Joan den azaroaren 21ean jakinarazi zuten Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak murriztu zuela Urdaibaiko itsasertzaren babesa, Muruetako ontziolen eremuan (Bizkaia). Erabaki horrek bidea ireki zion Urdaibain eraiki nahi duten Guggenheim museoaren egitasmoari: izan ere, Kosta Legeak Muruetako eremuan itsasertzetik 100 metro baino gutxiagora eraikitzea eragozten zuen, baina, aldaketaren ostean, hogei metrora murriztu zen babes esparru hori. Orain, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak iragarri du auzitara eramango duela erabaki hori.
Plataformak salatu duenez, Kostaldeko eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiak txostenak eskatu dizkie babes eremua kudeatzeko ardura durten erakundeei, hots, Muruetako Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailari, baina erakunde horiek ez dute txostenik aurkeztu, eta eremu hori urbanizagarritzat jotzen duen udal plano bat izan dela aldaketa egiteko aintzat hartu duten agiri bakarra.
Aldaketaren ebazpenak urriaren 19ko data du, baina plataformak susmoa du erabakia askoz lehenago hartuta zegoela, eta udan zenbait hedabidetan agertutako informazioak aipatu ditu horren erakusgarri. Aldaketa «Guggenheim Urdaibai proiektua prestatzen ari diren sukalde berean» negoziatu dela uste du plataformak, «aldaketa egin ezean ezinezkoa bailitzateke proiektu hau osorik gauzatzea».
Gune zaurgarria
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak gogorarazi du esparru hori biosfera erreserbako gunerik kalteberena dela, eta babes eremu izendatua dela, habitat eta espezieen kontserbazio eta errestauraziorako. Halaber, agintariek «naturarekin erakutsitako mespretxu eta arduragabekeria» salatu du: «Babes neurriak nahien arabera moldatzen badituzte, zertarako da ingurumen babesa?».