«Emandako hitza» bete du Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordeak. Euskal gramatika eguneratzeko eta osatzeko lana amaitu du. Irailaren 15ean bidaliko du osoko bilkurara. Folio tamainako 1.500 orri mahai gainean, batzordeko buru Pello Salaburuk aurkeztu zuen atzo, akademiaren Donostiako egoitzan. «Guk gurea egin dugu. Orain, osoko bilkurak ikusiko du lan honekin zer egin. Eta horren arabera jokatuko dugu guk», azaldu zion Salaburuk BERRIAri, aurkezpena amaitu berritan.
Andres Urrutia Euskaltzainburuak sarrera hitzaldian parte hartu zuen. Jendaurrera azaldu aurretik agurtu zuten elkar Urrutiak eta Salaburuk; hotz. Bien arteko etena 2013an egin zen agerikoa, eta, bertsio ofizialaren arabera, atzo aurkeztutako lanaren ingurukoek piztu zuten haserrea. Gramatikako Batzordeko kide guztiek dimisioa eman zuten, baita Hiztegi Batuaren arduradun Ibon Sarasolak ere. Hilabete batzuen buruan bideratu zuten auzia, eta euren lanetara itzuli ziren batzordeko kideak; ez, ordea, Sarasola —euskaltzain oso da oraindik ere—. Euskaltzaindiaren barruko botere lehiak ere agerian utzi zituen gertakari hark.
Batzordearen lanarekin batera gramatika labur bat egiteko proposamenak azaleratu zuen eztabaida. Horren lanketarako Gramatika Batzordea kanpoan utzi zutela salatu zuen Salaburuk. Gainera, azpimarratu zuen euren ustez gramatika laburra ezin zitekeela egin aurretik Euskal Gramatika eguneratu eta moldatu arte. Eta berdin pentsatzen jarraitzen dutela berretsi zuen atzo. «Hori horrela ez egitea kontradikzio bat da».
Iaz, baina, Euskara Batuaren Eskuliburua kaleratu zuten. Euskaltzaindiaren arabera, nork bere lanak egitea adostu zuten batzordeko kideekin, karguetara itzuli zirenean. Haiek euskararen gramatika amaituko zutela, eta beste talde batek eskuliburua egingo zuela. «Idatzizko konpromisoa genuen, baina hitzemandakotik baino urrunago doa eskuliburu hori, baita edukietan ere», adierazi zion Salaburuk kazeta honi atzo. «Polemikak bere horretan jarraitzen du».
Hitzaldiaren amaieran ere gogoratu zuen 2013ko eztabaida, baina horri aipamen zuzena egin gabe. Koldo Mitxelena euskaltzainaren hitz batzuk parafraseatuz honako hau esan zuen: «Gramatika egitean, laburrak beti etorri behar du zabala egin ondoren».
Amaierarik gabeko lana
Miren Azkarate kideak gogoratu zuen Salaburu Gramatika Batzordearen sorreratik ari dela bertan, eta nabarmendu zuen egun daudenek haren «hauspoagatik» jarraitu dutela taldean eta amaitu dutela atzo aurkeztutako lana.
Salaburuk azaldu zuenez, 1981ekoa da Euskaltzaindiaren gramatikaren lehen koadernoa. 1984tik 2011ra Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak izenburupean beste zazpi liburu eta gramatika labur bat kaleratu zituzten. 2011n proposatu zuten lan horiek denak «bateratzea, osatzea, aldatzea, laburtzea eta egokitzea». «Homologa daitekeen zerbait egitea, inguruko akademien gramatikekin konpara daitekeena». Izaera «deskribatzailea eta preskribatzailea» du. Arauak ematen ditu eta, aldi berean, norabide jakin bat markatzen du. «Eztabaidarako irekia» dagoen lan bat dela azpimarratu zuen Salaburuk.
Atal berri batzuk sartu dituzte; batzuetan «erroko» zuzenketak egin dituzte, eta «ikerketa sakonagoa behar duten atalak» sartu dituzte. «Gramatikaren ikerketa ez da inoiz amaitzen», esan zuen euskaltzainak. Terminologian eginiko batzuk aipatu zituen: adibidez, deklinabide kontzeptua baztertu dute, postposizio sistema hobetsita.
«Guk bete dugu hitza»
Euskaltzaindiaren gramatika aurkeztu du Gramatika Batzordeko buru Pello Salaburuk; ekarpenak egiteko epea zabalduko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu