Gudarien hilotzak ateratzeko planak adosteko eskatu diete erakundeei

Arecesen hil zituzten gudariei omenaldia egin diete; exhumazioetan elkarteen iritzia aintzat hartzeko eskatu dute

Arecesen hildako gudariak gogoratu zituzten atzo CNTk, EPK-k eta Eusko Lurra Fundazioak. BERRIA.
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
36ko gerran hil zituzten euskal herritarren hobirik handienean izan ziren atzo dozenaka herritar, Arecesen (Asturias, Espainia). Nalon ibaiaren ertzean hil zituzten 290 euskal herritar inguru, gerrara bidalitako bi brigadatako kideak. Erakundeek proiektu bat badute esku artean han hobiratuta dauden hilotzak ateratzeko, eta zeregin horretan tentuz jarduteko eskatu zuten CNTk, EPK-k eta Eusko Lurra Fundazioak. Protokoloak elkarteekin adostea nahi dute. «Egia, justizia eta erreparazioa behar dira deshobiratzeak egiten direnean», ohartarazi dute.

1937ko otsailekoak dira gertaerak. Eusko Jaurlaritzak bi brigada igorri zituen Asturiasera: Kandido Saseta komandantearen aginduetara jarri zuten bat, EAE-ANVko, EAJko eta UGTko batailoiek osatua; bestea Benito Reholak zuzendu zuen, anarkistak eta komunistak kide zituela. Nalon ibaiaren inguruan izan zituzten borrokak frankistekin, eta hilketa handiak gertatu ziren. Atzoko ekitaldian gogorarazi zutenez, historialariek uste dute hamar mila errepublikar inguru hil zirela Oviedo inguruan; haietatik 290 inguru euskal herritarrak ziren.

Nalon ibaiaren inguruan egin zuten atzoko ekitaldia ere, dozenaka eta dozenaka euskal herritar hil zituzten lekuan. Euriagatik, ordea, iragarritako ekitaldi batzuk egiterik ez zuten izan. Valdunoko elizaren aterpean bildu ziren ekitaldi nagusirako. Besteak beste, EAE-ANVren Eusko Indarra batailoiko Sansinenea kapitainaren semeak hitz egin zuen; Arecesen aitak idatzitako izkribu bat irakurri zuen. Lore sorta bat ipini zuten ibai gaineko zubian.

Erakundeen proiektua

Euskaldunen Zelaia esaten dioten leku batean daude hobiratuta gudarien gorpuzkiak. Arecesen bada jendea hobiak non dauden badakiena, eta orain bost urte atera zuten Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandante zenaren hilotza. Jaioterrira eraman zuten, Hondarribira (Gipuzkoa).

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten abendu amaieran, hobi komun horretan dauden euskal herritarren hezurrak berreskuratzeko helburuarekin. Haien arabera, ehun hilotz baino gehiago daude; gipuzkoarrak ziren gehienak. Hobiak ireki, hezurrak atera, identifikatu eta Euskal Herrira itzultzea da erakundeen asmoa. Hildakoen senideekin hitz egingo zutela nabarmendu zuten, nolanahi ere, eta elkarteak ere kontuan hartuko zituztela.

Erakundeen asmoekin kezka agertu zuten talde horiek atzo. «Kontu handiz heldu beharreko gaia» dela irizten diote, eta erakundeek «harreman iraunkorra» izan beharko luketela memoria historikoa lantzen ari diren elkarteekin. «Haiei dagokie hildako militanteen nortasun eta izaera soziopolitikoa defenditzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.