Pello Irujo. NIEko lehendakaria

«Gurasoek esateko dutena ere entzun behar dugula argi dut nik»

Ikastolako ikasle izan zen, lehendabizi; guraso gero. Eta, orain, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari bilakatu da Pello Irujo. «Gogoz» ekin dio lanari, bidean urratsak egiten jarraitzeko.

edurne elizondo
Iruñea
2013ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan hartu du kazetaria Pello Irujok (Caracas, Venezuela, 1970), Iruñeko San Anton karrikan. Arazoak arazo, baikor da ikastolen etorkizunari buruz, eta arrakastaren giltza eguneroko lana dela nabarmendu du. Lan horri ekiteko prest da bera, oztopo guztien gainetik. Eta ez dira gutxi. Bertzeak bertze, Erriberako ikastolen egoera jarri du Irujok mahai gainean.

Lehendakari lanari ekiteko gogoz?

Bai, gogoz. Eta sinesmen osoz, gainera. San Fermin ikastolan ikasitakoa naiz. Hamalau urte egin nituen ikastola horretan. Nire hiru anaiak ere han aritu ziren, eta nire hiru semeak, orain, San Fermin ikastolako ikasle dira. Konpromisoa dut ikastolekin. Konpromiso pertsonala, bai eta soziala ere, kooperatiba eredu horrekin bat egiten baitut, erabat. Gurasoen eta profesionalen arteko harreman horrekin bat egiten dut, erabat. Gure ereduak gauza on asko ekarri zuen: gela mistoak, elebitasuna... Normalizazioa ere bai, komatxo artean bada ere, D eredua motz gelditu baitzen. Gure mugimendua, hala ere, Nafarroa osoan zabaldu zen. Orain, etorkizunera begira jarri behar dugu.

Zer asmo dituzu?

Horixe behar dugula uste dut, etorkizunera begira jarri, eta aztertu zer-nolako pedagogia nahi dugun, zer berrikuntza. Eta, batez ere, gure barneko musika entzuteko garaia dela uste dut. Hau da, gurasoei entzun behar diegu. Gure hamabost ikastoletako gurasoei so egin, gure profesionalekin eskutik joanda. Ez dugu ahaztu behar, gainera, gure helburua, gure lanaren giltzarri, gure ikasleak direla. Zenbaitetan gertatzen da gure barneko musika hori entzun beharrean kanpotik heldu direnei so denbora galtzen dugula. Eta nik uste dut gure baliabideak eta gure denbora gure ikasleei eskaini behar dizkiegula. Hori da nire apustua, barneko lana egitea.

Zer-nolako lana egin nahiko zenuke gurasoekin?

Jakin behar dugu gurasoek zer pentsatzen duten. Zer nahi duten. Gure profesionalek badakite haien lana ongi egiten, baina gurasoek esateko dutena ere entzun behar dugula argi dut. Gustatuko litzaidake, adibidez, federazioan guraso gehiago izatea. Parte har dezatela arlo guztietan. Finean, gurasoak proiektuaren erdian jartzea ikastola egitea da. Kooperatiba egitea, ikastola egitea da. Hori da asmoa, eta asmo hori betetzeko proiektu bat dugu esku artean.

Zer ari zarete prestatzen?

NIE Etorkizuna deitu diogu proiektuari. Batetik, bederatzi pertsonak osatu taldea hasi da lanean. Hor nago ni, hor dago Pello Mariñelarena zuzendaria, eta hor daude, baita ere, Nafarroa osoko sei ikastolatako hainbat guraso. Bestetik, ikastolako aita Pello Yaben ari da ikastoletako gurasoek eta kideek esateko dutena entzuten. Ari da elkarrizketak egiten, ikastoletako kideekin, bai eta hezkuntza elkarteetako ordezkariekin ere. Elkarrizketa horien bidez jakin nahi dugu kanpotik nola ikusten gaituzten, eta, aldi berean, ikastoletako profesionalek eta gurasoek zer nahi duten.

Barneko musika entzuteko beharra aipatu duzu; ikastolek bide luzea dute egina, eta musika propioa egin dute, ezta?

Bai, garapena erabatekoa izan da. Proiektuak lortu du bere tokia, eta sendotzea lortu du. Egoera, hala ere, ez da berdina Nafarroa osoan.

Nafarroako Gobernuak ez-euskalduntzat jotzen duen eremuan egoera larrian daude ikastolek, hain zuzen ere.

Hala da. Egunero zabaltzen dituzte ateak, eta txalotzeko modukoa da, eguna amaitzen denean, ate horiek ixten direnean, ez baita ziurra hurrengo egunean berriz irekitzeko aukera izanen denik. Baina ari gara lanean. Argi dago Euskararen Legearen ondorioz ezberdina dela egoera Nafarroako hainbat eremutan. Euskara bertako hizkuntza da, eta uste dut denon eskubidea dela. Legea aldatu edo ez, dena den, ikastolen zeregina da aurrera jarraitzea.

Egoera ekonomikoa, hala ere, larria da.

Bai. Nik nahiko nuke Euskararen Legea berdina izatea nafar guztientzat. Gaurko egoera da milioi bat euro behar dugula urtean gure ikastolek aurrera egiteko gobernuak eremu ez euskalduntzat jotzen duen horretan. Hori eskatuko nuke nik, normal-normal.

Orain arte, egoera konpontzeko borondate gutxi agertu du gobernuak.

Esperantza ezin dugu galdu. Borroka zailagoak ere izan ditugu azken 40 urteotan. Nahiko nuke oraina bestelakoa izatea, baina gure zeregina da hori lortzeko lanean jarraitzea.

Euskarazko irakaskuntzaren aurkako azken erasoari buruz, zer deritzozu?

Nire, Nafarroako Ikastolen Elkartearen eta ikastolen mugimenduaren babes osoa D ereduko gurasoei eta irakasleei. Profesional guztiei. Nik uste dut Hezkuntza Departamentuari dagokiola hitz egitea. Badaude tokiak, gainera, hitz egiteko. Eskola Kontseilua, adibidez. Nire ustea da taktika politikoak ez direla neurtzen, askotan; kasu honetan ez dira neurtu, eta ez dugu ahaztu behar hezkuntza oso gauza serioa dela. Eskola Kontseilua dago, eta hor landu behar dira gauzak. Lekua hori da. Guk hor salatu dugu gertatu dena, bai eta Gurasoen Mahaian ere.

Neurri batean zuen kontrako erasotzat ere hartu duzue?

Orain sare publikoari egokitu zaio erasoa, baina izan dira bestelako erasoak ere, gure kontra ere bai. Kontu ziklikoa da; ikusiko dugu etorkizunean zer gertatzen den. Baina gu gure seme-alabentzat ari gara lanean. Salatu, eta lanean jarraitzea da kontua, hori da garrantzitsuena.

Nafarroako presidente Yolanda Barcinak onartu berri du Madrilen ingelesez ikasteko programak D ereduari muga jartzeko sortu zituztela. Zer deritzozu?

Nik ez dut ulertzen zergatik jartzen dituzten euskara eta ingelesa bata bestearen kontra, ez baita hori errealitatea. Hizkuntzak ez daude elkarren kontra. Ikastolek elebitasuna gainditu, eta eleaniztasunaren alde egin zuten. Hizkuntza gehiago jakiteak gehitu besterik ez du egiten. Euskara bertako hizkuntza da, eta haren aurka egitea Bardearen aurka egitearen gisakoa da, nire ustez. Hizkuntzak bata bestearen kontra jartzeak ez du zentzurik. Nik, are gehiago, euskarari ere ez diot jarri nahi mugarik, eta mundu osora zabaldu nahi dut gure hizkuntza. Orain, Argentinako Necocheako ikastolarekin proiektu bat dugu, Xabier Zubillaga hango zuzendariaren eskutik. Ikastolak mundura ireki nahi ditut. Zergatik ez?

Zabaltzeko aukerak bainoago, mugak jartzen ditu egungo errealitateak, ordea. Werten legea da horren adibide, edo Jose Iribas Hezkuntza kontseilariaren azken asteotako adierazpenak, ikuskaritzak iragarriz euskarazko irakaskuntzan. Nola bizi duzu egoera hori?

Ikuskariek egin dezatela haien lana. Guk betetzen dugu Nafarroako curriculuma, eta, gainera, gure curriculum propioa ere badugu. Guk lanean jarraituko dugu. Egin ditzatela nahi adina ikuskaritza, baina emaitzenak ere bai. Eta emaitzak onak dira. Are hobeak lortzea behar du izan gure helburua. Kalitatezko irakaskuntza eskaini nahi dugu guk, ez elitezkoa. Gure eredu soziala baita. Kritikak jaso ditugu barrutik eta kanpotik; baina ez dut denbora haiei erantzuten galdu nahi. Gure lana egin behar dugu. Erriberan bi aukera ditugu, egoera salatu eta salatu, edo salatu eta lan egin, eta gu bigarrenaren aldekoak gara. Eguneroko lana da xedea. Hori da nire iritzia. Nik uste dut eguneroko lanarekin erantzun behar dugula, eta hori da nire asmoa. Posible dela uste dut. Eta ez dugu ahaztu behar garrantzitsuena gure ikasleak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.