‘Hezkuntza ez dago salgai II. Erreskatea’ txostenaren egilea

Juan Zubia: «Guk eskola publikoak irekita mantentzea nahi dugu, baina Hezkuntza Sailak ez»

Steilasen irudiko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila itunpeko sarearen mesedetan ari da lanean. Hori frogatzeko, txosten bat ondu du Zubiak.

GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2025eko otsailaren 26a
05:00
Entzun

Itunpeko ikastetxeek jasotzen duten «diru pila», ikasle zaurgarriak hartzeko betebeharrak malgutu izana... Steilasek dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila itunpeko eskolen «erreskatean» ari dela; sindikatuaren irudiko horretarako martxan jarri dituzten neurriak aletu dituzte Hezkuntza ez dago salgai II. Erreskatea dokumentuan. Juan Zubia (Zumaia, Gipuzkoa, 1971) Steilaseko kideak egin du.

Diozunez, bi aldagai hartu behar dira kontuan txostena ulertzeko: jaiotze tasaren beherakada eta migratutako familietako haurrak gero eta gehiago direla.

2011tik 2023ra, jaiotzak %36 jaitsi dira, eta migratutako familietako jaiotzak ikaragarri ugaritzen ari dira: 2023an, jaiotzen %32 ziren. Hau aurreikusita zegoen, eta patronalaren bueltan egin dute dantza. Tamalez, ikastetxeak itxi egin beharko dira, eta guk, gure sindikatuaren izaeragatik, publikoak irekita mantentzea nahi dugu, baina Hezkuntza Sailak ez. Ikusita jaiotze tasak nola egin duen behera eta migratuen zenbat ume jaio diren, itunpeko ikastetxeak erreskatatzera joan dira.

Hasteko, matrikulazio datuak aztertu dituzu. Sare publikoa gero eta toki handiagoa hartzen ari da. Nola dago orain?

HH, LH, DBH eta Batxilergoa batuta, 2003-2004ko ikasturtean, publikoak ikasleen %47 jasotzen zituen; orain, ia %51. Hori da gehienbat jatorri atzerritarreko ikasleen %70 publikoan matrikulatzen direlako. Euskal eskola publiko bat daukazu, askotariko jendea jasotzen duena, eta familia batzuek hori baloratzen dute; beste batzuek, ez. Gainera, doakoa da, eta zerbitzu oso ona ematen ari dira. Eta publikoaren aldeko plataforma pila bat sortu dira eskualdez eskualde; uste dut horrek kontzientzia piztu diola jendeari. 

«Publikoaren aldeko plataforma pila bat sortu dira eskualdez eskualde; uste dut horrek kontzientzia piztu diola jendeari»

Itunpeko ikastetxe guztien datuak batera eman dituzu. Zure irudiko, ba al dago alderik batzuen eta besteen artean?

Bai. Itunpekoetan abaniko izugarri handia dago. Kristau Eskolan denetik dago, baina, izaera publikora gertura daitekeen itunpeko ikastetxerik baldin badago, Kristau Eskolan daude; besteak beste, ikasle zaurgarriak hartzen dituztelako. Gero, ikastolak daude. Herri berean ikastola eta publikoa daudenean, badakigu ikasle zaurgarriak nora joaten diren, baina Gipuzkoan badaude herri batzuk ikastola bakarrik dagoena, eta horiek herriaren errealitatea irudikatzen dute; ikastola horietara joaten dira familia migratzaileak. Agerian gelditu da zeinek hartzen dituen ikasle zaurgarri gehien: lehenengo, Kristau Eskolak; gero, ikastolek; eta gero, besteek —Deutsche Schule, Opus Deikoak, Ikasgiltzakoak...—. Azken horiek ez dute ezer jakin nahi ikasle zaurgarrien banaketaz-eta.

Hezkuntzaren pribatizazioaz mintzo da txostena. Eusko Jaurlaritza egin duzu erantzule. Zergatik?

Pribatizazioaren oinarria planifikazioan dago. Itunpekoen eskaintza puztu egin dute; eskaintza gehiegizkoa da orain, eta horrek segregazioa handitzen du. Adibidez, Andoainen ehun postuko eskaintza dago itunpekoan —bi itunpeko daude—, eta 74 ume jaio dira. Itunpekoen eskaintza 25 eta 25 tokira mugatuz gero, beteko dira, eta 24 daude publikorako, gutxienez; horietako batzuk zaurgarriak izango dira, baina beste asko ez. Eta diru pila bat sartu da itunpeko ikastetxeetan. Publikoa baliabidez husten badugu, familientzat ere ez da erakargarria: askoz ere nahiago dute itundu bat, diru gehiago jasotzen ari delako. 

Nabarmendu duzu itunpeko ikastetxeen erreskatean ari dela Jaurlaritza. Zertan nabaritu duzu?

Ituntzeko gutxieneko ratioa jaitsi egin dute: gela bat ituntzeko, hamazazpi ikasle behar ziren, eta hamahirura jaitsi zuten. Gela bat ituntzeko diru kantitatea ere igo egin dute, pila bat: bi urtean gauzatu zen erreskatea, eta modulua —ikasgelako ituna— %13 igo zitzaien, baina kuotetan-eta ez da antzeman ere egin. Beste neurri bat: bi urtekoen gelak itundu dituzte. Horrek hamabost milioi euro gehiago eman dizkie. Denera, bi urte hauetan 124 milioi euro gehiago sartu dira itunetan.

2023-2024ko ikasturtean, Eusko Jaurlaritza zenbait neurri hartzen hasi zen eskola segregazioa murrizteko. Emaitzak eman al ditu horrek?

Ikasle zaurgarrien banaketa ez da batere eraginkorra; ez du ezertarako balio. Bost ikasle zaurgarritik bat ez dute bere lehen aukerako eskolan utzi; zaurgarriak ez direnei dagokienez, %4,68ri ez zitzaien eman lehen aukerako ikastetxea. Familiek errekurtso asko sartuta dauzkate, zeren zuk aukeratu duzun ikastetxea publikoa bada, eskubidea daukazu toki publiko bat izateko, lekua badago. Sententzien zain gaude; arrazoia emango zaie. Banaketari dagokionez, publikoan, %22,1 zaurgarriak ziren Bizkaian; pribatuan, %10. Ikasle zaurgarrien banaketa egin zen, eta zaurgarritasun tasak 0,26 puntu egin zuen behera publikoan; pribatuan, 0,67 puntu egin zuen gora. Hau da, puntu erdiko eragina ere ez zuten izan mugimenduek.

«[Ikasle] Zaurgarrien banaketa ez da batere eraginkorra; ez du ezertarako balio»

Okerrera egingo duela diozu.

Orain artekoak ez badu balio izan, oraingoak are eta gutxiago. Lehenengo aldian zera jaso zen: eskolaren eskariaren %80 baino gehiago eragin eremutik kanpokoa bazen, zaurgarritasun tasa ikasle horien jatorrikoa izango dela. Hau da: Loiura doazen gehienak Bilbokoak dira, eta Bilbon %15etik gora dago zaurgarritasun tasa. Loiuko ikastetxe batek ehun eskari jasotzen baldin bazituen, hamabost toki gorde behar zituen ikasle zaurgarrientzat. Hiru ikasle zaurgarri joaten bazitzaizkien, hamabi toki hutsik geratzen ziren. Hori patronalarentzat ez da aukera bat; orduan, iaz kendu egin zuten neurri hori. Eta, aurten, zera egin dute: ikasle zaurgarrientzat bi postu gordetzea nahikoa izango dute. Beraz, libratu dira banaketatik. 

Hurbiltasunezko eskolatzea sustatzea ere bazuten xede.

Gu hurbiltasunezko eskolatzearen alde gaude, baina ez dute neurri egokirik hartu. Lehen, senide bat ikastetxean edukitzeak ematen zuen puntuaziorik handiena; gaur egun, ikastetxea gertu edukitzeak puntu gehiago ematen ditu —zazpi ematen ditu, eta bertan senide bat edukitzeak, 6,5—. Barematzeko orduan izaten da hori, eta, egun, ez da barematzen, eskaintza ez dutelako betetzen; orduan, ez du ezertarako balio. Benetan hurbiltasuneko eskolatzea egin nahi baduzu, adibidez, Loiun ezin duzu 318ko eskaintza eduki, urtero 11 haur jaiotzen baitira. Loiukoak elite-eliteko ikastetxeak dira, eta 135 autobus mugitzen dira egunero-egunero Bilbotik, Durangotik eta Eibartik... baita Castrotik ere. Hau da, zero kilometroko hezkuntza bermatzen duen sare bakarra publikoa da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.