LAA Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak lehen arretako langileei dei egin die ez ditzaten egin beren asistentzia mailari ez dagozkien burokrazia lanak. Kanpaina hori «abiapuntu bat» da, Markel Brouard plataformako kidearen arabera (Bilbo, 1990): «Lehen arreta indartzeko neurri gehiago behar ditugu».
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak mahai gainean jarri du lehen arretako medikuek borondatez erretiroa 72 urterekin hartu ahal izatea. Zer iritzi duzu horri buruz?
Oraindik falta zaie aztertzea zergatik falta diren familia medikuak. Familia medikuntza egitea erabakitzen dute askok, baina postu batzuk bete gabe geratzen dira. Badaude medikuak BAME egin [barruko mediku egoiliar ikasketak eta azterketa] eta posturik gabe gelditzen direnak, ez dutelako familia medikuntza egin nahi. Badaude familia medikuntzako espezialitatea egin eta lehen arretan lan egin nahi ez duten medikuak ere.
Zergatik?
Arrazoi asko daude. Batetik, lehen arretako lanari zer garrantzi ematen zaion, eta sistemak berak non kokatzen duen. Jaurlaritzaren lehen arretarako ekintza planean aipatzen dute lehen arreta sistemaren sarrerako atea dela. Hitzez edozer esan daiteke, baina guk gure egunerokoan ikusten dugu lehen arreta ez dagoela erdigunean. Gaur egungo osasun sistemak ospitalean zentratuta daude. Erakunde sanitario integratuak sortu zituzten horiek bateratzeko, baina ikusi dugu horrek ez duela erantzuten, eta osasun sistemaren zentralitate osoa daukatela ospitaleek eta gaixotasunek. Lehen arretari ez badiogu baliorik ematen eta hura ez bada indartzen, ulertzen dut jendeak ez jarraitzea erabakitzea. Adibidez, Jaurlaritzak planean ez du jarraitutasuna aipatzen!
Zein da jarraitutasunaren garrantzia?
Pertsona bati bere bizitzan jarraipen bat egiten badiote —berdin dio zer: orkatila bihurritu duela, ama hil zaiola, edo erretzeari utzi nahi diola— eta pertsona berak artatzen badu, hiltzeko arriskua %25 murrizten zaio. Hori jarraitutasunak ematen du.
Zer egin behar da jarraitutasuna lortzeko?
Behin-behinekotasun tasa jaitsi behar da lehenik. Benetako neurriak hartu behar dira betetzeko zailak diren postuetarako —ordutegietan erraztasunak emanez, adibidez—, eta, horretarako, balioa eman behar zaio lehen arretari. Ez gara diruaz ari: aitortzaz, formakuntzaz eta talde lana indartzeaz ari gara. Autonomia aldarrikatzen dugu: osasun zentroetan aukera izatea bakoitzak dituen baliabideak erabiltzeko, kudeatzeko eta daukan errealitatera hobeto egokitzeko.
Talde lana egin ahal izatea nabarmentzen duzunean, zer esan nahi duzu?
Zenbait zentrotan talde txikietan lan egiten hasiak daude. Erizainek, administrariek eta medikuek osatzen dute, eta horrek frogatu du irisgarritasuna hobetu egiten duela. Talde batean lan egiten dutenez, bakoitzak bere funtzioak hobeto bete ditzake. Familia medikuari lan burokratiko gutxiago heltzen zaio, erizainak sendaketa gehiago egin ditzake... Baliabideak hobeto erabiltzea da kontua. Neurriak egokiak izan daitezke, baina prozesuak parte hartzailea izan behar du.
«Egunerokoan ikusten dugu lehen arreta ez dagoela erdigunean. Gaur egungo osasun sistemak ospitalean zentratuta daude»
Lehen arretarako ekintza planak burokrazia murrizteko neurri batzuk ere proposatzen ditu.
Gauza bera irakurtzen ari gara 2009tik. Ulertarazten du digitalizazioarekin murriztuko litzatekeela, baina txosten digitalak ere badaude. Gaur egun, lehen arretaren lan burokratikoaren parte handi bat ospitalean sortzen da. 2009an egindako instrukzio batek arautu zuen nork egin behar zuen zer, eta 2019an eguneratu zuten, LAAk eta gehiengo sindikalak egindako greben ondorioz. Akats berak egiten segitzen dute, neurri errealik hartu gabe instrukzio hori martxan jartzeko. Horregatik, plataforman erabaki genuen ez genuela itxarongo. Oso prest gaude elkarlanerako, baina ez dugu itxarongo ea zer egiten duten. Horren adibide da antolatu dugun kanpaina.
Zeintzuk izan ohi dira osasun langileek egin behar izaten dituzuen burokrazia lanak?
Erizainei, adibidez, beste zerbitzu batzuetako anbulantzia eskaerak heltzen zaizkie, haiek eskatu gabekoak. Txostenak, mutualitateentzako egiaztagiriak... Zentzurik ez daukaten txostenak heltzen dira. Gaur egun, aukera dago Bakq kodea osasun zentroetan lortzeko. Osasun zentroko administrariek kudeatzen dute, eta ez dauka zentzurik. Dena dela, lan burokratiko bat ere beharrezkoa da. Adibidez, gaixoaldia tramitatzea preskripzio medikoa da. Hala ere, orkatila apurtzen badut eta ospitalean ebakuntza bat egiten badidate, familia medikuarengana joan behar dut gaixo baimena eskatzera. Familia medikua idazkaria balitz bezala, traumatologoak esan baitio pazienteari etxean geratu behar duela.
Hori ezin du traumatologoak egin?
Legeak zehazten du osasun sistema publikoko mediku batek izan behar duela, eta pazientea lehenik baloratzen duena izan behar duela. Historikoki familia medikuek egin izan dutenez hori, bere horretan geratu da. Badirudi egiten hastekoak direla. Ikusi dugu presioa eginda zerbait mugitu dela pixka bat.
Martxan jarri duzuen kanpainan, lehen arretako langileei dei egin diezue zenbait burokrazia lan ez egiteko. Desobedientzia ekintza gisa uler daiteke?
Ez. Ez da hain errebeldea, haien instrukzioak betetzeko eskatzen ari baikara. Guk ez dugu egingo gurea ez den lana, Osakidetzak horrela zehazten du eta. Egiatan, Osakidetzaren arauak betetzea nolabaiteko errebeldia da. Azaroaren 24an ekin genion kanpainari, eta zenbait lan egiteari utzi diogu. Medikuntzaren alorrean, ospitaletik eratortzen diren lan burokratikoak ez egiteari utzi diogu —enkargutxoak—: ez didatela medikazioa sartu, ez didatela anbulantzia eskatu... Bestalde, txostenak: mutualitate batzuek osasun sistema publikoari eskatzen dioten haurdunaldi txostena, adibidez. Lehen arretan eragiteko daukagun gaitasuna eta ospitaleetan daukatena ez da bera, eta, horregatik, saiatuko gara borrokatzen.