URDAIBAIKO BIOSFERA ERRESERBAK 40 URTE

Guggenheim, eskualdeko azken asaldatzailea

Urdaibaiko Guggenheimen proiektuak haserrea sortu du eskualdean hasieratik. Espainiako Gobernuak Kosta Legea museoaren mesedetan moldatu izana legez kontrakotzat jo dute.

Urdaibain egiteko asmoa duten Guggenheim museoaren aurkako protesta, urrian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Urdaibain egiteko asmoa duten Guggenheim museoaren aurkako protesta, urrian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Urdaibai biosfera erreserba bat bada ere, eta, eremu batzuek babes maila handia izan arren, arazorik ez da falta eskualdean. Udan ugaritu egiten da biztanleria Busturialdean, eta, beraz, ur eskaria asko handitzen da; horri baso kudeaketa gehituz gero, hala azaldu daiteke ia udaro edateko ur hornidura arazoak izatea. Batzuetan, kanpotik ekarri behar izan dute ura, kamioietan edo itsasontzietan, eta murrizketak egin behar izan dituzte kontsumoan. Bada, jada tentsio handiko eremua den eskualde horrek asaldatzaile handi bat izan du azkenaldian: Guggenheimek bertan museo bat egiteko duen asmoa.

Proiektuak hasieratik sortu du haserre handia herritarrengan, eta hainbat mugimendutan gorpuztu da aurkakotasun hori, proiektua gelditzeko asmoa duen sare bat eratuta. Horren adibide dira Guggenheim Urdaibai Stop eta Guggenheim Ez, baina eskualdean historikoki egon diren ingurumen elkarteen agendan ere garrantzi handia hartu du proiektuak.

Hala ere, proiektua ez da berria. 2018an adierazi zuen Juan Ignacio Bidarte Guggenheimeko zuzendariak beste museo bat irekitzeko leku bila zebiltzala Busturialdean; baina atzerago joanda, Guggenheim Urdaibai Stop taldeko kide Eider Gotxik azaldu moduan, 2008. urte inguruan ere asmo horiek zituzten, nahiz eta hozkailuan sartu zuten, krisiagatik bereziki. Gutxinaka, proiektua garatuz joan dira, bereziki Bizkaiko Foru Aldundiaren eta eskualdeko hainbat udalen laguntzarekin. Espainiako Gobernua ere aliatu dute, iaz Kosta Legea aldatu baitzuen, Muruetan (Bizkaia) kosta- errotik 100 metrora zegoen babesa 20 metrora pasatuz.

«Gaur egun indarrean dauden legeak eta hitzarmenak kontuan hartzen baditugu, proiektua legez kanpo egongo litzateke»

EIDER GOTXI Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea

Guggenheim Urdaibai Stop taldeak, Zain Dezagun Urdaibaik eta Greenpeacek justiziara jo dute erabaki horren kontra, legez kanpokoa dela arrazoituz. Izan ere, Espainiako Kosta legea urratzeaz gain, Europako legediaren kontra ere badagoela uste dute, Natura 2000 Sareko eremua baita. «Gaur egun indarrean dauden legeak eta hitzarmenak kontuan hartzen baditugu, proiektua legez kanpo egongo litzateke».

«Proiektu alboraezina»

Gotxiren arabera, Bizkaiko aldundiak baieztatu die eurentzat Guggenheim museoaren proiektua guztiz «alboraezina» dela. Hala azaldu zuen Kosta Legea moldatu zenean Bizkaiko aldundiko orduko bozeramaileak, Leixuri Arrizabalagak: «Berri ona da, proiektua aurrera doala eta aurreikusitakoaren arabera garatuko dela erakusten baitu».

Muruetako ontziola dagoen inguruari eragingo dio, «estuarioaren bihotza», Gotxiren hitzetan. Inguru hori trenbideak eta ibaiak mugatzen dute, eta, legea aldatuz, «80 metro irabazi dituzte, museo bat eraikitzeko espazioa». Horrez gain, gogorarazi du udal batzuek ere hirigintza planak aldatu dituztela museoa egin ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.