Datozen lau urteetan garatuko dituen lan ildoak azaldu ditu Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Munta handiko departamentua kudeatzea egokitu zaio Melgosari, eta sailaren tamaina bezain mardula izan da batzordean iragarri duen neurri sorta. Helburu nagusi batek ardaztuko du sailburuaren jarduna: erronka demografikoari heltzea eta belaunaldi guztientzat bizi kalitatea hobetzeko politikak sustatzea.
Erronka demografikoa
«Demografikoki gero eta orekatuagoa den gizartea» erdiesteko xedez, jaiotza tasa handitzea eta familia proiektu berriak laguntzea ezarri du helburutzat. Horretarako, seme-alabengatiko laguntzak handituko dituztela iragarri du: egun 0-3 urte arteko haurrak dituzten familientzako ematen dituen 200 euroko laguntza zabaldu egingo dute haurrek 7 urte bete arte; familia ugarien kasuan, berriz, hirugarren seme-alaba edo ondorengo bakoitzagatik jasotzen duten 100 euroko laguntza, 3 urte betetzen dituenetik 10 urte bete arte zabalduko dute.
Era berean, neurriak hartuko dituzte kontziliazioa errazteko, eta guraso baimena 24 astera luzatuko dute —hamasei astekoa da orain—. Baimenak besterenezina izaten jarraituko du, gaur egun bezala. Kontziliaziorako laguntzen dekretu berri bat eta guraso bakarreko familientzako estatutu espezifiko bat ere onduko ditu gobernuak, Melgosak iragarri duenez.
Zaintza
Menpekoen zaintzari dagokionez, 2030eko hamarkadari so egin dio sailburuak, eta ordurako, arreta eredua aldatzeko helburua jarri du. Menpekoen zaintzak familien esku egoteari utzi, eta zaintza «publikoa eta komunitarioa» izatea nahiko luke Jaurlaritzak. Bide horretan, gobernuaren asmoa da «lehen eta bigarren mailako arreta etxeak eta komunitateak» sustatzea. Izan ere, Melgosak gogoratu du gaur egun egoitzetako urteko gastua gizarte zerbitzuen gastuaren erdia dela, eta ohartarazi du kopuru hori zuzendu beharrekoa dela, «etorkizunean ez delako jasangarria izango».
Horretarako, funtsezkotzat jo du zahar etxeetako bizikidetza unitateen kopurua murriztea, egoitzek «etxe baten antz handiagoa» izan dezaten. Azpimarratu duenez, Jaurlaritzaren nahia da, «ahal den neurrian», pertsonak etxean zahartzea, eta, horretarako, zahar etxeen eredu berriak bultzatuko dituzte, hala nola, cohousing-ak eta belaunaldien arteko etxebizitzak.
Horrekin batera, iragarri du euskarri teknologikoak garatuko dituztela —hala nola telelaguntza prediktiboa, arriskuak detektatzeko— eta zaintzaileentzako estatutu bat onduko dutela, bai senideentzat, bai profesionalentzat.
Migrazioa
Familia migranteak erakarri eta integratzeko asmoz, hainbat neurri iragarri ditu sailburuak. Besteak beste, Harreragune izeneko esperientzia pilotua jarriko dute martxan, harreran eta harrerarako laguntza leihatila gisa funtzionatuko duena. Era berean, Trapezistak programa zabaltzeko asmoa du Jaurlaritzak, modu horretan, gazte migratzaileak eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan familia laguntza sarerik ez duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bizkortzeko. Migratzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko plan integral bat ere onduko du gobernuak, Lehendakaritzarekin eta Lanbiderekin elkarlanean.
Horrekin batera, migrazio politikan genero ikuspegia zabaltzeko urratsak egingo dituzte, eta emakume migratzaile egoiliarren errealitatean eragiteko asmoz, diagnostiko bat egin, eta lan plan bat martxan jartzeko asmoa dute.
Diskriminaziorik eza
«Aniztasun afektibo-sexualari eta genero aniztasunari» dagokienez, tratu berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren legea onduko du Jaurlaritzak, Melgosak jakinarazi duenez. Legea diskriminazioaren aurkako tresna izango da, eta sailburuak ziurtatu du kultura aldaketa gertatuko dela gizartean haren bidez. «Gizarte horretan, pertsona guztiek bizitza osoak eta diskriminaziorik gabe bizi ahal izango dituzte, edozein izanda ere».
Halaber, ijitoen aurkako arrazakeria desagertzeko asmoz, itun bat sustatuko du Jaurlaritzak.