Gune bat osatzea eskainiko dio EAEko gazteria kontseiluak Nafarroako taldeari

Gazte Abertzaleen proposamena aurrera atera da EGKn. Euskal Elkargoaren barruan gazteria talde bat sortuko balitz, atea irekita izango luke

Erredakzioa
Bilbo
2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Lankidetza gune bat sortzea eskainiko dio EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Nafarroako erakundeari, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluari. Batzar orokorra egin zuen atzo EGK-k, eta Gazte Abertzaleek eraman zuten Nafarroari proposamen hori egiteko eskaria. Aurrera atera zen. Ipar Euskal Herriarekin ere partekatu nahi dute gune hori, baldin eta han ere gazteriaren gaietarako kontseilu edo gisako bat osatzen badute Euskal Elkargoaren barruan. Jakinarazi dute «ateak zabalik» izango lituzketela Iparraldean erakundea sortuko balute.

Herrialde Katalanetan duten eredua gogoan hartuta egin dute proposamen hori Gazte Abertzaleek. Azaldu dute 1999an Triangle Jove izeneko lankidetza gune bat abiarazi zutela hiru gazteria kontseiluk: Kataluniakoak, Balear uharteetakoak eta Valentziakoak.

Ohiko batzar orokorra egin zuten atzo EGK-ko ordezkariek. Ez da aldaketarik presidente karguan. Iaz, ezohiko batzarrean hautatu zuten Maialen Olabe presidente, eta atzoko bileran ere hura babestu zuten; hurrengo bi urteetan izango da kontseiluko buru. Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundeko ordezkaria da Olabe. Iulia Caraseva izango da EGK-ko presidenteordea, Euskadiko Emakume Gazteak elkarteko kidea da.

EGKren «diskurtsoa osatu eta berritu» nahi izan zuten atzoko batzarrean. Horretarako, Gazteon giza eskubideen urraketak deitoratzeko protokoloa onartu zuten, indarkeria matxistaren kontra egina duten protokoloa ere berrikusi zuten, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako lehen plana onartu zuten. Berdintasuna EGKren «zeharkako balio gisa» ezarriko dute planarekin, eta hainbat arlo «genero ikuspegitik» kudeatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.