Esperientzia tekniko handia du Antonio Aretxabala geologoak (Santander, Espainia, 1963). Urteak eman ditu hormigoiak lurrikaren aurrean eduki dezakeen erresistentzia neurtzen. Haatik, atzo goizaldean urduritasuna nabaritu zuen: «Gorputzak beste zerbait esaten dizu ordenagailuaren pantaila edo armairua dardarka ikustean».
Lizoainibar-Arriasgoitin geroz eta kezkatuago daude lur mugimenduez: 'Kezkak astindu ditu lurrak'
Herenegun gaueko lurrikarak bereziki nabaritu ziren Nafarroan. Zeren ondorio dira?
Ezin da esan ezeren ondorio den. Pirinioaurreko eremu honetan maiz izan dira halako lurrikara multzoak. Adibidez, 1903ko martxoaren 10eko gaua bart bezalakoa edo okerragoa izan zen. Halakoak izan dira 1923an, 1982an, 2013an Erreniegan... 2004koan soilik esan dezakegu argi eta garbi Itoizko urtegia betetzeagatik izan zela. Aparatu batzuk jarri, eta oso magnitude txikiko ikarak neurtu zituzten (0,1-0,2koak), eta ikusi zen jarduera mikrosismiko garrantzitsu bat zegoela.
Zer da lurrikara multzo bat?
Gertaera sismikoak eremu jakin batean izatea, oraingoan Lizoain eta Eguesibar inguruan bezala. Asteak, hilabeteak edo urteak iraun dezakete. Intentsitate handiagoa edo txikiagoa izan dezakete, baina ez dago bereizterik zein den lurrikara nagusia, zein erreplika edo zein aurretik izaten diren lurrikarak.
Jabetzen da gizartea lurrikara eremu batean bizi dela?
Hau ez da Japonia, baina gertaera natural bat da. Lurrikara bereziak dira, hainbat konturen batuketen ondorio. Gure eremu sismikoa faila oso txikiz osatua dago. Mahai batean domino fitxak horizontalean botatzea bezala da: bat mugitzean hura ukitzen duten besteak mugitzen dira, eta lurrikararen magnitudeak failen neurrien araberakoak dira. Kalifornian eta Txilen, potentzia handiko lurrikarak izan ditzakete, ehunka kilometroko failak bat-batean mugitzen direlako. Hondamendia eragin dezakete. Guk ezin dugu halakorik izan, ez dugulako faila handirik, eta ez garelako bizi plaka tektonikoek elkar ukitzen duten leku batean. Plaka baten barruan, geruzan zati txiki ugari dituen eremu batean bizi gara.
Eraikitzeko orduan aintzat hartzen al da lurrikara eremua dela?
Arrisku sismikoei aurre egiteko protokolo bat dago (SISNA). Nafarroako Gobernuaren arabera, Iruñean eremu hauskorrago batzuk daude: Txantrea eta Alde Zaharra. 2013an lurrikara batzorde bat osatu zen, eta ohartarazi nien hauskortasun hori zegoela. Kontuan hartuko zela esan zuten, baina ez dakit aintzat hartu den. Promes egin zuten eskoletan hezkuntza sismikoa egingo zela, jakin behar baita nola jokatu. Iraganean, Lorcan [Espainia] edo Italian hildakoak egon dira herritarrek ez zekitelako nola jokatu. Administrazioak halako ilunkeriaz jokatzen du. Protokoloaren arabera, lautik gorako lurrikaretan, plan sismikoa aktibatu behar da. Iragan gauean, hiru aldiz gainditu zen, baina herritarrei bederen ez zaie ezer esan.
Lizoain eta Eguesibar inguruan izan da azken multzoa.
2017ko martxoaren 10ean Olaguen lurrikara izan zenetik, inguru horrek ez dio dar-dar egiteari utzi. Hilero. Asko intentsitate txikikoak, baina noizbehinka igo egiten da. Lurrikara multzo bera da, baina epizentroa ekialderantz mugitu da, Lizoain ingurura. Berezitasunetako bat da denbora gutxian ikara asko izan direla.
Argi modukoak ere ikusi dira Lizoainen. Zer da?
Aspaldiko kontua da. Erromatarrek eta greziarrek hitz egiten zuten jada. Youtuberen garai honetan, hainbat bideo daude: adibidez, 2008an Txinako Sichuanen halako argi goibel batzuk ikusi ziren lurrikara handiaren aurretik. Ikerketa baten arabera, ionosferan aldaketak daude. Arroken marruskadurak ionizazioa eragiten du, eta luminiszentziak sortu.