Bira espazioak, Berbaizu eta Zenbat Gara elkarteek, Bilboko auzoetako euskara taldeek, euskaltegiek, jaietako eragileek, haur eta gazteen aisialdi taldeek, mugimendu sozialetako aktibistek, Euskal Herri osoko euskalgintzako kideek eta tokiko proiektu komunikatiboetako hainbat kidek osatu dute Guka mugimendua. «Gu gara, Guka gara!»; aldarrikapen artean batu dira Bilboko adin guzietako euskalgintzako kideak gaur iluntzean. Ibai ertzean eta musika gora emanik hasi dute mugimenduaren aurkezpena.
Euskaraz eroso aritzeko mezua zabaldu dute. Horretarako, euskarak «boterea» behar duela adierazi dute banatu dituzten eskuorrietan. Euskara estetika kontuetatik kanpo ere nahi dute utzi eta hizkuntzaren biziraupena jokoan dagoela erran dute: «Ez gara ari estetika konkretu batzuk bultzatzeaz, salbazioa gatazkan dago». Bertzalde, euskararen aldeko borroka bertze borrokekin uztartzea proposatu dute, euskalgintzak «bere» eginez gainerateko borrokak, borroka emantzipatzaileak «euskaratik» eraikiz. Komunitate menderatu baten «defentsa» eraman nahi dute «beharrezkoa» baita «hiztun oso eta duin gisa bizitzeko aukera ematea».
Finean, euskararen kontrako oldarraldi «ideologiko, politiko eta juridiko» betean, «sakabanatuta» lanean ari ziren Bilboko euskalgintzako kideak batu dira herri mugimendu horretan. Gaur egin dute aurkezpena, Erripa kaian, udaletxetik hurbil, eta Oihana Bartrak, Liher Barrantesek, Olatz Silvak eta Maialen Gagok hartu dute hitza.
Adierazi dutenez, luzaroan aritzeko sorturiko mugimendua da Guka. Bilboko euskaltzaleen «plaza askea» dela nabarmendu dute, jadanik lanean hasiak direla, eta kanpaina bat abiatu dutela Bilboko jai herrikoietan euskara sustatzeko eta euskal hiztunen eskubideak aldarrikatzeko.
Aldarrikapenen artean, bigarren mailako hiztun izateari uko egin diote, eta adierazi hiriak «euskaldunon alde egitea» nahi dutela. Argudiatu dute euskararen egoera ez dela bakarrik «arrazoi sentimentala» baizik eta «justizia kontua» dela. Horretarako, zehaztu dute komunitate gisa hedatu, sendotu, ahaldundu eta aktibatu behar dutela, gaurko gizarteak dituen erronkei aurre egiteko.
Bi lan ildo
Bilboko euskalgintzak «behar» duen prozesua irudikatu eta gauzatzeko, euskaltzaleen plazak bi ildo izanen ditu. Batetik, lan «eratzailea» eramanen du, eta Bilbon jadanik euskaraz ari diren tokiak indartu eta beste batzuk eratzea bultzatuko du. Azken finean, euskararen arnasguneak indartu eta halako gehiago sortu nahi dituzte. Adierazi dutenez, proiektu pilotuak abiaraziko dituzte, proiektu erreferenteak sustatzeko eta egitasmo berriak bultzatzeko. Bertzalde, aldarrikapenerako tartea ere zabaldu dute antolatzaileek. Hausnarketa «ideologikoa» eginen dutela erran dute: euskararen aldeko mugimenduaren nondik norakoak, zergatiak, helburuak eta zabalpena izanen dituzte ardatz.
Gainerateko mugimenduekin lan egiten dutela eta proiektuak elkarlanean eginen dituztela esplikatu dute. Hain zuzen ere, hainbat eragin eremu identifikatu dituzte euskararen zabalpenerako beharren arabera. Batik bat, aintzat hartu dituzte haur eta gazteen aisialdia, kultura, helduen euskalduntzea, merkataritza eta zerbitzuak.