Koronabirusa. Cristina Uriarte. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

«Guk ez dugu aldatu irizpidea»

Uriarteren hitzetan, betetzen dira osasun baldintzak astelehenean ikasgelara itzultzeko. Sindikatuei «erantzukizuna» eskatu die, euren aldarrikapenak bete dituztelakoan.

JUANAN RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
COVID-19ak ikastetxeak itxi zituen, eta ikasle askorentzat pantailak bihurtu dira ikasgela. Orain, osasun baldintzak betetzen direlakoan, itzulera prestatzen ari da Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua (Bilbo, 1961). Beste bi data ere buruan ditu: uztailean, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa, eta irailean, hurrengo ikasturtearen hasiera.

Hilaren 18tik 25era atzeratu da institutuak irekitzeko eguna. Eragileekin gogoeta egin aurretik atera zinen hedabideen aurrera eguna iragartzera? Eta hala ez bada, norekin zenuen adostuta? Ia aho batez egin zuten denek erabaki horren aurka.

Osasuna eta segurtasuna dira gure lehentasuna, eta, hortik abiatuz, bermatu behar dugu, neurri batean, ahal dugun neurrian, hezkuntzaren eskumena. Bizi Berri planean hainbat agertoki ezarri ditugu, eta, ikusita fase horretan nola zegoen egoera eta beste jarduerek izango zituztela beren momentuak, aurreikusten zen irakaskuntza presentzialera bueltatzeko aukera zegoela maiatzaren 18an. Estatuari komunikatu genionean zein zen Eusko Jaurlaritzaren plana, erabaki genuen hori partekatzea eragile guztiekin. Oso ondo azaldu diegu zein zen planifikazioa, argitu ditugu zeuzkaten zalantzak eta beraien ekarpenak ere jaso ditugu. Uste dut eragileak —eta gainera hori ikusi zen lehengo bileratik— ez zeudela bueltaren kontra. Eta beti esan dugu: osasun neurriak eta segurtasun juridikoa eskatzen zizkiguten, eta hori izan da landu duguna.

Beraz, lehenengo Espainiako Gobernuarekin adostu zenuten, eta gero hitz egin zenuten hezkuntza eragileekin?

Ez. Hau Eusko Jaurlaritzaren plana da. Egia da, gero, alarma egoeraren arabera, guk adostu behar dugula nolabait estatuarekin noraino garatzen dugun gure plana. Plan hori ofizialki aurkeztu zenean, esan genuen: «Ofizialki aurkezten bada, goazen gure eragileei aurkeztera». Baina oraindik ez zegoen onartuta.

Eragileei bidalitako gutunean esan zenuten Espainiako Gobernuarekin adostuta zenutela, baina gero ez zuela segurtasun juridikoa eman. Norekin zenuten adostuta, eta zer? Denis Itxasok argi esan zuen lehen fasean ezin zirela eskolak ireki.

Hori izan da, momentu desberdinetan, agian, ordezkari batzuek esan dutena mediatikoki. Jaurlaritzatik, Arantxa Tapia sailburua dago izendatuta negoziatzeko. Esan zuten pasatzen ginela denarekin, baita hezkuntzarekin ere, eta gero hor behar genuen berme juridikoa. Ikusten genuen atzeratzen ari zirela, eta ez zutela ematen berme juridikorik. Ez egoteko azken momentura arte itxaroten, erabaki genuen astebete atzeratzea.

Zer zenuten zehazki adostuta?

Gure plana.

Eta plan horretan jasotzen zen hilaren 18an irekitzea eskolak?

Bai.

Zer ereduri ari zaio jarraitzen Eusko Jaurlaritza eskolak hain goiz irekitzea proposatzeko?

Osasun Sailak ematen dizkigun irizpideei jarraitzen diegu. Guk, gure irizpideen arabera, eten egin genuen gure irakaskuntza presentziala, eta gure osasun irizpidearen arabera planteatzen dugu —hori jasotzen da gure planifikazioan— noiz irekitzen dugun.

Iruditzen zaizu orain osasun baldintzak badaudela ikasleak ikasgeletara itzultzeko?

Bai, bai. Hau da, beti egin dugu lana Osasun Sailaren eskutik, eta haiekin kontrastatzen ditugu hartzen ditugun neurriak, erabakiak, gomendioak eta irizpideak.

Zertan oinarritzen zarete erabaki horiek hartzeko garaian?

Uste dugu hurrengo fasean jada berme juridiko hori egongo dela.Gainera, ikastetxe guztiek izan dute nahiko denbora ondo planifikatzeko. Osasun Sailak aukera eman digu, eta, beraz, nire ustez, oso garrantzitsua da neurriak hartzea, baina baita ikasleak bueltatzea ere. Batzuek agian ondo egin dute lan online, baina zalantza batzuk izan ditzakete, zer mailatan dauden. Ez da bakarrik ea lortu dugun gure programazioa betetzea; gauza asko daude hor, eta guk erantzukizunez jokatu behar dugu, eta eman behar diegu aukera hori denei.

Aurreko astean, egunetik egunera aldatu dituzue irizpideak: lehenengo, ikastetxeak 18an irekiko zirela; gero, ikastetxe bakoitzak autonomia izango zuela; aurrez aurreko jarduera maiatzaren 25era atzeratu zenuten; eta ikasleek txandaka joateko aukera izango zutela aipatu. Irizpide aldaketa horiek ikusita, nahiko sendotasun ba al dute zuen oinarriek?

Guk ez dugu aldatu irizpidea. Sentitzen dut, baina guztiz kontra nago. Hasiera batean, esan genuen gure planifikazioan eta Bizi Berri planean 18an bueltatzen ginela. Ezin bagenuen 18an bueltatu, beste arrazoi batengatik —eta ez gurea—, bueltatuko ginela beste momentu batean, eta hurrengo momentua maiatzaren 25a zen. Hor azaldu genituen irizpide orokorrak, gero azalpenak eskatu dituztenean nola egiten den, etaikusi dutenean, esan dute: «A, bai, orduan bai; ulertzen dugu». Guk ez dugu aldatu; beti defendatu dugu ikastetxearen autonomia, eta beti esan dugu ikastetxeek beraiek ezagutzen dutela zein den beren ikasleen egoera, nola garatu duten azken hiruhileko honetan irakaskuntza, edukiak, nola planteatzen zuten ebaluazioa... Horretan guztian laguntzen aritu gara, bai berritzeguneetatik, bai ikuskaritzetatik. Irizpide aldaketarik ez da inongo momentuan egin. Mantentzen da, eta mantendu behar dugu; bestela, ezin ditugu ziurtasun batzuk eman, eta hori izan da gure helburua.

Beraz, hasieran, jarraibide orokorra eman zenuten, eta, gero, hori zehaztu zenuten?

Noski. Horrelako bilera handi batean, lehenengo lerroak izan ziren, eta hortik abiatuz joan ginen landuz bakoitzarekin zehaztasun guztiak.

Hezkuntza Ministerioak esana du eskolara itzultzea «boluntarioa» dela. Irekitzen duten eskoletan, ikasleentzat derrigorrezkoa izango da joatea, edo gurasoek erabaki dezakete seme-alabak ez bidaltzea?

Guk esaten dugu ikastetxe bakoitzak bere autonomiaren arabera egiten duela planifikazioa. Horrek dakar, agian, ikasle guztiak ez direla bueltatu behar, edo ez direla bueltatu behar egun berean. Berak ikusi behar du nola antolatu, datorren astelehenetik aurrera nola garatu jarduera horiek: batzuk tutoretzak izango dira; beste batzuk errefortzuak; beste batzuk, agian, klaseak; edo auskalo. Guk ulertzen dugu, eta hori haiekin ere hitz egin dugu, malgutasunez jokatu behar dugula. Ikusten dugu familia bakoitzean egoera desberdinak egon daitezkeela; aztertu egin behar dira, eta pentsatu.

Irakasleek ikastetxera joan beharko dute, nahiz eta euren ikasleak ez itzuli ikasgeletara. Zergatik erabaki hori?

Ikastetxeetan ez da bakarrik eskolak ematea. Jarduera asko egin behar dira: tramitazioak, datorren ikasturtea prestatu, azken ebaluazioak prestatu...

Ikasle guztiak joatea da irizpidea, ala behar handiena dutenak soilik? Ikastolen Elkarteak, adibidez, bide horretatik jo du.

Uste dut bakoitzak erabakiko duela nola egin, baina, nire ustez, ezin diogu guk esan ikasle bati ezin dela joan ikastetxera berak nahi badu. Nik uste dut irekita egon behar duela denentzat. Beste gauza bat da indartzea, errefortzu gehiago jartzea benetan behar dituztenei.

Ikastetxe gehienak noiz hastea espero duzue?

Ziur gaude datorren astelehenetik aurrera joango direla sartzen. Ziur nago lehenengo egunean asko ez direla egongo; inork ez du nahi lehena izan, baina ez da hori bakarrik. Azkenean, kontua ez da denek batera zabaltzea astelehenean; guk esaten dugu 25etik aurrera joango direla irekitzen.

Aurten, errepikatze tasa txikiagoa izango da aurreko urteetan baino, edo berdin-berdin aplikatuko dituzte irizpideak?

Irizpideak, berdin-berdin, urtero gertatzen den bezala. Ezin dut esan zein izango den errepikapen tasa. Uste dut antzekoa izango dela. Errepikatzen dutenek beste arrazoi batzuengatik errepikatuko dute, ez COVID-19arengatik, eta hori oso ondo aztertuko da ikuskaritzaren aldetik.

Ikasleen arteko desberdintasunak areagotu egin dira garai honetan. Zer neurri hartuko dituzue ikasle horiek berreskuratzeko? Laguntza zerbitzuak handituko dituzue?

Ikusi dugu gai batzuk agian ondo landu direla, baina beste batzuetan beldurra daukagu; adibidez, euskararen arloan. Udarako programa bat lantzen ari gara.

Xehetasunik eman dezakezu?

Esan dezaket zuzenduta egongo dela bereziki laguntza hau behar dutenentzako: Hamaika Esku programaren barruan dauden ikasleentzat eta Lehen Hezkuntzako bosgarrenmailatik DBHko bigarren mailaraino. Espero dugu hamabost eguneko txandak egitea eta dohainik izatea.

Hilabete eta erdi falta da unibertsitatera sartzeko probarako. Zer duzue prest egun horietarako? Berma daitezke segurtasun neurriak? Arantxa Tapiak BEC eta Ficoba irekitzeko aukera aipatu du.

Beste espazio batzuk pentsatzen ari gara, behar izanez gero, unibertsitateko espazioak osatzeko, eta segurtasun neurri horiek bermatzeko. Bat, agian, BEC izan daiteke, Bizkai aldean.

Nafarroak egun bat luzatu du proba, eta hainbat institututan ere egingo du. Horrelako neurririk hartuko al du Jaurlaritzak?

Guk oraingoz hiru egunean mantentzen dugu.Espazio gehiago behar badugu begiratuko dugu zer espazio gehiago izango diren.

Irailetik aurrera, ikastaldeak banatu egin beharko dira modu orokorrean? Isabel Zelaak, Espainiako Hezkuntza ministroak, esan du gehienez hamabost ikasle egon daitezkeela gela bakoitzean. Mahai gainean dago irakasle kopurua handitzeko aukera, ikasleak etxera ez bidali behar izateko? Hala bada, zenbateko igoera aurreikusten da?

Lantzen ari gara zer egoera desberdin izan ditzakegun irailean. Alde batetik, eremu pedagogikoa dago: curriculuma, errefortzuak... Dena den, hori guztia eragileekin landu behar dugu. Hausnarketa bat egiten ari gara, ikusten zer egiten ari diren beste leku batzuetan, ideiak jasotzen. Ez da bakarrik klaseak bikoiztea; hainbat aukera daude, eta konbina ditzakegu. Gainera, ez da bakarrik hamabosteko zenbaki bat izatea. Hemen, kontua da zer distantzia mantendu behar den ikasleen artean. Distantzia horren arabera, egokituko ditugu gelak, metodologia edo egin behar den guztia.

Baduzu kezkarik online irakaskuntzan irakasleak jasaten ari diren presioarengatik?

Oso azkar egokitu behar izan dugu, bai irakasleek, bai administrazioak, bai familiek, bai ikasleek. Arlo digitala garatu behar da. Aurreikusita daukagu 20.000 ordenagailu erostea, bai familientzat, bai ikastetxentzat, eta formakuntza ere emango dugu. Uste dut irakasleak lan bikaina egiten ari direla.

Badakizue egoera honetan irakasleak nola moldatzen ari diren? Egin du Hezkuntza Sailak inolako ikerketarik?

Ikastetxeak berak ere konfinamendu honetan egin zuen planifikazio bat, ea nola jarraitu behar zuen irakasle bakoitzak bere lana; jarraipen hori egin dute ikastetxe bakoitzean, eta ikuskaritzan jasotzen dute informazioa. Baldintza bakarra zen jarraitu behar zela irakaskuntza, nahiz eta ez-presentziala izan, eta jarraitu da.

Online irakaskuntza aukeratu da, pentsatuz eskola orduetan ikasle guztiek dutela ordenagailu bat, wifia eta lanerako toki eta giro egokia. Nola uztartzen da hori atzean geratzeko arriskua dutenei lagundu behar zaiela esaten duen mezuarekin?

Ikastetxe batek edo norbaitekikusten badu ez duela ordenagailurik eta behar duela, mesedez abisa diezaiola sailari, eta eskainiko dizkiegu. Hori esaten aritu gara denbora guztian.

Etxeko jardunak ordezkatu dezake eskolakoa? Eskolaren funtzio sozializatzailea zertan geratzen da?

Familientzat egoera oso berezia izan da, eta egokitu zaie normalean egiten ez zituzten gauzak egitea. Horregatik esaten dugu ikastetxera itzultzea oso garrantzitsua dela; behar dugu sozializazio hori ikasleen artean eta irakaslearekin. Espero dugu denak irailean itzultzea, behar ditugun neurriekin.

Agintaldia amaitu da, eta hezkuntza legerako proposamenik ez duzu aurkeztu. Zergatik?

Hezkuntza legea tramitazioaren hasieran zegoen: irekita zegoen tramitazioa, eta idazten ari ginen testua, jasotako ekarpen guztiekin. Prozesua hor geratu da; etenda. Hau guztia amaitzen denean, eta irekitzen direnean berriz prozesu guztiak, jarraituko da. Hurrengo legealdian izango da.

Ulertzen duzue familien ezinegona ikusita erabakiak hartu eta gero atzera egin dela?

Ez da atzera egin. Osasun irizpidetik abiatuz eten zen irakaskuntza presentziala, eta osasun irizpideetatik abiatuz hasiko da berriz irakaskuntza presentziala. Beste gauza bat da Espainiako Gobernuak zer erabaki hartzen dituen, baina gure aldetik beti aurrera izan da.

Sindikatu batzuek egoera honetan grebaren aldeko apustua egin dute, eta beste batzuek, lanuzteena. Zer balorazio egiten duzu horretaz?

Nik erantzukizuna eskatzen diet. Haien aldarrikapena zen segurtasun neurriak behar zituztela, eta jarri dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.