Ezkutuan aritzen dira angulak harrapatzen, ez baitute horretarako lizentziarik. «Sistemak behartuta gara ilegalak». Usurbil eta hango Aginaga auzoko (Gipuzkoa) ingurukoak dira, zortzi bat lagun; Oria ibaian ibiltzen dira, eta beren egoeraren berri eman nahi izan dute. «Badakigu eremu horretan jende gehiago dabilela gure moduan». Eusko Jaurlaritzak 2003-2004 sasoian banatu zituen lizentziak azkenekoz. «Indarrean dagoen sistema oso arbitrarioa da. Lehendik dutenek bakarrik eduki dezakete», kexu dira.
Europako aingira desagertzeko arriskuan dago, eta, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariaren esanetan, «Europatik datozen aholkuen menpe» daude. Horien arabera, «ia zerora» mugatu behar dira bai arrantza, bai gizakiak aingirari «eragiten dion hilkortasuna». Iruditzen zaio, horrenbestez, gaur egun «oso zaila» dela lizentziak emateko modua aldatzea. Baina isileko angulazaleek pentsatzen dute alda daitekeela. Bestela «herriko ohitura bat» galduko dela diote. «Guk ere eskubidea dugu, gainontzeko herritarrek bezala. Ohitura hori galdu egingo da lizentzia berriak ez badituzte ematen».
Angulak harrapatzeko ia 800 lizentzia daude Bizkaian eta Gipuzkoan, Azkueren arabera; 760 bat ibaiaren bazterrean jarduteko. Oria ibairako 190 lizentzia banatu zituzten: 26 arrasteontzientzat, eta 174 bazterrekoentzat. Arrasteontziak gora eta behera ibil daitezke ibaian, ababorrean eta istriborrean, arrantzarako salabardo bana jarrita. «Ez dago kontrolik. Eta gero gure atzetik dabiltza, gaizkile batzuk izango bagina bezala, huskeria bat harrapatzen dugunean», esan du ezkutuan aritzen direnetako batek. Ilunpean ibili behar izaten dute bazterretik, «leku txarretan», eta «beti beldurtuta».
Denboraldia joan den azaroaren 15ean hasi zen, eta urtarrilaren 31n bukatuko da. Isilpekoek salatu dutenez, sasoiaren lehen egunetan Ertzaintzaren, Guardia Zibilaren eta kaleko jantzitako Poliziaren furgonetak ikusi zituzten. «Aurreko urteetan egunen batean-edo azaltzen ziren, baina, denboraldi honetan, lehen hiruzpalau asteetan, ia egunero ibili dira». Beraz, joateari utzi zioten. «Beldurrarekin ibiltzeko...». Isunen beldur dira. «Arriskuan dagoen espezie bat lizentziarik gabe arrantzatzen baduzu...». Uste dute kontrola handitu egin dela.
Azkue ez dago ados. «Beste espezie batzuekin bezala —antxoa, berdela, hegaluzea—, gure ikuskaritza zerbitzuak urtero egiten du kontrol plan bat. Beste urteekin alderatuta ez da areagotu». Jaurlaritzako kargudunaren hitzetan, Arrantza ikuskaritzak «angularen araudia betearazi nahi du». Gogorarazi du 2003 eta 2008 artean «libre» zela angulak arrantzatzeko lizentziak eskuratzea—EAEn 2003az geroztik dago debekatuta horiek saltzea—. 2008an, baina, Aingiraren Kudeaketa Plana jarri zuen martxan Jaurlaritzak, Europako Batzordearen gomendioei jarraituz.
Liburuxka eta mugak
Kanpaina hasi baino lehenago, urtero, bilera batera deitzen du Jaurlaritzak, eta, Arrantza zuzendariaren esanetan, plazaratzen duen mezua da kudeaketa plan bat adostu zela, eta neurri batzuk ezarri zirela. «Lizentzia dutenei liburuxka bat ematen zaie, apuntatzeko zer arrantzatzen duten. Behin kanpaina bukatuta, itzuli egin behar dute liburuxka». Lizentzia duen bakoitzak bi kilo arrantzatu ditzake, gehienez, egunero. «Guk denboraldi osoan hiruzpalau kilo, bost, harrapatzen baditugu... Lehorrean oso zaila da», zehaztu du lizentziarik gabeko angulazale batek. Etxerako direla diote, senideekin edo lagunekin jateko.
Lizentzia dutenek liburuxkan apuntatu behar dute zenbat arrantzatzen duten. «Ez badute entregatzen, ez diete lizentziarik ematen hurrengo urterako. Batzuei kendu izan diete arrazoi horrengatik, baina, gaizki eginda ere, berriro eman zieten lizentzia», salatu dute lizentziarik gabekoek.
Jaurlaritzak denboraldia hasi aurretik egindako bileretara joan izan dira. «Eta bai, Leandrok [Azkue] onartzen du, aitortzen du, eta 'aldatuko dugu, aldatuko dugu' esaten digu, baina, urteak joan, urteak etorri, berdin gaude». Sistema berri bat planteatzen dute. «Pentsa lizentzia bat nahi duten 250 aurkezten badira; zozketa bidez erabaki dadila». Azkuek adierazi du ari direla «aztertzen» ea posible izan daitekeen, eta zer «ondorio» izan ditzakeen sistema aldatzeak. «Angularen egoerak, zoritxarrez, ez du aukerarik ematen lizentzia berri gehiago banatzeko». Nabarmendu nahi du, gainera, diputazioekin adostu beharko luketela, «azken finean haiekin partekatzen baititugu kudeaketa planaren neurriak».
«Legezko» egoeran daudenekin «iskanbilaren bat» eduki dutela esan dute ezkutuan aritzen direnek. «Haietako batzuk gure kontra daude».
Udalaren bilera
Isileko arrantzaleen kexa «arrazoizkoa» iruditzen zaio Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateari. «Herrian iritzi orokortua da ez dagoela ondo arautua. Inork ez luke arrantza egin behar modu ilegal edo alegal batean». Nabarmendu du, gainera, angulak harrapatzeko ohitura handia dagoela Usurbilen, eta talde horretako kideen egoeran herritar «dexente» daudela. Udalak «zubi lana» egin nahi du ezkutukoen eta Jaurlaritzaren artean. Horregatik, Azkuerekin eta Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikarako sailburuarekin bilduko da Solaberrieta datorren asteazkenean, Gasteizen. «Haien argudioak entzun nahi ditugu. Agian beste modu batean egin daiteke lizentzia banaketa».
«Guk ere eskubidea dugu»
Eusko Jaurlaritzak 2003-2004an banatu zituen azkenekoz angulak harrapatzeko lizentziak. Arrantzan ezkutuan ez ibiltzeko, sistema aldatzeko eskatu du Usurbil inguruko talde batek. Instituzioen arabera, «oso zaila» da hori, Europak esaten duena aintzat hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu