ELA sindikatuak erreklamazio kolektiboa aurkeztu du Gizarte Eskubideen Europako Kontseiluan, Espainiako Estatuaren kontra. Arrazoitu du guraso bakarreko familien jaiotza eta zaintza baimenak ezberdinak izatea «diskriminazioa» dela, eta «eragin zuzena duela 12 hilabeteko adingabeengan». Bi gurasoko familiek 32 aste hartzeko aukera dute jaiotza eta zaintza baimenagatik; guraso bakarreko familiek, berriz, hamasei asteko baimena dute, bi gurasoko familiek balia dezaketen denboraren erdia.
ELAk, Nahitako Ama Ezkongabeen Elkartearekin lankidetzan, salaketa jarri zuen martxoaren 12an. Haien esanetan, ez dira betetzen Europako Gutun Sozialeko hainbat artikulu, «[Espainiako] Estatuan ez dagoelako Gizarte Segurantzaren berdintasunezko estaldurarik guraso bakarreko familientzat, emakumeen diskriminazioa betikotzen delako, eta, gainera, adingabeei ukatu egiten zaielako bi gurasoko familietako seme-alaben baldintza beretan zainduak izateko eskubidea».
Gehitu dutenez, egoera horrek amak behartu egiten ditu erabaki bat hartzera: haurrak berak zaindu, diru iturririk gabe, ala beste norbaiten esku utzi, ordainduta. Iritzi dute egoera horrek pobrezia arriskua areagotzen duela familiarentzat, baita gizarte bazterketa ere.
Guraso baimena
Hego Euskal Herrian, oro har, hamasei asteko baimena du guraso bakoitzak haurra jaiotzen denean: sei aste nahitaez hartu behar dituzte, segidan eta lanaldi osoz. Gainontzeko hamar asteak hurrengo urtebetean hartu behar dituzte, eta segidan ala ez.
Ipar Euskal Herrian, erdituko duenak sei asteko baimena hartu behar du erditu aurretik, eta hamar aste erditu ondoren. Baimena urtebetekoa izan daiteke oinarrian, bi aldiz berritu baitaiteke baldintza batzuk betez gero. Beste gurasoak 25 eguneko baimena du, eta astebete hartu behar du derrigorrez.