Meliton Manzanas. ETAk berariaz egindako lehen hilketak 50 urte. Jose Javier Belza. Manzanasek torturatua

«Guk auzitara eraman genuen torturengatik»

BERRIA.
jokin sagarzazu
Andoain
2018ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
«Kalean gurutzatzen genueneko begirada hura barruraino sartzen zitzaigun. Gu guztion berri zuen. Edonon topatzen genuen, baina bereziki gogoan dut Antso Jakitunaren hiribidean zegoen kafetegi hartan, leihoaren ondoan zuen txokoan, jende guztia kontrolatzen. Norbaitek ikusten zuenean, panikoa zabaltzen zen: 'Meliton ikusi dut; han dago!'».

Jose Javier Belzak (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1945) bazekien noizbait «eroriko» zela haren eskuetan. Eta oso gazte zela egokitu zitzaion berari. EGI EAJren gazteen taldeko kide zen orduan Belza. Bera jaio eta gutxira, Kolonbiara egin zuen familiak. Hango «txokoetan» ikasten zuten euskal diasporako haurrek, eta han eginiko harremanen bidez hasi zuen «formakuntza politikoa».

Ikasketak jarraitzeko itzuli zen, Donostiako izeba baten etxera, eta orduan hasi zen «barruan»—Euskal Herrian— militatzen. «Orain begiratuta, txikikeriak ziren: elizetako dorreetan eta zubietan ikurrinak jartzen genituen, pintaketa batzuk egiten genituen Gora Euskadi eta horrelakoak jarriz; beste aldera [Ipar Euskal Herrira] pasatzen ginen propaganda bila, Zazpiak bat leloa zuten txapel batzuen bila... Egin genuen ekintzarik arriskutsuena izan zen San Sebastian egunean oraingo Konstituzio plazan ikurrin handi bat zabaltzea». Manzanasen eskuetatik pasatu eta denbora gutxira izan zen hori.

Garai hartan, ETAri buruz «zer edo zer» entzuna zuen Belzak. «Baina zehazki zer zen ez nekien». Ez berak, ezta Poliziak ere, 1966an atxilotu zutenean. «Propagandarena jakin nahi zuten: ea nor zen gure kontaktua Donibane Lohizunen, nola ekartzen genuen material hori... Baina ETAri buruz, ezer ez».

Amarako polizia etxera —Gobernu Zibilera— eraman zuten, eta han izan zuten inkomunikatua, hiru egunez. «Jende guztiak zekien hango sotoetan zer gertatzen zen». Belza ere gogor torturatu zuten. Manzanasen aginduetara zegoen polizia gazteen taldeak.

Atxiloketa horrekin loturik epaitu egin zituzten gero, Madrilgo TOP Ordena Publikoaren Auzitegian, eta zigortu egin zuten sei hilabeteko espetxe zigorrera. «Bakarra egin nuen».

Belzaren kasuak, baina, badu ezohikotik: bera eta berarekin atxilotutako batzuek auzitara eraman baitzuten Manzanas eta beste polizia bat —«Gonzalez deituriko bat»—, eta epaitu egin zituzten: «Lehenengo aldiz torturengatik». «Izugarria izan zen San Martin kaleko epaitegia nola zegoen ikustea; barrura sartzea debekatu zieten hara joandako herritarrei». Bi poliziaburuak ez ziren azaldu, baina: «Idatziz bidali zituzten alegazioak». Eta absolbitu egin zituzten. «Epaimahaiak argudiatu zuen zauriak gure artean izandako borrokaldi batean sortuak zirela, nahiz eta atxiloaldi osoan elkar ikusi ez eta une oro ziega ezberdinetan eduki gintuzten». «Bagenekien ez genuela epaiketa irabaziko, baina Meliton salatu beharra zegoen», azpimarratu du Belzak.

Ondorio zuzenak izan zituen horrek beregan: lehena, ikasle zela Donostiako banku batean zuen lanpostutik kanporatu zutela. «'Halako ideiekin, ez zara oso urrun iritsiko', esan zidan nagusiak». Gero, soldaduskan. «Gorriz markatuta zegoen nire izena; beraz, pentsa». Eta ikasketetan: «Ezin izan nuen jarraitu». «Bizitza izorratu zidaten, nahiz eta etxekoen babesa banuen».

Militatzen jarraitu bazuen ere, ez zen berriz pasatu Manzanasen eskuetatik. Eta, tortura saio horiek betiko «markatu» bazuten ere, oso gutxitan hitz egin du horretaz. «Ez dakit zergatik: aspaldiko kontuak iruditzen zaizkidalako edo ahaztu egin nahi dudalako». Nolanahi den, dudarik ez zuen egin Paco Etxeberriak deitu zuenean torturen ikerketan parte hartzeko. «Aspaldiko ezaguna dut, eta bazuen nire kasuaren berri».

CD batean jaso zuen Belzak kriminologia institutuko ikerlariei eginiko kontakizunaren audioa. «Ez dut inoiz entzun, baina nahi baduzu utziko dizut grabazioa; hor izango duzu, xehe-xehe, torturena». Baina ahalegina egin du berriz kontatzeko, labur: «Eskuak bizkarraldetik lotzen zizkidaten. Aulki batean eserarazi, eta orduan hasten ziren kolpeak. Begira egoten zen Manzanas, ispiluaren atzean edo aurrez aurre, baina ez ninduen jotzen. Galderak egiten zizkidan, eta tortura gehiagorekin egiten zidan mehatxu». Gonzalez deituriko polizia aipatzen duenero aldatzen zaio hizketaren tonua Belzari. «Bera zen gogorrena. Larruzko eskularru beltza jantzi, eta ostiaka hasten zen, gelditu gabe... Beste izenik ez dut gogoratzen, eta, Manzanas izan ezik, besteak ez nituen inoiz ikusi Donostian; nik uste dut Madrildik ekartzen zituztela».

Egun haietako «une gogorrena» izan zen izeba polizia etxera eraman zutenekoa. «Zuri-zuri nengoen, lehertuta, eskumuturrak apurtuta. Bera azaldu zen polizia bat ondoan zuela, eta zer moduz nengoen galdetu zidan. Ez genuen hizketan jarraitu, agerikoa baitzen zer egin zidaten». Izebarekin ez zuen inoiz gehiago gogoratu pasarte hori.

Eta inor gutxirekin gogoratu du. ETAk Mazanas hil zuenean «poztu» egin zela dio. «Badakit ez dela oso zuzena esatea pertsona bat hil zutelako poztu nintzela, baina hori ezkutatzen ibiltzea ere: ia alde guztietakoak poztu ziren!. Diktadura bateko poliziaburu sadikoenetako bat izan zen bera!». Ez daki orain «hau dena» gogoratzeak zertarako balio dezakeen, baina Etxeberriak-eta egindako lana txalotu du. «Tortura ez zen amaitu frankismoarekin, eta hori ere jakin behar da», dio. Bere «kasuarekin» badu «esperantza txiki» bat. Jose Maria Aznarren gobernuak Manzanasi emandako domina kentzea. «Ez genuen epaiketa irabazi; ea orain...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.