Harri berarekin trabatzeko arriskua izaten du gizakiak. Boterean direnek ingurumenaren babesa oztopo badute proiektu bat aurrera eramateko, badakite legea, arauak edo planoak bihurritu ditzaketela, euren azken helburua lortzeko. Urdaibain izan da azken adibidea. Espainiako Gobernuak erabaki du Muruetako ontziolari –Urdaibaiko itsasadarrean dago– ingurumen babesa apaltzea, han egin nahi duten museoa eraiki ahal izateko. Orain arte, itsasaldetik ehun metro baino gutxiagora ezin zen ezer eraiki, baina Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak erabaki du gutxieneko distantzia hori 80 metro txikitzea. Kosta Legeak dio ezin dela ezer eraiki itsasotik ehun metrora, legea onartu aurretik urbanizagarria zen toki batean ez bada behintzat. Lehen, Muruetako inguru hori ez zen urbanizagarria. Orain, Madrilek esan du badagoela udal plano bat eremu hori urbanizagarri izendatzen duena. Plano hori zer kaxoitatik atera ote du? Zaila da ulertzea atzo arte 100 metroraino babestea merezi zuen hori zergatik ez den babestu beharrekotzat jotzen gobernuko alderdiak presidentea izendatzea lortu eta astebete eskasera.
Guggenheim museo berria egitearen aldeko saiakera horrek gogora ekartzen du Itoizko urtegia eraikitzeko prozesu gatazkatsua. Kasu hartan ere baziren gune babestuak: Txintxurrenea, Gaztelu eta Iñarbeko zintzurrak... Saiatu ziren haiek urez itotzen, baina, auzitegiek galarazi egin zutenez, agintariek erabaki zuten legea aldatzea, eta, hala, aldez aurretik indarrean zen ingurumen babesa deuseztatu zuten orduan ere. Itxura du epaileek zeresana izango dutela Urdaibain ere, ekologistek iragarri baitute auzitara joko dutela babes eske. Galdera hau pizten baita, aldiro-aldiro: zertarako da ingurumen babesa, traba egiten duenean aukera baldin badago agintarien garaian garaiko apetaren arabera jarri eta kentzeko?