, gutxienez badaude beste bi kasu, baina bi ume horien gurasoek ez dute salaketarik jarri oraindik.

Auzia salatzeko, Algortako Mugimendu Feministak elkarretaratzea egingo du gaur, 19:30ean, Malakate parkean: «Ez dugu erasorik onartuko, ez Getxon, ez inon».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.